GAIKERek koordinatzen duen RESITES proiektuari esker, konposite birziklagarri berriak sortuko dira, produktu arin, gogor eta jasangarriak eraginkortasunez fabrikatzeko.
GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, RESITES proiektua koordinatzen du (Beirazko eta karbonozko zuntz birziklatuak konposite birziklagarri berriak bihurtu). Ekimen estrategiko horren helburua hondakinetatik eta ekoizpen-lermetatik datozen karbono- eta beira-zuntz birziklatuak eraginkortasunez nola erabili ikertzea da. Haien propietateak hobetu nahi dituzte, konposite birziklagarri berriak sortzeko. Horretarako, euren ezaugarrien eta prozesagarritasunaren ereduak egingo dituzte, produktu arin, gogor eta jasangarriak modu eraginkorrean fabrikatzeko.
Urtero, ekoizpen-lermetatik zein bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi diren elementuetatik datozen material konposatuen hondakin ugari pilatzen dira. Azken urteotan, aurrerapen garrantzitsuak egin dira material konposatuak birziklatzeko teknologien arloan, baina berreskuratutako zuntzak modu eraginkorrean berrerabiltzea erronka bat da oraindik ere. Testuinguru horretan, RESITES proiektuak ikuspegi berritzailea proposatzen du, eta gaitasun ugari izango dituzten konposite birziklagarrien belaunaldi berri bat ikertzen ari da, zuntz birziklatuetan eta erretxina birziklagarrietan oinarrituta.
Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, arlo estrategikoetan elkarrekin ikertzeko ELKARTEK 2025 laguntza programaren bidez. Errefortzu birziklatuen funtzionalizazio, sizing eta hibridazio teknologietarako konponbideak emango ditu, errebalorizatzeko, eta aurreinpregnatuak, konposite birziklagarriak eta fabrikazio aditiboko materialak formulatzeko. Gainera, materialen eta prozesuen ereduak egiteko konponbideak ere aztertuko ditu.
Ekimen horren ondorioz, laborategi-eskalan hainbat garapen esperimental egingo dira: berriro erabili ahal izango diren beira- eta karbono-zuntzak, organosheet termoplastikoak, SMC birziklagarri termoplastikoa eta termoegonkorra, eta 3D inprimaketako pelletak/harizpiak. Halaber, zuntz birziklatuz indartutako aurreinpregnatu birziklagarrien portaera eta prozesagarritasuna aurreikusteko ereduak ere garatuko dira.
GAIKER Zentro Teknologikoak, funtzio eta egitura aldetik prestazio hobeagoak dituzten material polimeriko jasangarriak garatzen aditua da, eta proiektua koordinatzeaz gain, hainbat lan eremutan ere parte hartzen du:
- Beirazko eta karbonozko zuntz birziklatuak berriro erabiltzeko prestatzea, material konposatu jasangarriak eta prozesatzeko teknika aurreratuak garatuz. Zuntz laburren tratamendu kimikoa eta dosifikazioa ikertzen du SMC, GMT eta ehundu gabeko ehunetan, eta ehun horiek optimizatzeko ere ikertzen ari da, norabide zehatzetan jarritako errefortzuen eta ijezketa hibridoaren bidez.
- (Berrirro prozesatu ahal diren) erretxina termoplastiko erreaktiboekin aurreinpregnatuak garatzea.
- Birziklatze-metodo mekanikoak eta kimikoak aztertzea, garatutako material berrien zirkulartasun osoa ziurtatzeko.
Proiektuan lortuko diren aurrerapenek eragin garrantzitsua izango dute mugikortasun (automobilgintza, trenbidea, aeronautika eta itsasokoa), energia, kirol eta eraikuntza arloetan, eta horiek guztiek garrantzi handia dute euskal industrian eta ekonomian. Gainera, arlo horietan konpositeen eraldaketarekin lotutako industriek funtsezko eginkizuna dute.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua


