Birziklatze kimikoa

Birziklapen kimikoko teknologien garapena plastiko konplexuen hondakinak tratatzeko

Solbolisi- eta disoluzio-prozesuak aplikatzeak eta industrializatzeak ehunetatik, konpositeetatik eta geruza anitzeko ijezketetatik sortutako plastiko konplexuen hondakinen upcycling-a ahalbidetzen du.

GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kideak, birziklapen plastiko eta kimikoko teknologietan aditua, COMPLESOLV proiektua koordinatzen du. Bertan, birziklapen kimikoko teknologiak ikertu eta garatuz, solbolisi- eta disoluzio-prozesuetan oinarrituak, ekonomia zirkularra ehunetatik, konpositeetatik eta geruza anitzeko ijezketetatik datozen plastiko konplexuen hondakinetara zabaldu nahi da. Horretarako, hurrengo enpresen laguntza du: Koopera Servicios Ambientales, S.Coop. I.S., Mecanizados Martiartu S.L. eta Trienekens País Vasco, S.L. 

Ikerketa hori 2024an hasi zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu zuen, teknologia-transferentziako programaren 1. lerroaren barruan. Ikerketa horren bidez, irtenbide bat eman nahi zaio birziklatze mekanikoko teknologien bidez tratatu ezin diren hondakinak berreskuratzeari, oso konplexua baita hondakinen egitura, osaera edo materialen arteko lotura.

Proposatutako soluzioa solbolisi eta disoluzio bidezko birziklatze kimikoan oinarritzen da, haren aplikazioak eta industrializazioak upcycling-a ahalbidetzen baitute, hau da, material plastiko berriak edo kalitate, balio ekologiko eta balio ekonomiko handiagoko produktuak ekoiztea, eredu linealak saihestuz eta baliabideak erabiltzeko eredu zirkularren alde eginez. Ekonomia zirkularra sustatzea da helburua.

Helburu hori lortzeko, lau fasetan banatzen da COMPLESOLV proiektua:

1.   Hondakin konplexuen karakterizazioa egitea eta egokitzapen fisikoa (geruza anitzak, ehunak eta konpositeak).

2.   Birziklatzeko zailak diren hondakin konplexuei aplikatutako solbolisi eta disoluzio selektiboko prozesuen ikerketa.

3.   Solbolisi eta disoluzio selektiboko produktuen purifikazio aurreratua eta kalitate-kontrola ikertzea.

4.   Baliozkotze eta ebaluazio tekniko-ekonomikoa eta ingurumenekoa

Proiektu honen bidez, egungo eskariei erantzuna eman nahi zaie material birjinaren pareko kalitatezko produktuak, sintesi edo elikadura maila duten birziklatze kimikotik eratorritako produktu plastikoak eta ezpurutasun maila oso baxuko produktu birziklatuak mugarik gabe birziklahal izateko, bigarren mailako lehengaien merkatuek eskatutako zehaztapenak beteaz. Gainera, Euskadiko zabortegietan utzitako trazagarritasun zaileko plastikoak dituzten hondakin konplexuak kudeatzeko modu hobea aurkitzen lagundu nahi da, eta baita baliabideen (disolbatzaile naturalak), energiaren (tenperatura baxuko erreakzioak) eta zero hondakinen (oro har aprobetxatutako produktuak eta azpiproduktuak) erabileran inpaktu txikiagoa duten prozesuetatik merkatuetara iristen diren produktu birziklatuak hobeto kudeatzeko modua aurkitzen ere.

GAIKERek beira- eta karbono-zuntzez egindako konpositeetarako konponbide zirkularrak garatu ditu

  • Hiru urteko ikerketa ondoren Europako MC4 proiektua amaitu da eta emaitza onak lortu ditu.
  • Azken bilera GAIKER zentro teknologikoan izan da.

Martxoaren 25 eta 26an, Europako Batzordeak finantzatzen duen (HORIZON-CL4-2021-RESILIENCE-01 deialdia) Europako MC4, Multi-level Circular Process Chain for Carbon and Glass Fibre Composites proiektuaren azken bilera eta erakusketa egin zen.

Bilera Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den GAIKER Zentro Teknologikoan egin zen, eta bertan PROFACTOR GmbH (Austria) koordinatzailea, proiektuko gainerako kide guztiak, eta Europako Batzordeak izendatutako Project Officer eta Project Advisor ere egon ziren.

MC4 proiektua 2022ko apirilean hasi zen, karbono- eta beira-zuntzez indartutako konpositeen birziklapenaren arazorako epe labur eta ertainean irtenbide teknologikoak bilatzeko. Ikerketak erronka hauetarako konponbideak bilatzen zituen: dituzten ezaugarri onak direla eta, zuntzez indartutako plastikoen (FRP) kontsumo handia; ingurumeneko eragina murrizteko material birziklatuen eskaera gero eta handiagoa; eta zabortegian uzteaz gain, konpositeen hondakinak kudeatzeko bestelako bideak aurkitzea.

Hiru urteko lana ondoren, MC4 amaierara iritsi da emaitza onak lortuz. Dagoeneko merkatuan dauden karbono-zuntzez indartutako plastikoen (CFRP) balio-bizitzaren amaieran sortzen diren hondakin onduei eta piezei aplika dakiekeen prozesu kimiko batean oinarritutako birziklatze-alternatiba ikertu du. Ikerketa horren ondorioz, CFRPen solbolisi-prozesua laborategi-eskalan garatu da, erretxinaren hidrolisi azidoko prozesua egiteko ingurune eta baldintza egokiak hautatuz, eta horrela konpositetik abiatuta karbono-zuntz birziklatuak (rCFs) sortzeko. Era berean, laborategiko emaitzek oinarri gisa balio izan dute CFRP hondakinen solbolisirako planta pilotu funtzional bat eraikitzeko. Bertan dagoen 300 litroko erreaktorearen bidez, prozesua frogatu da, eta CFRP produktu berrietan sartu diren rCFs garbiak sortu dira. Instalazio pilotu horri esker, prozesu hori maila industrialean egin ahal dela ondorioztatu da, eta horrek konponbidea eman diezaioke automobilgintza, ontzigintza, aeronautika, kirol-ekipamendu eta hiri-altzarien sektoreetatik datozen beira- eta karbono-zuntzez indartutako konpositeen hondakinen kudeaketari.

Beraz, proiektuaren helburu nagusia bete da, eta karbono- eta beira-zuntzezko konpositeetarako hainbat irtenbide zirkular garatu dira.

Ekonomia zirkularrari eta konposite materialei buruzko jardunaldia

MC4 proiektuaren azken bilerarekin bat eginez, GAIKER Zentro Teknologikoak eta ACLIMAk (Basque Environment Cluster) "Ekonomia zirkularra konposite materialen arloan" jardunaldia antolatu zuten martxoaren 27an. Bertan, MC4 proiektuaren emaitzak aurkeztu ziren eta baita horiek automobilgintzan, ontzigintzan, aeronautikan, kirol-ekipamenduan eta hiri-altzarietan dituzten erabilerak ere.

Jardunaldia Waste Lab Bizkaia (Derio) zentroan egin zen eta oso harrera ona izan zuen.

Proiektuari buruzko informazio gehiago: https://www.mc4-project.eu/

Proiektu honek Europako Batzordearen HORIZON ikerketa- eta garapen-programaren finantzaketa jaso du, 101057394 zenbakidun kontratuaren pean.