Archives for 15 de October de 2026

Proteina alternatiboen segurtasuna, nutrizio-kalitatea eta ahalmena frogatzen laguntzen ari gara

Zentro Teknologikoak osagai proteiko alternatiboen eta Europako LIKE-A-PRO proiektuan garatutako elikagai-produktuen nutrizio-kalitatea, bioerabilgarritasuna eta segurtasun alderdiak ebaluatu ditu.

GAIKERek, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, zeregin garrantzitsua izan du Europako LIKE-A-PRO proiektuan. Proiektua Europar Batasunak finantzatu du Horizon Europe dirulaguntzen bidez, eta gizakiontzako ordezko proteina iturri jasangarri eta seguruak garatzea du helburu.

Elikadurarako Teknologia Zentro Nazionalak (CNTA) koordinatu du proiektua eta elikagaien balio-kateko arlo ezberdinetako 17 herrialdetako 42 erakunde bildu ditu. Guztiak osagai eta produktu berritzaileak sustatzen ahalegindu dira, gizakien etorkizuneko nutrizio-beharretara egokitzen diren elikadura sistema jasangarriagoak eta erresilienteagoak lortzeko. Proiektua hilabete honetan amaituko da  

GAIKERek 12 osagai proteiko alternatiboren eta partzuergoak garatutako 16 elikagai-produkturen nutrizio-kalitatea, bioerabilgarritasuna eta segurtasuna ebaluatzeko lanak zuzendu ditu.

Zentro Teknologikoak zenbait nutrizio eta segurtasun parametroak aztertu ditu, osagai proteikoen eta azken produktuen ezaugarriak alderdi hauen arabera zehazteko: proteinen digerigarritasuna, funtsezko aminoazidoen osaera, aminoazido horien bioerabilgarritasuna eta elikadura saihesten duten zenbait konposatu. Hala, proteinen kalitatea eta horiek elikagai bezala erabiltzeko aukera aztertu ahal izan dute.

In vitro saiakuntza hauek egin dituzte besteak beste: mutagenikotasun eta genotoxikotasun saiakuntzak, potentzial alergenikoaren ebaluazioak, eta gizakien hesteetako epitelio eredu zelularrak erabiliz egindako digestibilitate gastrointestinal eta bioerabilgarritasun azterketak.

Lan esperimentala osatzeko, elikagaien segurtasunari eta elikagai berriei (novel foods) buruzko Europako arauen berrikuspen sakona egin dute. Azterketa horri esker, osagai proteiko alternatiboak eta horiekin egindako elikagaiak ebaluatzeko arau-betekizun garrantzitsuak zehaztu dituzte. Ebidentzia esperimentala eta arauen azterketa batuz, estrategia zientifikoa pentsatu ahal izan dute, eta horrela, araudian jasotako alderdietan oinarritu ahal izan dira eta baita informazioari, ebaluazioari, etiketatzeari edo arriskuen kudeaketari buruzko alderdiak planifikatu.

Hala ere, egindako ikerketak lehenengo ebaluazio bat baino ez dira, eta oraindik ezin dituzte arautzeko baimenak lortu, ezta ebaluatutako osagaiak eta produktuak saldu ere.

Testuinguru horretan, lortutako emaitzek indartu egiten dute proteina iturri berri horiek elikadura jasangarriagoa lortzeko duten ahalmena, etorkizunean saldu ahal izateko eskatzen diren kalitate eta segurtasun baldintzak ere betetzen dituztelarik.

Oro har, LIKE-A-PRO proiektuan egindako lanek argi utzi dute garrantzitsua dela proteina alternatiboetan oinarritutako elikagai berriak garatzeko lehen urratsetan jada garrantzitsua dela ezaugarri nutrizionalak zehaztea, segurtasuna ebaluatzea eta arauak aztertzea.

LIKE-A-PRO proiektuak EBko Horizon Europe ikerketa eta berrikuntza programaren finantzaketa jaso du, 101083961 zenbakidun dirulaguntza-hitzarmenari jarraikiz.
Europar Batasunak finantzatua. Egilearenak dira adierazitako iritziak, eta ez dituzte nahitaez Europar Batasunaren edo Europako Ikerketa Agentzia Eragilearen (REA) iritziak islatzen. Europar Batasuna eta dirulaguntza ematen duen agintaritza ez dira horien erantzule