SINCER proiektuan industria metalurgikoak sortzen dituen hainbat jatorritako hondakinetan dauden oinarrizko metalak eta funtsezko metalak nola berreskuratu ikertzen dute.
Joan den urtarrilean SINCER proiektua (Oinarrizko Lehengaien Zirkulartasunerako eta Ekonomiarako Industria Sinbiosia) hasi zen. Proiektuak CDTIren dirulaguntza eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren laguntza jasotzen ditu, Misiones programaren bidez. Proiektuak 5.963.143 €-ko aurrekontua du guztira, eta 3.543.450 €-ko finantzaketa jaso du.
Oinarrizko metalak eraldatzeko, berreskuratzeko eta birziklatzeko bide eta prozesu berriak ikertzeko beharretik sortu zen SINCER proiektua. Horretarako, gaur egun botatzen diren metalurgia industriako hondakinak erabiliko dira. Helburua industrian sinbiosi eraginkorra bultzatzea da, hondakin horietan dauden oinarrizko metalak (Mn, Si, Mg, Ni, Cr) eta funtsezko metalak (Zn, Fe) berreskuratzeko eta balorizatzeko teknologia jasangarriak ikertzeko.
Ikerketa horren buru Ferroglobe enpresa da, Silizio metal eta ferroaleazioen ekoizpenean liderra den nazioarteko konpainia. Partzuergoan beste 5 enpresak (Técnicas Reunidas, Sidenor, Autlán, Magnesitas Navarras eta Semantic) eta 9 ikerketa-erakundek hartzen dute parte. Horien artean aipatzekoa da GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea.
Proiektuak lau urteko iraupena izango du. Materialen zikloak itxi nahi ditu eta materialak jatorrizko prozesuetan nahiz aplikazio estrategiko berrietan (bateriak, imanak eta aleazioak, esaterako) berriz erabiltzea posible egin nahi du.
Helburu horiek lortzeko, SINCERek prozesu hidrometalurgikoak eta pirometalurgikoak eta egokitzeko eta bereizteko teknologia aurreratuak erabiliko ditu, baliagaiak ahalik eta gehien berreskuratzeko eta lehengai estrategikoen zirkulartasuna hobetzeko. Lau industria-kideren jardueratik datozen bederatzi hondakin-korronte balorizatu nahi dituzte: Ferroglobe, Sidenor, Autlan eta Magnesitas Navarras.
GAIKERek esperientzia handia du birziklapenean eta ekonomia zirkularrean, eta gaitasuna du kalitate goreneko materialak lortzeko birziklatze-prozesu espezifikoak diseinatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko. Gainera, jasangarritasuna ebaluatzeko metodologiak sakon ezagutzen ditu. Horregatik, ikerketa honetan, hondakinen ezaugarritzeaz eta tratamenduaz, metalen berreskurapenaz eta bizi-zikloaren analisiaz arduratuko da.
Azken batean, SINCERek oinarrizko lehengaien inguruko ekonomia zirkular sendoa sortzen lagunduko du, kanpo-mendekotasuna murriztu eta industriarentzat balio handiko ezagutza zientifiko eta teknologikoa sortuko ditu.

CDTIren diru-laguntzarekin. Esp. 00179404 / MIG-20251225