SAbyNA proiektua arrakastaz amaitu da, zientzian oinarritutako laguntza eskainiz nanoteknologiaren etorkizun seguruago baterantz

SAbyNA proiektua, Europar Batzordearen Horizon 2020 programak finantzatua, arrakastaz amaitu da, nanomaterialak eta nanoteknologiaz egindako produktuak modu seguruagoan eta jasangarriagoan garatzeko orientabidea emateko lau urte baino gehiagoko lanaren ondoren.

Socorro Vázquez-Campos doktoreak (Leitat) koordinatu du proiektua, eta, horren ondorioz, orientaziorako web-plataforma integrala sortu da (https://platform.sabyna.eu/), nanomaterialak eta produktu seguruagoak garatzeko jarraibideak eta tresnak eskaintzeko. Plataforma hori nanoteknologiaz egindako materialak eta produktuak diseinatzen, garatzen eta ekoizten dituztenentzat sortu da, eta baita ikertzaileentzat ere. Plataformak, batez ere, bi sektore nagusi gidatzen ditu, Margoak eta Fabrikazio Gehigarria, nanoteknologian oinarritutako produktu seguruagoak garatzeko.

Socorro Vázquez-Campos: "SAbyNA aurrerapauso erabakigarria izan da, nanomaterial eta nanoteknologiaz egindako produktu seguruagoak diseinatzeko eta garatzeko metodologiak eman baititu. Proiektu honetan sortutako laguntza web-plataforma baliabide ezin hobea izango da berrikuntza bultzatzeko eta nanoteknologiarentzat etorkizun seguruagoa eta jasangarriagoa ziurtatzeko."

Teknologia berrien segurtasunari modu erreaktiboan ekiten dioten ikuspegi tradizionaletan ez bezala, SAbyNAk produktuak eta prozesuak diseinatzeko eta garatzeko hasierako etapetatik segurtasuna modu proaktiboan ebaluatzeko estrategiak ezarri ditu. Horrela, langileentzako, kontsumitzaileentzako eta ingurumenerako segurtasuna maximizatzen da, eta, aldi berean, nanomaterialek eta nanoteknologiaz egindako produktuek ematen duten funtzionaltasunaren onura guztiak mantentzen dira.

Nanoteknologia segurua garatzeko plataforma integrala
SAbyNA Orientazio Plataformak nanoteknologiaren diseinu eta garapen seguruagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko baliabide ugari eskaintzen ditu, besteak beste:

  • Nanopartikulen segurtasuna, fabrikazio-prozesuak eta nanoteknologiaz egindako produktuen erabilera erraz eta sakonago ebaluatzeko urratsez urratseko prozedura.
  • Nanomaterialen eta nanoteknologiaz egindako produktuen segurtasuna, jasangarritasuna eta kostuak bizi-ziklo osoan hobetzeko lan-fluxu eta estrategietarako jarraibide zehatzak, haiek ekoiztu eta ezabatu arte.
  • Nanomaterialen eta nanoteknologiaz egindako produktuen diseinuan eta garapenean segurtasuna, jasangarritasuna eta kostuak ebaluatzeko tresnak, ereduak eta metodologiak.
  • Ebaluazioetarako, osasunari eta ingurumen- eta lan-segurtasunari buruz dauden datuak eta datu berriak eskuratzea errazten duten datu-baliabideak.
  • Bizi-zikloa ebaluatzeko (LCA) eta ingurumen-jasangarritasunerako kostuak ebaluatzeko tresna sinplifikatuak eta bi sektore garrantzitsuetara (Margoak eta Fabrikazio Gehigarria) egokitutako kostuen ebaluazioa.

ThinkWorks B.V.ren jabekide den eta plataformaren garapenean liderra izen den Ralph Vanhautenek dioenez, "SAbyNAk orientazio aditua eskaintzen du, jarraibideak eta datu-baseak bezalako baliabideen bidez. Kasu pertsonalizatuak konfiguratzeko eta jasangarritasunaren eta kostuen ebaluazio sinplifikatuak egiteko aukera ere ematen du. Kasu bat eraikitzeko, erabiltzaileak materialak sartu behar ditu, emango dioten erabilera deskribatu behar du, eta askapen, esposizio eta arrisku egoerak azaldu behar ditu. Pauso horiek emateko, menu klikagarriak eta lineako aplikazioari lotutako datu-baseak daude. Ezagutza-moduluen bidez, giza osasunerako eta ingurumenerako arrisku potentzialak aurkitzen laguntzen zaio erabiltzaileari, eta arrisku horiek murrizteko edo arintzeko ekintza espezifikoak proposatzen dira. Azkenik, hainbat egoera konpara daitezke, erabakiak hartzeko prozesua errazteko (produktuaren funtzionaltasuna mantenduko edo hobetuko duten konponbide seguruagoak, jasangarriagoak eta merkeagoak)".

