Proiektuak mugaz gaindiko balio-katea garatuko du, ekonomia zirkularreko konponbide berritzaileen bidez, ehun-hondakinen berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko.
GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea, CircularTexEFA (“Ehunen zirkulartasuna mugako eremuan: optimizazioa eta elkarrekiko lana, ehun-hondakinak sailkatzeko, aurretik prozesatzeko eta birziklatzeko”) proiektuan parte hartzen ari da. Proiektuaren zati bat Europar Batasunak finantzatzen du Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez.
Ekimena 2026tik 2028ra garatuko da, eta Espainiako eta Frantziako hamaika erakunde biltzen ditu, mugaz haraindiko ehungintzaren balio-kate zirkular bat egituratzeko, ehun-hondakinak biltzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko zirkuituak antolatzeko eta material horien kudeaketa jasangarriagoa bultzatzeko.
CircularTexEFA zabortegira edo erraustegira eramaten diren ehun-hondakin kopurua murrizteko sortu da, eta hondakin horiek balorizatzeko eta ekoizpen-ziklo berrietara itzultzeko. Horretarako, ehungintzaren balio-kateko eragileak —industria, ekonomia sozialeko erakundeak, hondakin-kudeatzaileak, administrazioak eta zentro teknologikoak— biltzen ditu proiektuak, sinergiak sortzeko eta eredu zirkularragoetarako aldaketa bizkortzeko.
Lehenengo fasean, ehun-hondakinak biltzeko eta tratatzeko lurralde bakoitzean dauden sistemen azterketa eta diagnostikoa egingo dute, eta hondakinak eraldatzeko erabil daitezkeen teknologiak ere ebaluatuko dituzte. Hori oinarri hartuta, ekintza-plana diseinatuko dute mugaz gaindiko balio-kate eraginkor bat eraikitzeko. Ondoren, proiektu pilotu erakusgarria jarriko dute martxan, eta bertan prozesuaren etapa guztiak egingo dituzte: ehun-hondakinak biltzea eta sailkatzea, birziklatze mekaniko, termomekaniko eta kimiko teknologien bidez bigarren mailako lehengai bihurtzea, eta material birziklatuekin produktu berriak fabrikatzea.
Proiektuaren barruan, GAIKERek, birziklapenean eta ekonomia zirkularrean aditua den aldetik, ehun-birziklapenaren mugaz gaindiko balio-katea garatzeko azterketa eta ekintza-plana egiten laguntzen du. Horrez gain, poliesterrez egindako ehun-hondakinen birziklatze kimikorako teknologiak ikertu eta frogatuko ditu, industrian berriro sar daitezkeen balio erantsi handiko produktuak lortzeko.
Proiektuaren partzuergoa
CircularTexEFA partzuergoa ehungintzaren eta hondakinen kudeaketaren balio-katearen maila ezberdinetako Espainiako eta Frantziako hamaika erakundek osatzen dute. ESTIAk koordinatzen du proiektua, eta hauek hartzen dute parte: PLAXTIL, KOOPERA, CETIA, CLOSSA, PICVISA, JR SL, SOKOA, LORPEN, GARBIKER Bizkaia eta GAIKER.

Este proyecto está cofinanciado en un 65 % por la Unión Europea en el marco del programa Interreg VI-A España–Francia–Andorra (POCTEFA 2021–2027), cuyo objetivo es reforzar la integración económica y social de la zona transfronteriza.


