Hiru europar proiektu koordinatzen ari gara

GAIKEReko Konposite eta polimero funtzional jasangarrien sailean, ECORES WIND, BIOSAFIRE eta E-OILÉ europar proiektuak koordinatzen ari gara.

Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea den GAIKER zentro teknologikoa, bere Konposite eta polimero funtzional jasangarrien sailean, Horizon Europe programaren barruan Europar Batasunak finantzatzen dituen garapen teknologikoko eta berrikuntzako hiru proiektuen buru da. Ecores Wind, Biosafire eta E-oilé proiektuak dira, HORIZON-CL5-2023-D3-02, HORIZON-CL4-2024-RESILIENCE-01 eta HORIZON-CL4-2024-RESILIENCE-RESILIENCE-01-TWO-STAGE deialdietan onartuak hurrenez hurren.

Energia eolikoko sistemen zirkulartasuna hobetzeko eta haien ingurumen-aztarna txikiagotzeko, 2024an "Novel Circular Resin Development for Composite Structures in Wind Energy Applications” (ECORES WIND) proiektua hasi zen, material konposatuentzako erretxinazko sistema zirkular berriak garatzeko helburuarekin. Asmoa zirkulartasun handiagoa, balio-bizitza luzea eta eraispen eraginkorra erraztuko duten aukerak aztertzea da.

Urte berean, "Development and Manufacture of New, More Sustainable and Safer Materials Using Biobased Functionalised Additives Based on Lingin and Tannins to Improve Fire Resistance" (BIOSAFIRE) proiektua ere jarri zen martxan, oinarri biologikoko sugar-atzeratzaile seguru eta jasangarrien belaunaldi berri bat garatzeko, gaur egungo produktu toxikoen ordez errendimendu handia eta ingurumen-inpaktu txikiagoa dituzten beste batzuk erabiltzeko.

Eta, azkenik, aurtengo ekainaren hasieran "Sustainable End-of-Life Routes for Single-Use Monodose Packaging for Oily Products” (E-OILÉ) proiektua hasi zen. Ikerketa honetan ontzi biodegradagarriak, seguruak eta jasangarriak garatu nahi dira. Oinarri fosileko material ez-biodegradagarriekin fabrikatutako egungo dosi bakarreko ontzi malgu eta erdizurrunak ordezteko alternatiba errentagarria lortu nahi da, SSbD esparruari jarraiki.

GAIKERek proiektuetan egiten duen lana

GAIKERek, lau urteko iraupena duten hiru proiektu horien buru izateaz gain, jasangarritasunerako trantsizioa egingo du hainbat arlotan. ECORES WIND proiektuan, garatzen diren material berrien ezaugarritzea egingo du, baita fabrikazio-prozesuetan ere egingo du lan, eta egindako erretxina berrien birziklatze-prozesuak eskalatzeaz arduratuko da.

BIOSAFIREren kasuan, GAIKERek matrize termoegonkorrekin garatutako oinarri biologikoko sugar-atzeratzaile berrien bateragarritasuna aztertuko du. Halaber, zenbait pieza egiten ere lagunduko du, eta horiek ezaugarritzeaz arduratuko da, gehigarri jasangarri berri horiek suaren aurrean dituzten propietateak ebaluatzeko. Suarekiko portaera aztertzen GAIKERek duen esperientzia zabalari esker, hainbat su-saiakuntza egingo ditu sektore bakoitzerako eskatutako araudiari jarraituz. Eta bioteknologia sailean, SSbD (Safe and Sustainable by Design) esparruan bildutako beste saiakuntza batzuk ere egingo ditu, garatuko diren produktuen segurtasuna zehazteko.  

Bestalde, E-OILÉ proiektuan, Zentro teknologikoak material eta ontzi biodegradagarriak maila funtzionalean baliogarriak diren aztertuko du, eta industria mailan ekoiztu aurretik diseinu berria ere emango die.  Gainera, bizi-zikloko metodologien bidez, bai ingurumenari dagokionez bai ekonomiari dagokionez (LCA eta LCC), ontzi biodegradagarrien jasangarritasuna, zirkulartasuna eta birziklagarritasuna ere aztertuko ditu.

GAIKERek ibilbide luzea du nazioarteko partzuergoetan, eta, horri esker, aliantzak eta elkarlanerako inguruak ezar ditzake, Europako I+G programetan parte hartzeko. Horren erakusgarri da hiru proiektu horien buru izatea eta 160 proiektu baino gehiagotan parte hartu izana.

Proiektu hauek EBko Horizon Europe ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantzaketa jaso dute, 101178218, 101148066 eta 101177771 zenbakidun dirulaguntza-hitzarmenei jarraikiz.

Adierazitako iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez Europar Batasunarenak adierazten. Europar Batasuna eta dirulaguntza ematen duen agintaritza ez dira horien erantzule.

Hemen partekatu:

Lotutako post-ak