Clara Bilbao

IFAT 2026n parte hartuko dugu Aclimarekin batera

Maiatzaren 4tik 7ra, GAIKERek, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea, IFATen parte hartuko du. IFAT ingurumen sektoreko nazioarteko azoka nagusia da eta aurten Munichen izango da.

Zentro teknologikoa Aclima-Basque Environment Cluster-en standean egongo da. Bertan, 20 bazkide bilduko dira Euskadiko ingurumen-ekosistema indartzeko helburuarekin. Gune hori erreferentzia-puntu bihurtuko da, eta bertan, parte hartzen duten enpresen konponbideak eta gaitasunak ezagutaraziko dira, ekitaldiak eta aurkezpenak egingo dira, profesionalek elkar ezagutuko dute, eta elkarlana sustatuko da bezeroekin, beste enpresekin eta sektoreko funtsezko eragileekin.

Aurtengo edizioan, GAIKERek birziklapen eta ekonomia zirkular arloan duen teknologia aurkeztuko du, eta konponbide berritzaile eta jasangarriekin duen konpromisoa erakutsiko du.

IFAT ingurumen-teknologiei buruzko nazioarteko plataformarik handiena da, batez ere ur, birziklapen ea ekonomia zirkular arloetan. Konponbideak aurkezteko lekua izateaz gain, ekitaldian mundu osoko sektoreko ordezkari nagusiek ezagutza eta lankideak aurkitu ahal izango dituzte.

Zatoz gu ikustera B4.332 standera eta ezagutu itzazu birziklapen eta ekonomia zirkular arloko azken berrikuntzak!

GEEHen errefus plastikoetan dagoen antimonioa nola berreskuratu ikertzen ari gara

VALON proiektuaren helburua bromoz osatutako sugar-atzeratzaile ugari dituzten errefus plastikoak balorizatzea da. Errefus horiek gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak tratatzean eta birziklatzean lortzen dira, eta balio handiko bigarren mailako lehengai bilakatu ahal dira.

GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea, VALON proiektuaren parte da. Proiektu horren helburu nagusia gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak (GEEH) tratatzeko eta birziklatzeko prozesu industrialetatik datozen errefus plastikoak balorizatzea da, bromoz osatutako sugar-atzeratzaile (BFR) ugari dituztelako. Ekimen horren bidez, errefusa horietan dagoen antimonioa (Sb) kontzentratu eta berreskuratu nahi dute, bigarren mailako lehengai bihurtzeko.

Europar Batasunak antimonioa lehengai kritikotzat hartzen du, zenbait industria sektoretan duen garrantzi estrategikoa dela eta. Europako araudiak materia horien urteko hornidura indartu nahi du, besteak beste, materia horiek dituzten hondakinak birziklatuz. Hori dela eta, VALONek bromoz osatutako sugar-atzeratzaile ugari dituzten GEEHen errefusa plastikoetan dagoen antimonioa berreskuratzeko irtenbide teknologikoak ikertzea proposatzen du, gero industrian erabili ahal izateko.

Proiektua abenduan amaituko da, eta balorizazio bide ezberdin aztertuko eta ebaluatuko ditu, eta identifikazio eta sailkapen automatikoko teknologia optikoak eta propietate fisikoetan oinarritutako bereizketa-metodoak batuko ditu, antimonio-eduki handia duten plastiko frakzioak lortzeko. Gainera, egokitzeko, erauzketa hidrometalurgikoko eta berreskuratzeko teknikak ere erabiliko dituzte antimonioa duten frakzioetan.

VALON proiektuan, GAIKERek laborategian ikertuko ditu:

  1. LIBS espektroskopiaren eraginkortasuna aldagai anitzeko datu-analisien ereduekin konbinatuta, GEEHen plastikozko errefus korrontea automatikoki sailkatzeko eta antimonio ugari duen frakzio berri bat lortzeko.
  2. Plastikoen propietate fisikoetan oinarritutako bereizketa-eragiketen eraginkortasuna (flotatze-hondoratze eta aparren bidezko flotazioa), antimonio ugari duten frakzio berriak polimero motaren arabera bereizteko.
  3. Egokitzapen termiko prozesuak (pirolisia) eta erauzketa hidrometalurgikoa, antimonio ugari duten frakzio plastikoetan erabiltzeko.

VALON proiektua Inatec Fundazioak koordinatzen du eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du (espediente-zenbakia: KK-2025/00057), arlo estrategikoetan elkarrekin ikertzeko ELKARTEK 2025 laguntza programaren bidez.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua

Terahertziozko espektrometroarekin analisiak egiteko sistema berria 

GAIKERek bere gaitasun teknologikoak zabaldu ditu, terahertzio espektroskopian oinarritutako analisi sistema bat erabiliz. Horren bitartez, materialen bereizketa eta ezaugarritze aurreratua denbora errealean egiteko teknologiak ikertu eta garatu ahal izango dituzte.

