Clara Bilbao

Proteina alternatiboen segurtasuna, nutrizio-kalitatea eta ahalmena frogatzen laguntzen ari gara

Zentro Teknologikoak osagai proteiko alternatiboen eta Europako LIKE-A-PRO proiektuan garatutako elikagai-produktuen nutrizio-kalitatea, bioerabilgarritasuna eta segurtasun alderdiak ebaluatu ditu.

GAIKERek, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, zeregin garrantzitsua izan du Europako LIKE-A-PRO proiektuan. Proiektua Europar Batasunak finantzatu du Horizon Europe dirulaguntzen bidez, eta gizakiontzako ordezko proteina iturri jasangarri eta seguruak garatzea du helburu.

Elikadurarako Teknologia Zentro Nazionalak (CNTA) koordinatu du proiektua eta elikagaien balio-kateko arlo ezberdinetako 17 herrialdetako 42 erakunde bildu ditu. Guztiak osagai eta produktu berritzaileak sustatzen ahalegindu dira, gizakien etorkizuneko nutrizio-beharretara egokitzen diren elikadura sistema jasangarriagoak eta erresilienteagoak lortzeko. Proiektua hilabete honetan amaituko da  

GAIKERek 12 osagai proteiko alternatiboren eta partzuergoak garatutako 16 elikagai-produkturen nutrizio-kalitatea, bioerabilgarritasuna eta segurtasuna ebaluatzeko lanak zuzendu ditu.

Zentro Teknologikoak zenbait nutrizio eta segurtasun parametroak aztertu ditu, osagai proteikoen eta azken produktuen ezaugarriak alderdi hauen arabera zehazteko: proteinen digerigarritasuna, funtsezko aminoazidoen osaera, aminoazido horien bioerabilgarritasuna eta elikadura saihesten duten zenbait konposatu. Hala, proteinen kalitatea eta horiek elikagai bezala erabiltzeko aukera aztertu ahal izan dute.

In vitro saiakuntza hauek egin dituzte besteak beste: mutagenikotasun eta genotoxikotasun saiakuntzak, potentzial alergenikoaren ebaluazioak, eta gizakien hesteetako epitelio eredu zelularrak erabiliz egindako digestibilitate gastrointestinal eta bioerabilgarritasun azterketak.

Lan esperimentala osatzeko, elikagaien segurtasunari eta elikagai berriei (novel foods) buruzko Europako arauen berrikuspen sakona egin dute. Azterketa horri esker, osagai proteiko alternatiboak eta horiekin egindako elikagaiak ebaluatzeko arau-betekizun garrantzitsuak zehaztu dituzte. Ebidentzia esperimentala eta arauen azterketa batuz, estrategia zientifikoa pentsatu ahal izan dute, eta horrela, araudian jasotako alderdietan oinarritu ahal izan dira eta baita informazioari, ebaluazioari, etiketatzeari edo arriskuen kudeaketari buruzko alderdiak planifikatu.

Hala ere, egindako ikerketak lehenengo ebaluazio bat baino ez dira, eta oraindik ezin dituzte arautzeko baimenak lortu, ezta ebaluatutako osagaiak eta produktuak saldu ere.

Testuinguru horretan, lortutako emaitzek indartu egiten dute proteina iturri berri horiek elikadura jasangarriagoa lortzeko duten ahalmena, etorkizunean saldu ahal izateko eskatzen diren kalitate eta segurtasun baldintzak ere betetzen dituztelarik.

Oro har, LIKE-A-PRO proiektuan egindako lanek argi utzi dute garrantzitsua dela proteina alternatiboetan oinarritutako elikagai berriak garatzeko lehen urratsetan jada garrantzitsua dela ezaugarri nutrizionalak zehaztea, segurtasuna ebaluatzea eta arauak aztertzea.

LIKE-A-PRO proiektuak EBko Horizon Europe ikerketa eta berrikuntza programaren finantzaketa jaso du, 101083961 zenbakidun dirulaguntza-hitzarmenari jarraikiz.
Europar Batasunak finantzatua. Egilearenak dira adierazitako iritziak, eta ez dituzte nahitaez Europar Batasunaren edo Europako Ikerketa Agentzia Eragilearen (REA) iritziak islatzen. Europar Batasuna eta dirulaguntza ematen duen agintaritza ez dira horien erantzule

DS Industry 2026an

GAIKERek, Basque Research & Technology Alliance-ko (BRTA) kideak, DS Industry – Decarbonized & Sustainable Industry-ren lehen edizioan parte hartuko du, industria eredu lehiakorrago, jasangarriago eta deskarbonizatuagoetarantz bultzatzeko nazioarteko topaketa berrian. Ekitaldia azaroaren 3tik 5era izango da Bilbao Exhibition Centren (BEC).

