PAIramid proiektu europarrak proba birtualak egiteko plataforma garatuko du, material konposatuen ezaugarritze-piramidean diseinatzen eta prozesatzen laguntzeko.
GAIKER zentro teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kide, "Al-based testing pyramid virtual certification of next-gen composite aerostructures” (pAIramid) proiektu europarrean parte hartzen du.
Ikerketa 2024an hasi zen eta 45 hilabeteko iraupena izango du. Ikerketaren helburua adimen artifizialean (AA) oinarritutako tresna eta metodologietan aurrera egitea da, konpositezko egitura aeronautikoak diseinatzeko eta fabrikatzeko prozesuak eraldatzeko, erretxina termoegonkor eta termoplastiko funtzionalizatu jasangarriak erabiliz.
Industria aeroespazialak erronka handiei egin behar die aurre material konposatuzko aeroegiturak ziurtatzeko orduan; izan ere, prozesu konplexu eta garestia da hori. Prozesua piramide tradizionalean oinarritzen da, eta maila bakoitzean, materialetatik hasita eta aeroegitura osoetaraino, lan handia eskatzen duten proba sekuentzialak egiten dira.
Erronka horiei irtenbidea emateko asmoz, pAIramid sortu zen. Proiektu horretan, proba birtualetarako plataforma bat sortuko da ezaugarritze-piramidearen maila guztietan (materialaren probeta, elementua, osagaia eta egitura osoa) diseinatzen eta prozesatzen laguntzeko. Horrela, ziurtapen birtuala optimizatu, berrikuntza bizkortu eta diseinuan erabakiak errazago hartu ahal izango dira. Halaber, proiektuan erretxina termoegonkor eta termoplastiko funtzionalizatuak garatuko dira, eta LRI (Liquid Resin Infusion) eta FDM (Fused Deposition Modelling) fabrikazio-prozesuak optimizatuko dira, pieza funtzionalizatu konplexuak modu errentagarrian eta eskalagarrian ekoizteko.
Ikuspegi berritzaile horrekin, saiakuntza fisiko garestien ordez, fideltasun handiko simulazioak eta datuetan oinarritutako ezagutzak erabili nahi dira, ziurtapena prozesu arinagoa, eraginkorragoa eta konektatuagoa bihurtuz.
PAIramid proiektuan zazpi herrialdetako 13 kide estrategikok egiten dute lan, horien artean GAIKER, konpositeen formulazioan eta diseinuan aditua. GAIKERek erretxina termoegonkor funtzionalizatuak garatuko ditu eta haien ezaugarritzea egingo du, proiektuan egingo diren lau azterketetako bitan erabiltzeko: hegazkinaren atearen egituran eta hegalaren aurreko ertzean.
Ikerketa Europar Batasunaren HORIZON programaren barruan egingo da, eta funtsezko urratsa da Europako industria aeroespaziala digitalizatzeko bidean, aireontzi jasangarriagoak eta eraginkorragoak garatzeko estandar berri bat ezarriko baitu.
Proiektuko kideak
PAIramid proiektua osatzen duen partzuergoan, IKERLAN S. Coop. (proiektuaren koordinatzailea), GAIKER, IRT Jules Verne eta INEGI ikerketa eta teknologia zentroak, eta Gironako Unibertsitatea eta Brunel University London unibertsitate ospetsuak daude, besteak beste. Era berean, sektore aeroespazialeko kide industrialak ere daude, hala nola Collins Aerospace-RTX, Turkish Aerospace, POTEZ Aeronautique eta SOFITEC Aero, eta aholkularitza eta zerbitzu teknologiko arloetako enpresak ere, hala nola MECA, LKS Next eta Zabala Innovation Europe.
Informazio gehiago: https://pairamid.eu/

Proeiktuak Europar Batasunaren Horizon Europe ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantzaketa jaso du, 101192736 zenbakiko dirulaguntza-hitzarmenaren bidez.