Erabilera nagusiak:

  • Hondakin plastikoak aztertzea eta konposizioaren arabera bereiztea, haien zirkulartasuna lortzeko
  • Oinarri polimerikoa duten produktuak ikuskatzea eta euren kalitatea kontrolatzea, polimero eta konposite berrien formulazio- eta ekoizpen-prozesuak optimizatzeko

Arloak:

  • Ekoindustria: hondakin plastikoak konposizioaren arabera automatikoki bereiztea
  • Plastikoaren eta oinarri polimerikoa duten material konposatuen sektorea: formulazio- eta ekoizpen-prozesuetan, konposizioa eta ezaugarriak automatikoki monitorizatzea

Sistema horrek zure enpresari nola lagun diezaioke jakin nahi duzu? Jarri gurekin harremanetan

GAIKERek In-Cosmetics Global 2026an parte hartuko du

Apirilaren 14tik 16ra, In-Cosmetics Global edizio berria egingo da Parisen. Kosmetika-industriarako nazioarteko bilera garrantzitsuenetako bat da.

GAIKERek, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, bilera horretan berriro parte hartuko du, dermokosmetikaren arloan dituen I+G+B zerbitzuak aurkezteko. Gainera, aurreko edizioetan bezala, Dr. Goya Análisis eta Anmar Clinical Services-ekin batera egongo da erakusketa-gunean.

Ekitaldia gorputzaren zaintzaren arloan ematen den berrikuntzaren funtsezko erakustokia bihurtu da, eta osagai berriak aurkitzeko, joera berriak ezagutzeko eta merkatuaren egungo eskaerekin bat datozen konponbideak garatzeko interesa duten mundu osoko profesionalak bilduko ditu, produktu kosmetikoen hurrengo belaunaldia sortzeko.

A130 standean aurkituko gaituzu. Zure zain egongo gara!

>> Gehiago jakiteko

Karbonozko eta beirazko zuntz birziklatuak berriz erabiltzeko ikertzen ari gara

GAIKERek koordinatzen duen RESITES proiektuari esker, konposite birziklagarri berriak sortuko dira, produktu arin, gogor eta jasangarriak eraginkortasunez fabrikatzeko.

GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, RESITES proiektua koordinatzen du (Beirazko eta karbonozko zuntz birziklatuak konposite birziklagarri berriak bihurtu). Ekimen estrategiko horren helburua hondakinetatik eta ekoizpen-lermetatik datozen karbono- eta beira-zuntz birziklatuak eraginkortasunez nola erabili ikertzea da. Haien propietateak hobetu nahi dituzte, konposite birziklagarri berriak sortzeko. Horretarako, euren ezaugarrien eta prozesagarritasunaren ereduak egingo dituzte, produktu arin, gogor eta jasangarriak modu eraginkorrean fabrikatzeko.

Urtero, ekoizpen-lermetatik zein bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi diren elementuetatik datozen material konposatuen hondakin ugari pilatzen dira. Azken urteotan, aurrerapen garrantzitsuak egin dira material konposatuak birziklatzeko teknologien arloan, baina berreskuratutako zuntzak modu eraginkorrean berrerabiltzea erronka bat da oraindik ere. Testuinguru horretan, RESITES proiektuak ikuspegi berritzailea proposatzen du, eta gaitasun ugari izango dituzten konposite birziklagarrien belaunaldi berri bat ikertzen ari da, zuntz birziklatuetan eta erretxina birziklagarrietan oinarrituta.

Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, arlo estrategikoetan elkarrekin ikertzeko ELKARTEK 2025 laguntza programaren bidez. Errefortzu birziklatuen funtzionalizazio, sizing eta hibridazio teknologietarako konponbideak emango ditu, errebalorizatzeko, eta aurreinpregnatuak, konposite birziklagarriak eta fabrikazio aditiboko materialak formulatzeko. Gainera, materialen eta prozesuen ereduak egiteko konponbideak ere aztertuko ditu.

Ekimen horren ondorioz, laborategi-eskalan hainbat garapen esperimental egingo dira: berriro erabili ahal izango diren beira- eta karbono-zuntzak, organosheet termoplastikoak, SMC birziklagarri termoplastikoa eta termoegonkorra, eta 3D inprimaketako pelletak/harizpiak. Halaber, zuntz birziklatuz indartutako aurreinpregnatu birziklagarrien portaera eta prozesagarritasuna aurreikusteko ereduak ere garatuko dira.