Topaketan, GAIKERek bere gaitasun teknologikoak eta I+G+Bko gaitasunak aurkeztuko ditu enpresei industria jasangarriago eta zirkularrago baterako trantsizio-prozesuetan laguntzeko, industria-sektoreen egungo erronketara egokitutako irtenbideak eskainiz.

Zentro Teknologikoak bere standa izango du ekitaldi horretan (D-14 standa, hain zuzen ere), eta han, bere soluzio teknologikoak aurkeztuko ditu, esperientziak partekatuko ditu eta I+G+B arloko lankidetza-aukera berriak aztertuko ditu industria-sektoreko enpresa eta eragileekin. Gainera, Poster Arean ere parte hartuko du.

DS Industry-k industria-sektore askotako enpresak eta profesionalak bilduko ditu eta gune bat eskainiko du teknologia aurreratuak ezagutzeko, lankidetzarako aukera berriak sortzeko eta deskarbonizazio, jasangarritasun eta zirkularitatearekin lotutako erronka teknikoei heltzeko.

Zatoz gure D-14 standera , eta ikusi nola lagundu diezazukegun industria jasangarriago eta zirkularrago baterantz aurrera egiten!

Cosmetorium 2026en egongo gara

GAIKERek, Basque Research & Tecnnology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, Cosmetorium 2026 azokaren hamargarren edizioan parte hartuko du. Kosmetika-industriaren topaketa profesional nagusietako bat da, eta urriaren 21ean eta 22an egingo da La Farga de L’Hospitalet de Llobregaten (Bartzelona).

Ekitaldian, Zentro Teknologikoak produktu eta osagai kosmetikoak eta dermokosmetikoak garatzeko eta ebaluatzeko I+G+Bko bere eskaintza aurkeztuko du.

GAIKER 763 standean egongo da, Dr. Goya-rekin eta Anmar Clinical Services-ekin batera. Han, elkarrekin erakutsiko dituzte beren gaitasunak, eta lankidetza-aukera berriak ezarriko dituzte sektoreko enpresekin.

Zatoz 763 standa bisitatzera, eta ikusi nola lagundu diezazukegun zure produktu kosmetikoak garatzen eta ebaluatzen!

SYMBIOREM proiektuaren parte-hartzaileek ekosistemak eta baliabideak berreskuratzeko bioerremediazioan egindako aurrerapenak aurkeztu dituzte

Proiektu europarraren azken ekitaldian sektoreko eragileak bildu ziren, garatutako teknologien emaitzak aurkezteko eta teknologia horiek ezartzeko bide berriak aztertzeko.

Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kide den GAIKER Zentro Teknologikoak SYMBIOREM proiektu europarrean parte hartu du. Proiektuaren azken ekitaldia pasadan irailaren 29an izan zen Bruselan. Jardunaldian, garatu eta probatu diren bioerremediazio teknologien emaitzak, teknologia horiek eskalatzeko aukerak eta ingurumen-bioteknologia sektorearen arau eta finantziazioan izango duten eragina azaldu ziren.

«Ekosistemak leheneratu, baliabideak berreskuratu: etorkizun jasangarria lortzeko bioerremediazio soluzioak» leloarekin, bileran nabarmendu zuten naturan oinarritutako konponbideek lurzoruak eta ur kutsatuak modu jasangarrian leheneratzeaz gain ingurumenerako eta gizarterako onurak ere ekar ditzaketela.

Oinarri biologikoa duten hamabi konponbide hamaika tokitan ezarri dira
SYMBIOREM proiektuan, lurzoru eta uretako kutsadura gutxitzeko egin dute lan eta oinarri biologikoa duten 12 teknologia eta estrategia garatu dituzte Europako eta Estatu Batuetako 11 tokitan. Ekitaldian, probatutako konponbideak, lortutako emaitzak, herritarrak inplikatzeko erabili diren metodoak eta horiek politika publikoetan sartzeko gomendioak azaldu zituzten.

Elkarrekin sortu eta erabakiak hartzen lagundu
Proiektuaren berrikuntza ez da bakarrik teknologia aurreratuen diseinuan eta saiakuntzan ikusi. Komunitateek parte hartzeko tresnak, negozio-eredu zirkularrak, eragin sozialaren ebaluazioak eta parte hartzen duten eragileen ikuspegien azterketa ere garatu dituzte bazkideek. Emaitzen artean, erabakiak hartzen laguntzeko tresna praktiko bat aurkeztu zuten; tresnak kasu bakoitzean bioerremediazio konponbiderik egokiena hautatzen laguntzen du.

Araudia, eta konponbideak zabaltzeko moduak
Azken mahai-inguruan, honako gai hauek eztabaidatu zituzten: teknologia horiek gehiago zabaltzeko behar diren araudiak, Europako eta Espainiako araudian dauden aldeko alderdiak eta oztopoak, eta administrazioek eta nekazaritza eta industria sektoreek beste aukera arrunten ordez bioerremediazioa erabiltzeko behar dituzten frogak eta negozio kasuak. Prestakuntzaren, aurrerapen digitalen integrazioaren eta soluzio horien onura sozialak komunikatzearen garrantzia ere nabarmendu zuten.

Proiektuan, GAIKERek lurzoru kutsatuetan bioerremediazio eta leheneratze estrategiak garatzeko lan-paketea koordinatu du. Egindako lanen artean, hidrokarburoak degradatzen dituzten mikroorganismo autoktonoak isolatu eta ebaluatu dituzte, eta zelulak estimulatzeko eta areagotzeko tratamenduak diseinatu, garatu eta optimizatu dituzte. Halaber, gene bidezko bioareagotze estrategiak ere aztertu dituzte, hidrokarburoak degradatzeko bide metabolikoak hobetzeko.

Proiektuari buruzko informazioa eta GAIKERek egindako lana
Horizon Europe programak finantzatzen du eta Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatzen du SYMBIOREM proiektua. 2022tik bioerremediazio teknologiak erabiltzen dituzten konponbide berritzaileak garatzen ditu, lurzoru, sedimentu eta ur kutsatuak modu eraginkor, jasangarri eta errentagarriagoan leheneratzeko.

Proiektuaren webgunea:https://symbiorem.eu/

SYMBIOREM proiektuak EBko Horizon Europe ikerketa eta berrikuntza programaren finantzaketa jaso du, 101060361 zenbakidun dirulaguntza-hitzarmenari jarraikiz.

https://cordis.europa.eu/project/id/101060361.Europar Batasunak finantzatzen du. Egilearenak dira adierazitako iritziak, eta ez dituzte nahitaez Europar Batasunaren edo Europako Ikerketa Agentzia Eragilearen (REA) iritziak islatzen. Europar Batasuna eta dirulaguntza ematen duen agintaritza ez dira horien erantzule.

GlyTECH proiektuan lan egiten ari gara itsas glikanoek giza osasunerako izan dezaketen erabilera bultzatzeko

GlyTECH proiektuak itsasoko makroalgetatik datozen glikanoak aztertzen ditu eta horiek nola prozesatu, biomedikuntzan erabiltzeko biomolekulak sortzeko eta etorkizunean diagnostikoak egiteko tresnak, printzipio aktiboak eta tratamenduak garatzeko.

GAIKERek, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, GlyTECH – Giza osasunean erabiltzeko itsas glikobioteknologia proiektuan parte hartzen du. Proiektua elkarrekin egiten ari den ikerketa da, AZTI itsas eta elikagai ikerketa zentroak koordinatzen du eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, ELKARTEK 2025 programaren bidez. Itsas glikanoak aztertzea du helburu, horien egitura, prozesamendua eta jarduera biologikoa ikertzeko, eta giza osasunaren arloko erabilera bioteknologiko berriak aurkitzeko.

Glikanoak funtsezko biomolekulak dira prozesu zelular askotan, komunikatzeko, seinaleztatzeko eta ezagutzeko mekanismoetan. Prozesu fisiologiko eta patologiko askotan parte hartzen dutenez, glikobiologiak gero eta interes handiagoa du biomarkatzaileak aurkitzeko eta tratamendu berriak garatzeko, batez ere minbizia, gaixotasun immunologikoak, infekzioak edo patologia neurodegeneratiboak tratatzeko.

Zehazki, makroalga arreetan dauden polisakaridoak (fukoidan, laminarina edo alginatoak) oso interesgarriak dira, horiek dituzten egitura ezberdinengatik eta eginkizun biologikoengatik; besteak beste, antioxidatzaileak, immunomodulatzaileak, antitumoralak, antikoagulatzaileak edo antitrombotikoak. Propietate horiek asko alda daitezke polisakaridoen ezaugarrien arabera, hala nola konposizioa, egitura, pisu molekularra edo glikanoen sulfatazio maila.

Hain zuzen ere, biomolekula horien egituraren eta funtzio biologikoaren arteko lotura ikertu nahi dute GlyTECH proiektuan. Horretarako, itsas glikanoak tresna entzimatikoen bidez prozesatzen ari dira, egitura zehatzagoa duten oligosakaridoak lortzeko eta eraldaketa horiek haien propietateak eta jarduera biologikoa nola aldatzen dituzten aztertzeko. Proiektuak bi erronka teknologiko nagusi ditu. Alde batetik, tresna entzimatikoak eta ingeniaritza genetikoko estrategiak garatu nahi dituzte, itsasoko glikanoak modu selektiboan prozesatu eta egitura-ezaugarri zehatzak dituzten molekulak sortzeko. Bestetik, glikanoen eta horiek prozesatzean lortutako oligosakaridoen eta sistema biologikoen arteko elkarrekintza ikertu nahi dute, haien ekintza-mekanismoak hobeto ulertzeko eta biomedikuntzarako interes handien duten egiturak ezagutzeko.

