Ezagutza arloak

Plastikoa eraldatzen duten enpresei zuzendutako jardunaldiaren edizio berria badugu.

ALLOD Werkstoff-ek (Kautxu termoplastiko-TPEtako I+Gn espezialista) eta GAIKER Zentro Teknologikoak “Materialetan eta Plastikoaren Teknologietan Berrikuntza”ri buruzko hamalaugarren jardunaldira gonbidatzen dituzte plastikoen transformazioaren sektoreko enpresak. Edizio berri hau Bizkaiko Parke Teknologiko eta Zientifikoko Itsasontzi Eraikinean (Zamudio) egingo da, azaroaren 14an.

Bertan, plastiko sektoreko joera nazionalak eta nazioarteko joerak aurkeztuko dira, bai eta plastikoaren transformazioaren sektorean egon diren garapen eta aurrerapen berriak ere, lehengaiei, prozesatzeari eta makinei dagokionez.

Jardunaldi hori erreferentzia da sektoreko enpresa eta hornitzaileentzat, ezagutza eta haien arteko harremanak ahalbidetzen baititu. Jardunaldia doakoa da eta plaza mugatuak ditu.

Informazio gehiago eta izen ematea: Viviana Avendaño (informacion@allod.com) edo GAIKERen webgunean

NEOPLAST 2 proiektuak birziklapen kimikoko teknologiak erabiliz plastiko konplexuen hondakinetatik kalitatezko produktuak lortzeko prozedurak zehazten ditu.

Joan den martxoan GAIKER Zentro Teknologikoak zuzendutako NEOPLAST 2 proiektua amaitu zen. GAIKER Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kide da.

NEOPLAST 2 proiektua 2023an hasi zen eta bere helburua hainbat hondakin plastiko kalitate handiko baliabide bihurtzen lagunduko zuten birziklatze kimikoko prozesuak garatzeko, hobetzeko eta egokitzeko ikertzea zen, baliabide horiek bigarren mailako lehengai zorrotzenen merkatuek eskatzen dituzten zehaztapenak bete zitzaten. Kontua zen ezagutza sortzea, industria sareak plastikozko materialen erabilera hobea, jasangarriagoa eta zirkularragoa egiteko ezagutza eta teknologia izan zitzan.

Amaierara iritsita, proiektuak proposatutako helburua lortu du. Gaur egun zabortegira bidaltzen diren plastiko konplexuen hondakin-korronteetatik abiatuta, birziklapen kimikoaren bidez, plastiko, kimika eta fintze industrietako ekoizpen-zikloetan berriro sartzeko behar den kalitatea duten produktuak garatzeko prozedurak arrakastaz definitu ditu.

Lortutako emaitzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

• Solbolisi eta produktuen garbiketa prozesuak batera erabiltzea, poliester eta poliuretano berriak fabrikatzeko momeroak eta aitzindariak lortzeko.
• Pirolisi eta bereizketa prozesuak erabiltzea, poliolefina berriak eta material adsorbatzaileak fabrikatzeko hidrokarburo frakzioak lortzeko.
• Bi etapatako gasifikazio prozesuak garatzea, hondakin plastikoetatik hidrogeno gasa sortzeko
• Prozesatzeko bide berriak irekitzea, hala nola mikroorganismoak edo entzimak erabiltzen dituen biobirziklapena.
• Prozesu berriak gaur egun ia birziklatzen ez diren hondakin plastikoekin erabiltzen hastea, esaterako konposite termoegonkorrekin.

Bestalde, bizi-zikloaren analisiaren bidez, garatutako birziklapen kimiko prozesu berriek ingurumenera ekartzen duten hobekuntza egiaztatu ahal izan da. Gaur egun plastiko konplexuen hondakinak botatzeak pertsonengan eta ingurune naturalean dituen eragin kaltegarriak murriztu direla baieztatu da.

NEOPLAST 2 proiektua Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, Elkarlanean egindako ikerketarako ELKARTEK laguntza-programarekin (KK-2023/00060 espedientea). GAIKER zentro teknologikoa koordinatzailea izan da, eta beste lau euskal eragile teknologikok parte hartu dute proiektuan: EHUko Ingeniaritza Kimiko departamentua, EHUko Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen departamentua, Tecnalia eta Polymat. Horiei guztiei esker, arrakasta lortu izan da eta EAEko ehun industrialak hondakinak tratatzeko eta baliozko produktuak sortzeko birziklapen kimikoko teknologiak erabiliz material plastikoen zikloak itxi ahal izango ditu.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua

FENICE proiektu europarrak birziklatu daitezkeen, arinak diren eta suarekiko erresistentzia ona duten baterien kutxak garatzea du helburu.

GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kideak, Europako Fire Resistant Environmental Friendly Composites (FENICE) proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburua automobilen sektorerako bateria-kutxa arin eta seguruak garatzea da, material jasangarri eta berritzaileen erabilerari esker birziklatu ahal direnak.

Ikerketa hori prezio eskuragarriko soluzio eraginkorrak bilatzeko beharraren ondorioz sortu zen, automobilak elektrifikatzeko hain astunak ez diren eta suarekiko erresistentzia ona duten bateria kutxak egiteko. Bertan, nazioarteko 10 kidek parte hartzen dute, prozesuaren beren know-howa garatzeaz eta diseinatzeaz arduratuko direnak, TRL8 teknologiaren heldutasun-mailara iritsi arte (ingurune erreal batean proben eta erakustaldien bidez ziurtatutako sistema osoa).