GAIKER Zentro Teknologikoak, funtzio eta egitura aldetik prestazio hobeagoak dituzten material polimeriko jasangarriak garatzen aditua da, eta proiektua koordinatzeaz gain, hainbat lan eremutan ere parte hartzen du:

  1. Beirazko eta karbonozko zuntz birziklatuak berriro erabiltzeko prestatzea, material konposatu jasangarriak eta prozesatzeko teknika aurreratuak garatuz. Zuntz laburren tratamendu kimikoa eta dosifikazioa ikertzen du SMC, GMT eta ehundu gabeko ehunetan, eta ehun horiek optimizatzeko ere ikertzen ari da, norabide zehatzetan jarritako errefortzuen eta ijezketa hibridoaren bidez.
  2. (Berrirro prozesatu ahal diren) erretxina termoplastiko erreaktiboekin aurreinpregnatuak garatzea.
  3. Birziklatze-metodo mekanikoak eta kimikoak aztertzea, garatutako material berrien zirkulartasun osoa ziurtatzeko.

Proiektuan lortuko diren aurrerapenek eragin garrantzitsua izango dute mugikortasun (automobilgintza, trenbidea, aeronautika eta itsasokoa), energia, kirol eta eraikuntza arloetan, eta horiek guztiek garrantzi handia dute euskal industrian eta ekonomian. Gainera, arlo horietan konpositeen eraldaketarekin lotutako industriek funtsezko eginkizuna dute.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua

Oinarrizko metalak berreskuratzeko eta balorizatzeko teknologia jasangarriak bultzatzen

SINCER proiektuan industria metalurgikoak sortzen dituen hainbat jatorritako hondakinetan dauden oinarrizko metalak eta funtsezko metalak nola berreskuratu ikertzen dute.

Joan den urtarrilean SINCER proiektua (Oinarrizko Lehengaien Zirkulartasunerako eta Ekonomiarako Industria Sinbiosia) hasi zen. Proiektuak CDTIren dirulaguntza eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren laguntza jasotzen ditu, Misiones programaren bidez. Proiektuak 5.963.143 €-ko aurrekontua du guztira, eta 3.543.450 €-ko finantzaketa jaso du.

Oinarrizko metalak eraldatzeko, berreskuratzeko eta birziklatzeko bide eta prozesu berriak ikertzeko beharretik sortu zen SINCER proiektua. Horretarako, gaur egun botatzen diren metalurgia industriako hondakinak erabiliko dira. Helburua industrian sinbiosi eraginkorra bultzatzea da, hondakin horietan dauden oinarrizko metalak (Mn, Si, Mg, Ni, Cr) eta funtsezko metalak (Zn, Fe) berreskuratzeko eta balorizatzeko teknologia jasangarriak ikertzeko.

Ikerketa horren buru Ferroglobe enpresa da, Silizio metal eta ferroaleazioen ekoizpenean liderra den nazioarteko konpainia. Partzuergoan beste 5 enpresak (Técnicas Reunidas, Sidenor, Autlán, Magnesitas Navarras eta Semantic) eta 9 ikerketa-erakundek hartzen dute parte. Horien artean aipatzekoa da GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea.

Proiektuak lau urteko iraupena izango du. Materialen zikloak itxi nahi ditu eta materialak jatorrizko prozesuetan nahiz aplikazio estrategiko berrietan (bateriak, imanak eta aleazioak, esaterako) berriz erabiltzea posible egin nahi du.

Helburu horiek lortzeko, SINCERek prozesu hidrometalurgikoak eta pirometalurgikoak eta egokitzeko eta bereizteko teknologia aurreratuak erabiliko ditu, baliagaiak ahalik eta gehien berreskuratzeko eta lehengai estrategikoen zirkulartasuna hobetzeko. Lau industria-kideren jardueratik datozen bederatzi hondakin-korronte balorizatu nahi dituzte: Ferroglobe, Sidenor, Autlan eta Magnesitas Navarras.

GAIKERek esperientzia handia du birziklapenean eta ekonomia zirkularrean, eta gaitasuna du kalitate goreneko materialak lortzeko birziklatze-prozesu espezifikoak diseinatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko. Gainera, jasangarritasuna ebaluatzeko metodologiak sakon ezagutzen ditu. Horregatik, ikerketa honetan, hondakinen ezaugarritzeaz eta tratamenduaz, metalen berreskurapenaz eta bizi-zikloaren analisiaz arduratuko da.

Azken batean, SINCERek oinarrizko lehengaien inguruko ekonomia zirkular sendoa sortzen lagunduko du, kanpo-mendekotasuna murriztu eta industriarentzat balio handiko ezagutza zientifiko eta teknologikoa sortuko ditu.

CDTIren diru-laguntzarekin. Esp. 00179404 / MIG-20251225