Ikerketa lau arlotan banatu dute: biomedikuntzan erabil daitezkeen itsas glikanoen funtzionalizazioa eta ezaugarritzea, horiek prozesatzeko funtzio anitzeko entzimak garatzea, itsas jatorriko entzima sistemak aztertzea eta biomolekula horien eraldaketa ulertzeko eta optimizatzeko ingeniaritza genetikoko tresnak erabiltzea.

GAIKERek jarduera horietako hirutan parte hartzen du, eta glikano bioaktiboak prozesatzeko ingeniaritza genetikoko tresnak erabiltzeko lana zuzentzen du EHUrekin batera. Arlo horretan, Zentro Teknologikoak aktibatu gabeko gene zehatzak (knock-outs) dituzten itsas bakterioen anduiak sortuko ditu, itsas glikanoen degradazioan eta eraldaketan parte hartzen duten entzimen funtzioa egiaztatzeko. Lan horri esker, hidrolisi-prozesu jakin batzuetan zer entzimek parte hartzen duten zehaztu ahal izango dute, eta hobeto ulertu ahal izango dute egitura-ezaugarri ezberdinak dituzten oligosakaridoak nola sortzen diren.

Gainera, GAIKER glikanoen eta horien prozesamendu entzimatikoaren bidez lortutako oligosakaridoen ezaugarri biologikoak zehazten lan egiten ari da ere. Horretarako, giza zelula-ereduak erabiliko dituzte, horien segurtasuna ebaluatzeko eta osasunerako interesgarriak diren jarduera biologikoak aztertzeko.

Jarduera horien artean, haien immunomodulazio ahalmenaren azterketa nabarmentzen da; itsas glikanoen eta haien deribatuen eta immunitate sistemako zelulen arteko elkarrekintza aztertzen ari dira eta biomolekula horiekiko erantzunean parte hartzen duten mekanismo zelularrak ebaluatzen ari dira. Oro har, lan horrek lortutako oligosakaridoen egituraren, horien prozesamenduaren eta jarduera biologikoaren arteko erlazioak ezartzen lagunduko du, etorkizunean biomedikuntzan erabiltzeko hautagai onenak zehazteko.

GlyTECH proiektua AZTIk zuzentzen du eta bertan Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak, UPV/EHUk eta GAIKERek parte hartzen dute. Horrela, itsas bioteknologia, biokimika, genetika, zelula-biologia eta nanoteknologia arloetako gaitasunak biltzen ditu. Lankidetza horri esker, itsas glikanoen eta horien ekintza-mekanismoen ezagutza handituko da, eta biomedikuntzan erabiltzeko aukera berriak aztertuko dira. Gainera, Euskadiren gaitasun zientifiko eta bioteknologikoak indartuko dira.

Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektua

Elikagaietarako ontzi eta bilgarrien berrikuntzari buruzko IV. euskal bilera

GAIKERek Ontzi | BASQUE FOOD PACKAGING Innovation Hub elkarteak antolatutako Elikagaietarako ontzi eta bilgarrien berrikuntzari buruzko IV. euskal bileran parte hartuko du. Ekitaldia irailaren 24an egingo da Barakaldoko (Bizkaia) Ilgner eraikinean, eta erreferentzia puntua izan nahi du elikagai enpresen, irtenbide-hornitzaileen, adituen eta ontziaren balio-kateko beste eragile batzuen arteko networkinga sustatzeko, eta Europako packaging sektoreko arau eta lehiakortasun berriek dakartzaten erronkei aurre egiteko.

GAIKERek ontzien, materialen, polimeroen, birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren arloetan duen ezagutza eta gaitasun teknologikoak erakutsiko ditu bere standean. Arlo horietan lortu dituen azken garapen teknologikoetako batzuk aurkeztuko ditu: elikagaien eta nekazaritzaren hondakinen edo azpiproduktuen balorizazioa, bakterio-jatorriko biopolimeroak lortzeko; ontzietan erabiltzeko ezaugarri bobeak dituzten biopolimeroen eta bioplastikoen formulazioa eta compoundinga; eta plastiko birziklatuen erabilera, hala nola rPET eta zirkuitu itxi batetik eratorritako polipropileno birziklatua, V gamako produktuetarako ontziak egiteko. Era berean, proiektu garrantzitsuen prototipoak edo materialak ere erakutsiko ditu, hala nola Europako E-OILé, Elkartek BIWIN2 edo CIRCULAR PACK.

Jardunaldia sektoreko eragileen artean ezagutza eta gaitasunak partekatzeko aukera izango da.

Zatoz gure standa bisitatzera