Clara Bilbao

Hidrogenoa biltegiratzeko eta garraiatzeko teknologia berriak

ONTZHI proiektuak hidrogeno gasa biltegiratzeko eta garraiatzeko material berriak eta hidrogenoak biltegiratze- eta garraio-azpiegiturako materialekin duen interakzioa ezaugarritzeko metodo berriak garatzen ditu

GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance – BRTAko kide, “Hidrogenoa biltegiratzeko eta garraiatzeko funtsezko teknologiak, ONTZHI” proiektuan parte hartzen du. Proiektuaren helburua hidrogenoa biltegiratzeko eta garraiatzeko teknologia eta konponbide seguruagoak, trinkoagoak, errentagarriagoak eta jasangarriagoak ikertzea da.

Europar Batasunaren helburua 2023rako berotegi efektuko gasen isuriak % 55 murriztea da, eta 2050erako emisioen neutraltasuna lortzea. Hidrogeno berdea erabiltzea irtenbide bat izan daiteke; izan ere, % 100 garbia den energia-iturria da, energetikoki eraginkorra da, ez du gasik sortzen, eta sortzen duen hondakin bakarra ura da. Baina, horretarako, biltegiratze eta garraio segurua eta errentagarria izan behar da eskala handian, lehiakortasun ekonomikoa bermatu ahal izateko.

Gaur egun, hidrogenoa presiopeko gas moduan biltegiratu eta garraia daiteke tanga eta hodietan, edo likido egoeran tanga kriogenikoetan. Hala ere, bere propietate fisikokimikoak direla eta (beste erregai batzuen propietateetatik nahiko desberdinak dira), zaila da teknologia horiek garatzea, eta ikerketan aurrerapenak egin behar dira, hidrogenoa garraiatu eta biltegiratzeko azpiegiturak garatzeko.  

Egoera horri erantzuteko, 2023an ONTZHI proiektua jarri zen martxan, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta (ELKARTEK programa). Proiektu horren helburua hidrogenoa biltegiratzeko eta garraiatzeko konponbideak bilatzea da, eta, horretarako, material berriak eta materialak elementu kimiko horren efektu degradatzailetik babesteko estrategia berriak garatzen ditu.

Proiektuaren bidez, tanga eta hodietako materialen erresistentzia hobetu, pisua eta kostua murriztu, biltegiratze- eta garraio-sistemen segurtasuna eta jasangarritasuna handitu, eta material metalikoek hidrogenoarekiko interakzioan dituzten mugak ikertu eta haiei buruzko ezagutza sortu nahi da. Horren ondorioz, bi erakusle garatuko dira laborategiko eskalan: bata, hidrogenoko babes-estaldurena, eta, bestea, polimero birziklagarriez egindako IV motako H2 biltegiratze-tangarena. Horrez gain, ezaugarritze-metodo sinplifikatuak definitzeko eta garatzeko erabiliko den eredu konputazional bat ere garatuko da.

GAIKERek, nagusiki, mugikortasun-tangetarako soluzioak ematen ditu. Alde batetik, hidrogenoaren aurrean hesi-propietateak dituzten in situ polimeriza daitezkeen material termoplastikoak diseinatzen eta ikertzen ditu, IV motako hidrogeno-tangak egiteko, rotomoldeaketaren bidez linerrak eginez eta filament winding bidez inguratzailea eginez. Eta bestetik, tape formatuko konposite termoplastikoak diseinatzen eta ikerketzen ditu, tape winding robotizatuaren teknologiarekin inguratzaileak egiteko.

ONTZHIk Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak (ZTBES) eta euskal enpresek hidrogenoaren sektorean duten jarrera zientifiko, teknologiko eta komertziala hobetu nahi du, eta, bereziki, hidrogeno berdea garraiatzeko eta biltegiratzeko teknologiei dagokienez.


Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak diruz lagundutako proiektua (ELKARTEK 2023 programa).

GAIKER, Ezagutza Transferitzeko Bulego gisa erregistratua

I+G+B jarduerak eta ezagutzaren transferentziaren jarduerak transferentzia-funtzioak egiten dituzten unitateak sortzea bultzatu dute, “Ezagutza Transferitzeko Bulegoak” (OTC) deiturikoak.

OTCen eginkizuna, alde batetik, I+G+B arloan jakintza sortzen dutenen eta industria eta gizartearen arteko harremanak ezartzea da; eta bestetik, ezagutzaren transferentziatik emaitza ekonomiko eta sozialak lortzea.

GAIKERek egitura horren parte izan nahi du, eta OTC gisa erregistratu da, transferentzia eta hedapen teknologikoa bultzatzeko, I+G+B sustatzeko eta inguruko industria eta gizartearekin komunikazioa eragiteko.

OTC-GAIKERek I+G+Baren kudeaketa eta garapena lehiakortasun eta garapen teknologiko tresna gisa bultzatu nahi du enpresen artean, proiektuak burutzen, eta Zentroan garatzen ditugun jardueretan parte hartzea sustatuz.

Gure eginkizunetako batzuk:

  • I+G+Bko emaitzak babestea
  • Ikerketaren emaitzak ustiatzea
  • Erakunde publiko eta pribatuak elkarlanean ikertzea, I+G+B zerbitzuak eta zerbitzu teknologikoak kontratatzea.
  • Ezagutzan oinarritutako erakundeak sortzea sustatzea.
  • Ezagutza gizartean zabaltzea.

Hondakin plastikoen balorizazioa compounding bidez

Propietate zehatzak dituzten polimeroak lortzeko eta material birziklatuak balorizatzeko compounding teknologia

GAIKERen propietate zehatzak dituzten polimeroak lortzeko eta industria osteko, kontsumo aurreko eta kontsumo ondoko material birziklatuak balorizatzeko compounding teknologia dugu.

Material birziklatuaren ehunekoak dituzten grantzak sortzen ditugu, gero eta sektore gehiagok eskatzen baitute azken produktuak fabrikatzeko lehengaietan material horiek sartzea.

>> Gehiago jakiteko

GAIKER IFAT 2024an egongo da

Aclima, Basque Environment Clusterreko beste kide batzuekin batera, GAIKERek ingurumen teknologiaren arloan dituen zerbitzu aurreratuak ezagutaraztea du helburu

GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide, Ingurumenaren Euskal Klusterrak IFAT 2024an (Europako ingurumenaren industria teknologikorako feria aitzindaria) duen nazioarteko misioaren parte da.

Aclimak IFAT 2024rako antolatu dituen jardueren artean showroom espazio propioa dago taldeko stand barruan.

Gainera, trantsizio ekologikoaren erronketarako ingurumen-soluzio aurreratuak (#BasqueGreenTech) eskaintzen dituzten berrikuntza tekniko eta teknologien garapenean Euskadiko ingurumen-sektoreak egiten dituen ahaleginen adibide diren ingurumen-teknologiak hedatzen jarraitzeko, “Ingurumen-sektoreko euskal enpresen nazioarteko gaitasunak” jardunaldia egingo da ostegunean 16, 10:30etan.

Ekitaldia IFATeko A51-A52 Hall A4 aretoan izango da eta euskal administrazio publikoko zenbait ordezkarik eta nazioarteko hizlariek parte hartuko dute. Eusko Jaurlaritzak ekitaldia ireki ondoren eta Aclima, Basque Environment Clusterreko zuzendari nagusi Olga Martínen hitzaldi labur baten ondoren, enpresentzako blokearen txanda izango da. Etenaldi baten ondoren, jardunaldiak Bundesverband der Deutschen Industrie erakundeko Inken Carinaren (Senior Manager BDI – Initiative Circular Economy) hitzaldiarekin jarraituko du, eta amaitzeko, Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak ekitaldia itxiko du. Arratsaldean enpresek B2B saio batzuetan parte hartuko dute.

Aclima, Basque Environment Cluster

Ingurumeneko euskal klusterrak nazioarteko misio hau bultzatu du, eta bere kideetatik 21 horretan parte hartuko dute (horien artean GAIKER). Misioak IFAT 2024 du helmuga, Europako ingurumen teknologia industriaren erreferentziazko feria eta topagunea, maiatzaren 13tik 17ra, Munich-en (Alemania). Standaren helbidea: C3.147/246.

Aclimaren nazioarteko misioak Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Ihobe, Spri eta BasqueTrade & Investment sozietate publikoen bidez, eta gainera Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere jaso du.

Ikusmen hiperespektrala eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sailkatzeko

ICEBERG europar proiektuak ikusmen hiperespektrala eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak automatikoki sailkatzeko eragiketa konplexuak egiteko bideragarria dela egiaztatu du.

Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kide den GAIKER Zentro Teknologikoak parte hartzen duen ICEBERG proiektu europarra amaierara iritsi da, eta emaitza garrantzitsuak lortu ditu.

Hondakin guztien herena baino gehiago diren eraikuntza eta eraispen hondakinentzako (RCD) konponbide bat aurkitzeko, eta hondakin horien zirkulartasuna lortzeko (berreskuratzea eta birziklatzea, eta produktu jasangarriagoak garatzea), 2020an lau urteko ikerketa hau hasi zen, Europako 10 herrialdetatik etorritako 35 kideko partzuergoak egindakoa.

Kide horietako bat GAIKER da, identifikazio eta bereizketa automatikoko teknologien garapenean aditua. GAIKER ikusmen hiperespektraleko tekniketan eta aldagai anitzeko datuen analisian oinarritutako konponbide teknologiko aurreratu bat ikertzeaz arduratu da, eraikuntza eta eraispen hondakinen hainbat fluxutan dauden baliabide materialak berreskuratzeko, gero eraikuntzarako produktu berriak egiteko.

Zehazkiago, harrien nahasteen (hormigoizko eta zeramikazko agregatuak), igeltsuzko plaken hondakinen (igeltsuzko plaka araztea, beste material batzuetatik bereiziz) eta apar isolatzaileen nahasteen (PUR eta PIR) identifikazio eta sailkapen automatikoan erabiltzeko ikusmen hiperespektraleko teknika ikertu du.

Azterketa-kasu horietako bakoitzerako, ikaskuntza-algoritmo gainbegiratuetan oinarritutako sailkapen automatikoko eredu espezifikoak garatu eta ebaluatu dira. Algoritmo horiek, materialen aztarna hiperespektralen azterketatik abiatuta, denbora errealean zehazten dute materialak zein klasetakoak edo kategoriatakoak diren, eta, horrela, gero frakzio ezberdinetan bereizi ahal izango dira.

Laburbilduz, ikusmen hiperespektrala (aldagai anitzeko datuak aztertzeko tresnetaz baliatuz) eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak automatikoki sailkatzeko eragiketa konplexuak egiteko bideragarria dela egiaztatu da. Horrela, % 90eko purutasuna duten berreskuratutako materialen frakzio berriak sortuko dira, eta horri esker, ziklo ekonomikoan bigarren mailako lehengai gisa sartuko dira berriro, balio erantsiko produktuak egiteko.

Informazio gehiago: https://iceberg-project.eu /

 Proiektu honek Europako Batzordearen Horizon 2020 ikerketa- eta garapen-programaren finantzaketa jaso du, 869336 zenbakidun kontratuaren pean.
Prentsa-ohar honek egileen ikuspuntua baino ez du islatzen; ez agentzia ezta Batzordea ere ez dira informazio horren erabileraren erantzule.

PREBIO2 proiektua: Bioplastiko jasangarriak garatzeko berrikuntza

CO2 emisioak eta biomasa polimero biodegradagarri eta berriztagarri berriak ekoizteko.

Plastikoek funtsezko zeregina dute gizarte modernoan, baina ingurumenean eta kliman ere eragin nabarmena dute. EBk baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen dituen eta klimatikoki neutroa den ekonomia zirkular baterantz egin nahi duen trantsizioak, zero kutsadura lortzeko anbizioarekin batera, plastikoak nola ekoizten, erabiltzen eta bizitza baliagarriaren amaieran nola kudeatzen diren birpentsatzea ekarri du. Inguru horretan, oinarri biologikoa duten plastiko biodegradagarriak eta konpostagarriak alternatiba gisa agertzen ari dira gure eguneroko bizitzan. Gaur egun urtero ekoizten diren 400 milioi tona plastikoaren % 0,5 baino ez dira (2,3 MT), baina Plastics Europe erakundearen iritziz, jatorri fosileko plastikoak lehengai birziklatu eta berriztagarriekin egiten den plastiko zirkularrekin ordezkatzea pixkanaka egingo da; 2030ean % 25 eta 2050ean % 65 izan daiteke, politika egokiak eta plastikoaren sektorean berrikuntza proiektuak garatzeko laguntza badaude.

Bestalde, Europako asmo handiko helburu klimatikoak lortzeko, C02ren emisioak nabarmen murriztu behar dira datozen urteetan. Nahiz eta energia-eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan inbertituz asko lor daitekeen, gero eta garrantzitsuagoa da CO2a harrapatzea, biltegiratzea eta lehengai gisa erabiltzea ahalbidetuko duten teknologiak izatea. Hori bereziki garrantzitsua da isurketak murriztea zailagoa den sektoreetan, hala nola zementuan eta hondakinen balorizazio energetikoan. Neutraltasun klimatikoaren helburuak betetzeko, EB prest egon beharko da urtean gutxienez 50 milioi tona C02 harrapatzeko 2030erako, 80 milioi tona 2040rako eta 450 milioi tona inguru 2050erako. Bi erronka horiek kontuan hartuta, PREBIO2 "Co2-rekin egindako polikarbonato berriztagarriak, BIOdegradagarriak eta BIObateragarriak EAEko sektore estrategikoentzat" proiektuak polimero biodegradagarri eta berriztagarri berriak garatzeko helburua izan du, CO2 isuriak eta biomasa lehengai gisa erabiliz. Proiektuan GAIKER zentro teknologikoak (Basque Research & Technology Alliance-eko (BRTA) kidea), TECNALIAk (liderra), UPV/EHUk, BCMaterials-ek, NEIKERek eta ACLIMAk parte hartzen dute.

PREBIO2ek polikarbonatoen sintesiari buruz ikertzen ari da, CO2 lehengai duen plastiko mota bat, eta baita plastiko horiek nola prozesatu eta nekazaritzarako, osasunerako eta elektronika inprimaturako nola erabili ere ikertzen ari da. Polikarbonato gehienak ez dira berriztagarriak ezta biodegradagarriak, eta A bisfenoletik (BPA) eratortzen dira. EFSA European Food Safety Agency erakundeak egindako azken azterketen arabera, substantzia horrek giza osasunean eragina izan lezake.

Proiektu honetan honako hauek garatu dira:
● Adimen Artifizialeko ereduak, materialen diseinu molekularraren arabera (monomeroen egitura) euren ezaugarri makroskopikoak (polimeroak) aurreikusi ahal izateko. Kasu honetan, AAren ekarpenik garrantzitsuena esperimentazio denborak nabarmen murrizten dituela da, eta horrek benetako iraultza ekarriko du material berrien diseinuan.
● CO2tik abiatuta, zenbait polikarbonato mota sintetizatzeko prozesuak.
● Estrusioaren eta 3D inprimaketaren bidez plastikoak eraldatzeko prozesuak, nekazaritzarako filmak eta pieza biodegradagarriak egiteko.
 ● Sentsoreak fabrikatzeko CO2rekin egindako polikarbonatozko konpositeak eta ikatz-betegarriak.
● Garatutako materialek zitotoxikotasunik ez dutela baliozkotzea, horrela osasun arloan erabiltzeko atea irekiz.

Proiektuan irekitako ikerketa-ildoekin jarraituz eta PREBIO2ren emaitzetan oinarrituz, enpresen lehiakortasuna hainbat modutan hobetzeko aukera sortzen da: produktuen ekodiseinua, ekoizpen-prozesu jasangarriagoen garapena, lehengai fosilen kontsumoa murriztea eta CO2 isuriak zuzenean murriztea. Horrela, Europako trantsizio ekologikoko helburuekin bat etorriko dira enpresak, egungo ekoizpen-ereduetan aldaketa sakona eragingo baitute.

600.000 eurotik gorako aurrekontuarekin eta 2 urteko iraupenarekin, PREBIO2k Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Elkarlanean egindako Ikerketarako laguntza-programaren (Elkartek) finantzaketa jaso du.

GAIKERen zeregina
GAIKER Zentro Teknologikoak, polimero funtzional, jasangarri eta oinarri biologikoko polimeroetan oinarritutako materialen eta aplikazioen garapenean aditua denak, % 100 berriztagarriak diren polikarbonato berrien compounding teknologien bidezko formulazioan lan egiten du ikerketa honetan, helburu diren erabileretarako behar diren eraldaketa eta funtzionaltasun prozesuetara egokitzeko. Era berean, polikarbonato berriekin 3D inprimaketa eta estrusio teknikak ikertzen ditu, nekazaritzan erabiltzeko xafla eta film biodegradagarriak edo ezaugarri eroaleak eta piezorresistiboak dituzten sentsoreak egiteko.