Gure konponbideek garapen teknologikoa eta enpresen lehiakortasuna bultzatzen dute.

Sektore aeronautikoan, materialen pisua funtsezkoa da, bai eraginkortasunagatik bai segurtasunagatik. Sektore horren eskakizunak betetzeko, material konposatuak oso egokiak dira, eta gainera material horiek nekea eta korrosioa hobeto jasaten dute.
Hala ere, lehengaiak eta ekoizpen-prozesuak ohiko materialenak baino garestiagoak dira, eta horregatik ekoizpen-prozesu merkeagoak ikertzen ari gara.
Clean Aviation Europako Batzordeak babestutako elkarte publiko-pribatua da, ingurumenari eragiten ez dion hegazkintza lortzeko. Testuinguru horretan, material arinak eta ingurumen-aztarna txikia uzten dutenak ikertzen eta garatzen ari dira, eta horiek etorkizuneko eraikuntza aeronautikoan funtsezko zeregina izango dute.

Energia aurrezteko eskaera gero eta handiagoa da, eta, horren ondorioz, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena duten garraiobide eraginkorrak garatzen ari da, kontsumoa murriztuz, energia-iturri berriztagarriak erabiliz, eta pisua txikituz. Era berean, gero eta garraiobide seguruagoak eta erosoagoak lortu nahi dira, kalitate, diseinu eta prestazio onekin, eta prezio lehiakorrekin.
Europar Batasunean fabrikatzaileak CO2 emisioak % 27 murriztera behartuta daude. Gainera, 2015eko Plastikoen Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren arabera, fabrikatzaileek ibilgailuak osatzen dituzten materialen % 85 berrerabili behar dute, gainerako % 10 energia sortzeko erabili behar dute, eta % 5 bakarrik bota dezakete zabortegira.

Hondakinek dituzten baliabideak aprobetxatzea gizartearen eta industria-sarearen eskakizun bat da; izan ere, gaur egun, materialen eskasia, prezioen igoera eta lehengai asko kokatuta dauden inguruneen konplexutasuna pairatzen ditugu.
Horretarako, ekonomia zirkularra eta “0” isurketa helburu nagusitzat jarri dira. Sektoreak materialak bereizteko teknologia aurreratuak behar ditu, hondakin-korronteetatik eratorritako frakzioei kalitate egokiak emateko, hondakin plastikoak kimikoki birziklatzeko metodo berriak ere behar ditu, monomeroak eta produktu kimikoak lortzeko, eta azkenik, trazabilitatea ziurtatu behar du. Hondakinak tratatzeko zenbait konponbide, prozesu eta teknologia egon behar dira, hondakin-korronte edo -fluxu ezberdinetara, industria-ingurune bakoitzera eta tokiko baldintzetara egokitu ahal izateko.

Dermokosmetika etengabe aldatzen ari da eta aldarrikapen berriak sostengatzen dituzten ikerketak eskatzen ditu. Sektore honetako enpresek kalitatezko emaitzak azkar lortu nahi dituzte. GAIKERen, industria farmazeutikoari buruz ditugun ezagutzak egokitu ditugu, dermokosmetika-industriari kalitate handiko zerbitzu zientifikoa emateko, sektore horretan gero eta gehiago baloratzen baitira osagai aktiboen eta azken produktuen propietateak frogatzen dituzten ikerketa zientifiko zorrotzak. Markaren irudia eta lehiakideengandik bereiztea, bai eta bezeroen konfiantza ere, neurri handi batean, ikerketa horien mende daude.

Elikagai-sektorea gero eta zorrotzagoa da kontsumitzaileari elikagai seguruak eta osasungarriak eskaintzeko, eta horretarako gero eta baliabide eta datu zientifiko fidagarri gehiago behar ditu.
Alde batetik, landareen, animalien edo gizakien osasunari eta produktuen kalitateari eragin diezaieketen patogenoak aurkitzeko eta kontrolatzeko tresnak behar dira.
Bestalde, elikadura osasungarriaren eta osasun onaren artean dagoen lotura estua dela eta, merkatuak gero eta ikerketa zientifiko gehiago eskatzen ditu elikagaien eragin onuragarri eta osasungarriari buruz.

