GAIKERek SMARTµS proiektuan parte hartzen du; proiektu horretan, detekzio genetikoko teknika aurreratuetan oinarritutako sentsore elektrokimikoak garatuko dira bakterioak eta haien antibiotikoekiko erresistentzia-geneak identifikatzeko
GAIKER Zentro Teknologikoa Basque Research & Technology Allianceko (BRTA) kidea da, eta SMARTµS proiektuan lanean ari da (ingurune industrialetan sentsorizazio adimenduna mikro eta nanoteknologien bitartez).
Proiektu honek mikrosistemak fabrikatzeari lotutako erronka zientifiko-teknologikoak jorratzen ditu, 4.0 industrian aplikatzea sustatzeko. Helburua da ezagutza sortzea neurketa- eta transdukzio-printzipioen garapenean, sentsibilitate eta espezifikotasun handiko detekzioa bermatzeko, hainbat printzipio fisikotan oinarrituta. Horretarako, mikro eta nanoegiturak integratuko ditu transduktorean hainbat funtzionalitaterekin, zeinak mikro eta nanofabrikazioko teknologia aurreratuen bidez sortuko baitira.
GAIKERek esperientzia handia du bioteknologian (biodetekzioa eta biomedikuntza), nanoteknologian eta material aurreratuetan, eta aplikazioak ditu ingurumen-jasangarritasunean, nekazaritzako elikagaien sektorean eta osasunean. SMARTµS proiektuaren esparruan, 2. zereginaren buru da, eta bakterioak (Staphylococcus aureus, eta metizilinarekiko erresistenteak diren anduiak (MRSA), Listeria monocytogenes eta Legionella spp.) detektatzeko sentsore elektrokimikoak garatzea du ardatz LAMP anplifikazio genetikoa eta CRISPR-Cas teknologia uztartuz. Ikuspegi hori bereziki garrantzitsua da, gaur egun ez baitago proposatutako teknologietan oinarritutako sentsorerik patogeno horiek detektatzeko.
Garatutako sentsoreak batez ere nekazaritzako elikagaien ekoizpenean aplikatuko dira (esne-industria, haragiaren eta arrantzaren eraldaketa, edariak, besteak beste), baita in vitro diagnostikoari aplikatutako mikrofluidikoan, gainazalen biofuntzionalizazioan eta elektrokimika malguan adituak diren enpresen sustapenean ere, beste sektore estrategiko batzuen artean.
GAIKERek ez ezik, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko beste zazpi bazkidek ere garatu dute SMARTµS proiektua; besteak beste, TEKNIKER Fundazioak (partzuergoko liderra), Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (Fluidoen Mekanika Taldea) eta EHUk (Innovative Macromolecular Group, Kimika Fisikoko Saila). Proiektua maiatzean hasi zen, eta hogei hilabeteko iraupena du. Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, ELKARTEK programaren bidez. Programa horrek elkarlaneko ikerketa bultzatzen du arlo estrategikoetan.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua