Archives for October 2025

Material konposatuak ukitu gabe monitorizatzeko teknologia berriak garatzen ditugu

MOSINCO proiektuak material konposatuez egindako piezak fabrikatzeko eta mantentzeko modua hobetuko du, kalitatea, segurtasuna eta trazabilitatea hobeto kontrolatuz.

GAIKER zentro teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea, MOSINCO proiektuaren buru da. Proiektu horren helburu nagusia material konposatuak ukitu gabe monitorizatzeko teknologia berriak garatzea da, materialak sortzen direnetik haien balio-bizitza amaitu arte. Helburua piezen kalitatea, segurtasuna eta trazabilitatea bermatzea da, eta akatsak, mantentze-kostuak eta hondakinak murriztea.

Ikerketa horren bidez, autodiagnostikorako gaitasuna duten konposite adimendunen belaunaldi berri bat sortu nahi da, eta horien mantentzea optimizatu ohiko ikuskapen garestiak saihestuz. Fabrikazioaren eraginkortasuna eta piezen egiturazko propietateak hobetu nahi dira, material gutxiago erabiliz. Hori lortzeko, hiru ildo teknologiko garatzen eta erabiltzen ari dira. Lehenik eta behin, materialetan txertatuko diren mikrohari magnetikoak, deformazioak, tentsioak eta esfortzuak edo tenperatura aldaketak nabaritzeko. Bigarrenik, airean akoplatutako ultrasoinuak (UTA), materiala fabrikatzean akatsak aurkitzeko eta ontzea ebaluatzeko. Eta, azkenik, tinta funtzionalak, tenperaturaren arabera kolorez aldatzen direnak, eta ontze-prozesua kontrolatzeko edo pieza bakoitza zein den zalantzarik gabe jakiteko balio dutenak. Proiektuan, hiru teknologia horien ahalmena aztertzen da, bai banaka, bai haien artean sor daitezkeen sinergiak ikusiz.

MOSINCO proiektua Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, arlo estrategikoetan elkarrekin ikertzeko ELKARTEK 2024 laguntza programaren bidez. Bertan, sei erakundek hartzen dute parte; Autotech (Gestamp), BCMaterials, EHU, Ideko, Deustuko Unibertsitatea eta GAIKER Zentro Teknologikoa bera, partzuergoaren ekintzak koordinatzeaz arduratzen dena, eta teknologiak industriaren beharrekin bat datozela ziurtatzeaz ere. Gainera, zentroak sentsoreak dituzten material berriak garatzen eta baliozkotzen ditu, eta monitorizazio-sistemak bizi-ziklo osoan erabiltzen direla ziurtatuko du.

Ikerketa hau aldaketa kualitatibo nabaria izango da material konposatuen piezak fabrikatzeko eta mantentzeko moduan; izan ere, teknologia berri horiei esker, kalitatea, segurtasuna eta fidagarritasuna hobeto kontrolatuko dira (akatsak eta hondakinak murriztuz) aeronautikaren edo automobilgintzaren sektoreetan, besteak beste. Azken batean, industria adimentsuagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko aurrerapausoa izango da.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua