CICLICOM sektoreko eragileen topagune izango den plataforma digitala eraikitzen ari da.
Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kide den GAIKER Zentro Teknologikoak zuzentzen du CICLICOM. Material konposatuen eta plastiko konplexuen zirkulartasunerako berrikuntza ekosistema aurrera doa, eta gaur egun sektoreko eragileen topagune izango den plataforma digital bat eraikitzeko fasean dago.
Plataforma horrek hondakin plastikoekin eta horiek tratatzeko behar diren teknologiekin lotutako eskaintza eta eskaria lotzea eta geolokalizatzea erraztuko du, hainbat erakunderen azpiegiturak, zerbitzuak eta gaitasunak bilduz. Helburua negozio aukera berriak sortzea, transferentzia teknologikoa erraztea, eta enpresen, zentro teknologikoen eta erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana sustatzea da. Era berean, plataforma handitzeko kanpaina bat egiten hasi da, gaitasun eta zerbitzu berriak eman ditzaketen erakunde berriak bertan sartzeko. Hedapen horrekin, soluzio teknologikoen garapena aberastu eta negozio aukera berriak sortu nahi dira.
CICLICOMi buruzko informazio gehiago
CICLICOM 2024an jarri zen martxan, material konposatuen eta plastiko konplexuen arloko eta bizi-ziklo amaieran hondakinak tratatzeko, birziklatzeko eta aprobetxatzeko teknologien arloko ekoizpen sektore nazionaleko funtsezko eragileak biltzeko asmoz. Ekosistema horren bidez, enpresei ezagutza eta azken belaunaldiko teknologia eskuratzen lagundu nahi zaie, azpiegitura eta zerbitzu sarea sortuz. Enpresek ekoizpen prozesuetan inbertsio handiak egin aurretik teknologiak ebaluatu ahal izateko ingurunea izango dute. Bitartean, ekosistemako eragileen artean sinergiak sortuko dira, hondakin plastikoen kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko eta materialen ekonomia zirkular eraginkorra lortzeko soluzio teknologikoak garatzeko.
Ekimena CDTIk (Industriako Garapen Teknologikorako Zentroa) finantzatzen du Berrikuntza Ekosistemak Programaren barruan, eta hauek ere parte hartzen dute: VALORIZA Servicios Medioambientales enpresak, Plastiko Birziklatzaileen Elkarte Nazionalak (ANARPLA), Basque Environment Clusterrak (ACLIMA) eta GAIKER, AIMPLAS eta CIDAUT zentro teknologikoek.
Elkarlanerako gunean parte hartzeko informazio gehiago: https://ciclicom.com/#contacto