Eraikuntzak eta eraikinen erabilerak eragin handia dute ingurumenean: kontsumitutako energia, berotegi-efektuko gasen emisioak, erauzitako materialak, ur kontsumoa eta sortutako hondakinak.
Material plastikoak eta konpositeak erabiltzeak konponbide arkitektoniko berriak eskaintzen eta eraikuntza eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzen laguntzen du. Isolamenduek, lurrun-hesietarako film plastikoek eta fatxada aireztatuek etxebizitza bat berotzeko edo hozteko behar den energia murrizten laguntzen dute. Material polimerikoak egitura arkitektonikoetan, hodietan, margoetan eta estaldura estetiko eta funtzionaletan erabiltzen dira, eta gero eta gehiago obra zibilean.
2020. urtetik, Europar Batasunak hondakinen kudeaketa jasangarrirako estrategia hartu du. Esparru horren barruan, Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinen (RCD) % 70 balioztatu beharko da.

Sektore farmazeutikoak kolaboratzaile dinamikoak eta zorrotzak behar ditu, osagai aktibo eta produktu berrien ikerketan eta garapenean konponbideak eta laguntza emateko, eta garapenaren etapetan (klinika aurrekoetan eta fase klinikoetan ere) horien segurtasuna frogatzen duten azterketak egiteko ere.
GAIKERen, azken belaunaldiko tresnak eta ekipoak ditugu, eta, horiei esker, bezeroak printzipio aktiboen (API) eta formulazioen (prototipoak edo azken produktuak) I+Grako dituen beharretara egokitzen diren saiakuntzak egiten ditugu.

Ingurumen-sektorean teknologiak eta konponbideak behar dira, etapa goiztiarretan prozesuen edo lekuen egoeraren diagnostikoa egiteko, eta baita aurkitutako arazoak kudeatzeko eta konpontzeko ere. GAIKERen, ingurumen-sektoreari laguntzen diogu, lurzoruen, azaleko eta lurpeko uren, prozesuen, eta materialen osasuna ebaluatzeko teknologiak, eta horiek arazteko eta konpontzeko tratamenduak garatuz.

Ontzi eta bilgarrien industria oso dinamikoa da, industriako balio-kate guztien merkaturatze-katean funtsezkoa delako.
Ontziek produktua erabiltzailearengana segurtasunez, eraginkortasunez eta osasun baldintzetan iritsiko dela bermatu behar dute. Gizartean eta legean eman diren aldaketak direla eta, diseinu berriak, fabrikatzeko eta banatzeko modu berriak eta ontzi berritzaileak behar dira; hozterik behar ez dutenak, birziklagarriak, karbono-neutroak, ingurumeneko eraginak murrizten dituztenak, eta baita iturri naturaletatik egindakoak ere.

Osasunaren mundua oso zabala da eta oso behar ezberdinak ditu. GAIKERen sektore horretako konpainiei konponbideak eta I+Grako laguntza eskaintzen dizkiegu; adibidez, markatzaile edo diana interesgarriak detektatzeko sistemak garatzea, edo medikamentuak eta gailu medikoak garatzen laguntzea. Ezagutza, esperientzia eta azken belaunaldiko tresnak eta ekipoak ditugu jarduera horietan balioa gehitzeko, bezeroen beharretara egokituz.

Trenbide-eraikuntzan material polimerikoak erabiltzeak, bereziki konpositeak, diseinua eta pisua hobetzen ditu.
Beira-zuntzezko konpositeak barneko osagaiak (estaldura-panelak, leiho-moduluak eta eserlekuak, besteak beste) eta egitura-osagaiak (aurrealdeak, zoruak eta sabaiak) egiteko erabiltzen dira. Elementu horiek arinak dira eta korrosioarekiko erresistentzia handia dute. Normalean, material monolitikoak eta sandwich motakoak erabiltzen dira, beren egitura-erresistentzia, zurruntasuna, isolamendua eta pisu txikiagatik.
Trenbide-eraikuntzako material guztiek EN 45545 estandarra bete behar dute, hau da, ibilgailuak eraikitzeko materialek bete behar duten suarekiko portaera arautzen duen Europako araudia. Lehentasuna pertsonen segurtasuna da eta, horregatik, materialek sukoitasun, erregaitasun, tanta bidezko fusio, ke isurpen eta isuritako gasen toxikotasun baldintza zorrotzak bete behar dituzte.
Elkarrekin lan egitea nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan
Merkatuko arduraduna
Merkatuko arduraduna
Merkatuko arduraduna