SAbyNA proiektuaren emaitzek aurrerapen nabarmena ekarri diote nanoteknologiaren industriari, nanomaterialen eta nanoteknologiaz egindako produktuen garapen arduratsurako eremu integrala eskainiz. SAbyNA online orientazio-plataforma industriarako, garatzaileentzako eta ikertzaileentzako funtsezko tresna bihurtzea espero da, nanoteknologiarentzat etorkizun seguruagoa eta jasangarriagoa lortzen laguntzeko.

Daniel Perssonek, Nouryon-eko Inorganic Specialties I+Gko zientzialariak, hau dio: "Nouryon liderra da produktu kimiko espezializatuetan, eta silize koloidal estandarraren eta silanoarekin aldatutako silize koloidalaren hornitzailea da. SAbyNA proiektuan sartu ginen, silize-nanoformen gainazala silanoarekin aldatu ondoren behatutako toxikotasunaren murrizketa hobeto ulertzeko. SAbyNA metodologiak eta beste ebaluazio-tresna batzuk erabiliz, emaitzek gure aurretiko azterketak berretsi zituzten, eta, gainera, aukera eman zuten gainazaleko silano estaldura gero eta handiagoa zuten laginetan efektu osoa lortzeko behar zen gainazalaren funtzionalizazio-maila optimoa aurkitzeko. Aurkikuntza horiek oso interesgarriak dira beste nanomaterial batzuk egiten dutenentzat; izan ere, nanoteknologiaz egindako produktuen materialak diseinatzean diseinu seguruko antzeko estrategiak aplika litezke".

SAbyNA proiektua ofizialki 2024ko maiatzaren 31n amaitu bazen ere, nanoteknologiara ekarri duen berrikuntza eta segurtasun ondareak iraun egiten du. Lineako Orientazio Plataforma eta proiektuan garatutako baliabideak irisgarri eta eguneratuta egongo dira, haien eragin positiboak denboran zehar jarraituko duela bermatzeko.

Plataformatik harago, SAbyNA proiektua garatu duen taldea nanoteknologiaren garapen arduratsuarekin konprometitutako aditu eta profesionalen sare sutsu bihurtu da. Sare horrek lankidetzan eta ikerketa eta proiektu berriak sustatzen jarraituko du, SAbyNAren ikuspegi proaktibo eta seguruak etorkizuneko nanoteknologiaren estandarra ezartzen jarraituko duela ziurtatuz.

Araceli Sánchez-Jiménezek, Espainiako Segurtasun eta Osasun Institutu Nazionaleko eta SAbyNAren Aholku Batzordeko kidea, baieztatu duenez: "SAbyNAk Diseinu bidezko Segurtasun eta Jasangarritasunaren (SSbD) ebaluazio konplexua elkarlaneko prozesu optimizatu bihurtzen du. Materialen propietateetan eta prozesuaren parametroetan egiten diren aldaketek segurtasunean eta jasangarritasunean duten eragina ikustea ahalbidetzen du, horrela erabakiak informazio nahikoa izanda hartu ahal izateko." Eta gainera hau dio: "Ebaluazioaz gain, SAbyNAren ardatza diseinua da, eta horretarako ekintzak proposatzen ditu nanomaterialak, produktuak edo prozesuak seguruagoak eta jasangarriagoak izan daitezen."

Proiektua egin duten pertsonak eta proiektuan zehar garatutako baliabideak etorkizuneko ekimenetarako oinarri sendo izango dira, nanoteknologiak aurrerapen teknologikoa bultzatzen jarraituko duela ziurtatuz, produktu seguruagoak eta jasangarriagoak ekoizten dituen bitartean.

SAbyNAri buruz
SAbyNA (Safe by Design for Nanomaterials) Europar Batasuneko Horizon 2020 programak finantzatu du (G.A. N 862419). Bere helburua nanomaterialen eta nanoteknologiaz egindako produktuen diseinu segururako estrategiak garatzea da. Socorro Vázquez-Campos doktoreak (Leitat) koordinatu zuen proiektua, eta 17 bazkideko partzuergoa du; besteak beste, unibertsitateak, zentro teknologikoak, ikerketa institutuak eta industria (ETEak eta enpresa handiak).

GAIKERen lana
GAIKERek esperientzia handia du nanomaterialak dituzten produktuen segurtasunaren eta jasangarritasunaren ebaluazioan eta diseinu seguru eta jasangarrirako tresnen erabileran. Proiektu honetan, bizi-zikloaren analisia (LCA) egiteko plataforma sinplifikatu bat garatzeaz arduratu da, nagusiki bi sektoretako produktuetan (fabrikazio gehigarria eta margoak) nanomaterialak erabiltzeak ingurumenean dituen ondorioak ebaluatzeko. Halaber, segurtasuna ebaluatzeko estrategia baten garapenean parte hartu du, eta sektore horietarako bi azterketa-kasurekin egiaztatu izan da.

Informazio gehiago:

Hemen partekatu:

Lotutako post-ak

GAIKER Cosmetorium-en

GAIKER aurten ere joango da kosmetika industriak Espainian duen urteroko deialdi nagusira, Cosmetorium-era