Archives for May 2025

Mikrobiomaren ikerketak merkataritza aukera berri ugari ireki ditu Bioteknologia sektorean

Miguel Romanok idatzitako artikulua – GAIKEReko Bioteknologia saileko merkatuko arduraduna – Jatorrizkoa ikusi

Giza eta ingurumen mikrobiomaren ezagutza bioteknologia modernoaren etorkizun handiko arlo bezala agertu da. Inguratzen gaituen guztian mikroorganismo komunitate konplexuak bizi dira, eta horiek eragin erabakigarria dute osasunean, ekosistemetan eta elikagaien ekoizpenean.

Hainbat hamarkadatan zehar, mikroorganismoak ohiko kultibo tekniken bidez bakarrik aztertu dira, eta teknika horiek mikrobioen munduaren zati bat baino ez digute erakusten. Hala ere, DNA sekuentziatzeko errendimendu handiko teknologiek eta datu horiek prozesatzeko tresna bioinformatikoek irauli egin dute mikrobioen dibertsitatea eta erabilgarritasuna ulertzeko modua, eta osasuna, nekazaritza eta elikadura bezalako sektoreak eraldatu dituzte.

Ezagutza horrek mikrobio komunitateak gure onurarako karakterizatzean eta modulatzean datzan milioi askoko industria bultzatu du. Hala ere, oraindik eremu zabala dago aztertzeko, hainbat ekoizpen-sektoretan jasangarritasuna hobetzeko, baliabide naturalak eraginkortasunez erabiltzeko eta sortutako hondakinak murrizteko.

Bioteknologia mikrobianoa tresna estrategikoa da XXI. mendeko erronka handiei aurre egiteko, eta aukera komertzial handia da, bai produktu berriak garatzeko, bai analisirako, prozesuak diseinatzeko eta aholkularitza teknologikorako zerbitzu espezializatuak emateko. Horri dagokionez, GAIKERen enpresei eta erakundeei trantsizio horretan laguntzeko beharrezkoak diren gaitasun zientifiko eta teknologikoak ditugu, eta osasun, elikadura, ekonomia zirkularra eta klima-aldaketa arloetako erronka globalei aurre egiteko irtenbideak diseinatzen ditugu.

Laburbilduz, GAIKERen bioekonomiaren etorkizuna argi ikusten dugu, eta prest gaude aldaketa hori zuzentzeko. Mikrobioen ikerketaren alde egitea berrikuntzan inbertitzeaz gain, funtsezko ekarpena da munduko ongizaterako eta planetaren jasangarritasunerako. Irtenbide eraginkor eta arduratsuen beharra duen mundu batean, mikrobiologia industria osoak eraldatzeko gai den muga zientifiko eta komertzial berria da.

Gehiago jakiteko

Aurrera jarraitzen dugu material plastiko konplexuen zikloa ixteko birziklapen kimikoko teknologiak garatuz

NEOPLAST 2 proiektuak birziklapen kimikoko teknologiak erabiliz plastiko konplexuen hondakinetatik kalitatezko produktuak lortzeko prozedurak zehazten ditu.

Joan den martxoan GAIKER Zentro Teknologikoak zuzendutako NEOPLAST 2 proiektua amaitu zen. GAIKER Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kide da.

NEOPLAST 2 proiektua 2023an hasi zen eta bere helburua hainbat hondakin plastiko kalitate handiko baliabide bihurtzen lagunduko zuten birziklatze kimikoko prozesuak garatzeko, hobetzeko eta egokitzeko ikertzea zen, baliabide horiek bigarren mailako lehengai zorrotzenen merkatuek eskatzen dituzten zehaztapenak bete zitzaten. Kontua zen ezagutza sortzea, industria sareak plastikozko materialen erabilera hobea, jasangarriagoa eta zirkularragoa egiteko ezagutza eta teknologia izan zitzan.

Amaierara iritsita, proiektuak proposatutako helburua lortu du. Gaur egun zabortegira bidaltzen diren plastiko konplexuen hondakin-korronteetatik abiatuta, birziklapen kimikoaren bidez, plastiko, kimika eta fintze industrietako ekoizpen-zikloetan berriro sartzeko behar den kalitatea duten produktuak garatzeko prozedurak arrakastaz definitu ditu.

Lortutako emaitzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

• Solbolisi eta produktuen garbiketa prozesuak batera erabiltzea, poliester eta poliuretano berriak fabrikatzeko momeroak eta aitzindariak lortzeko.
• Pirolisi eta bereizketa prozesuak erabiltzea, poliolefina berriak eta material adsorbatzaileak fabrikatzeko hidrokarburo frakzioak lortzeko.
• Bi etapatako gasifikazio prozesuak garatzea, hondakin plastikoetatik hidrogeno gasa sortzeko
• Prozesatzeko bide berriak irekitzea, hala nola mikroorganismoak edo entzimak erabiltzen dituen biobirziklapena.
• Prozesu berriak gaur egun ia birziklatzen ez diren hondakin plastikoekin erabiltzen hastea, esaterako konposite termoegonkorrekin.

Bestalde, bizi-zikloaren analisiaren bidez, garatutako birziklapen kimiko prozesu berriek ingurumenera ekartzen duten hobekuntza egiaztatu ahal izan da. Gaur egun plastiko konplexuen hondakinak botatzeak pertsonengan eta ingurune naturalean dituen eragin kaltegarriak murriztu direla baieztatu da.

NEOPLAST 2 proiektua Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, Elkarlanean egindako ikerketarako ELKARTEK laguntza-programarekin (KK-2023/00060 espedientea). GAIKER zentro teknologikoa koordinatzailea izan da, eta beste lau euskal eragile teknologikok parte hartu dute proiektuan: EHUko Ingeniaritza Kimiko departamentua, EHUko Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen departamentua, Tecnalia eta Polymat. Horiei guztiei esker, arrakasta lortu izan da eta EAEko ehun industrialak hondakinak tratatzeko eta baliozko produktuak sortzeko birziklapen kimikoko teknologiak erabiliz material plastikoen zikloak itxi ahal izango ditu.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua

Mikroorganismoen biofaktoriak

Mikroorganismoak biofaktoria gisa erabiltzen ditu GAIKERek, intereseko konposatuak modu jasangarrian eta eraginkorrean ekoizteko eta degradatzeko duten gaitasun naturala aprobetxatuz.

Mikroorganismoak ekoizpen- eta bioerremediatze-plataforma bihurtzen ditugu, hainbat erabileratarako; besteak beste, osagai funtzionalak, kosmetikoak, bioerregaiak, bioplastikoak, entzimak eta produktu kimikoak. Horrek guztiak ekonomia zirkularra sustatzen laguntzen du.

30 urtetik gorako esperientziarekin, GAIKERek soluzio pertsonalizatuak diseinatzen ditu enpresen jasangarritasuna eta lehiakortasuna maximizatzeko, eta industria-prozesuak etorkizun garbiago eta eraginkorrago baterantz eraldatzen dituen ikuspegi berritzaile eta ekologikoa eskaintzen du.

Gehiago jakin nahi duzu? Jarri gurekin harremanetan