Proiektuan zehar, fibra-metal ijeztuetan (FML) oinarritutako hainbat material garatuko dira, bai eta jasangarritasunari eta segurtasunari dagokienez abantailak dituzten konposatu berritzaileak ere. Material horiek egiteko, beira-zuntzekin eta basaltoarekin aurreinpregnatuak egingo dira, eta horrela azken materialaren kostu lehiakorra eta ingurumen-inpaktuaren murrizketa bermatuko dira.

FML materialak aukeratzeko arrazoi nagusia material mota horiek suaren aurrean ezaugarri onak dituztela da. FMLez gain, ikerketa honetan bateria-kutxak fabrikatzeko geopolimero indartuak erabiltzea ere proposatzen da, horiek ere propietate termiko eta suarekiko erreakzio bikainak baitituzte.

GAIKERek, materialak karakterizatzeko laborategiko saiakuntzetan aditua, ENACek eta ILAC-MRA Europako erakundeak ziurtatutako suaren aurkako erreakzio-laborategia du. Proiektu honetan, garatutako materialen su-saiakuntzak egitea izango da bere lana, baita probeten saiakuntza mekanikoak ere, suarekiko esposizioaren aurretik eta ondoren, haien hondar-erresistentzia behatzeko.

FENICE proiektua 2022an sortu zen, eta 2025ean amaituko da. Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) finantzatu du, Horizon 2020 EBren Ikerketa eta Berrikuntza Esparru Programaren barruan.

Proiektuari buruzko informazio gehiago: https://www.fenice-composites.eu /

Aurten, nazio mailako baliabideak erakartzeko 12 proiektu berrietan lan egiten hasi gara.

Batek Enpresa Talde Berritzaileentzako (AEI) programaren laguntza jaso du, 3. ildo pean: teknologia digitaleko proiektuak.

• TeraMAT2: Material plastiko birziklatuen trazabilitatea bermatzeko ziurtapen-plataforma ireki bat garatzea, Blockchain bidez eta terahertzioen mailan ikuskatuz


Industria, Merkataritza eta Turismo ministerioak finantzatzen du

Zortzik ELKARTEK 2024 arlo estrategikoetarako Elkarlaneko Ikerketarako Laguntza Programaren laguntza jaso dute.

• MOSINCO: Material konposatuak monitorizatzea haiek ukitu gabe, fabrikatzen direnetik bizi-amaierara arte. GAIKERek koordinatzen du
• BG24: Minbiziaren eragile molekularrak aztertzea eta ezaugarritzea, eta haien erabilera berritzaileak doitasunezko tratamendu onkologikoetan ikertzea.
• BMG24: Fibrosiari lotutako birika-hipertentsioa diagnostikatzeko eta tratatzeko biomarkatzaileei eta metodo alternatiboei buruzko elkarlaneko ikerketa.
• EnHarPE: Energy harvesting sistema berriak, soluzio inprimatuen eta material jasangarrien bidez autoelikatzen diren potentzia txikiko gailuetarako.
• 3DGREEN: Jatorri birziklatua duten 3D inprimaketarako material funtzional jasangarriak, sektore elektronikorako
• ADDICOMP: Mass Production Digital Composites. Egiturazko konpositeen fabrikazio gehigarriko teknologiak.
• TERCOMAT: Plastikoak eta altzairua hibridatzeari buruzko ikerketa.
• CirIAMet: Erabiltzen ez diren ibilgailuen belaunaldi berrian metalen zirkulartasuna bultzatzeko teknologia adimendunak

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatzen ditu

Beste batek Transferentzia Teknologikoa 2024 programaren laguntza jaso du
• COMPLESOLV: Material plastiko konplexuetarako ekonomia zirkularra ezartzea, solbolisi- eta disoluzio-prozesuak garatuz eta erabiliz.

Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du, Transferentzia Teknologikoa 2024 Programaren bidez

Beste batek Berrikuntza Ekosistementzako Laguntza 2024 jaso du
• CÍCLiCOM: Material konposatuen eta plastiko konplexuen zirkulartasunerako berrikuntza-ekosistema. GAIKERek koordinatzen du

Eta azkenak TransMisiones 2024 programaren laguntza jaso du
• CICLO: Industria eolikoan zirkulartasuna lortzeko lankidetza eta ikerketa. GAIKERek koordinatzen du.

CDTIren diru-laguntzarekin

Bestetik, nazioarteko baliabideak erakartzeko proiektuei dagokienez: 2024an, Europar Batasunaren laguntza jaso dugu HORIZON EUROPE programaren esparruan baliabideak erakartzeko 4 proiektu berri egiteko. Proiektu horietako bi zuzentzen ditugu:

• BIOSAFIRE: Development and manufacture of new, more sustainable and safer materials using biobased functionalised additives based on lingin and tannins to improve fire resistance. GAIKERek koordinatzen du
• E-OILE: Sustainable End-of-life routes for Single-use monodose packaging for oily products. Coordinado por GAIKER
• DESIDERATA: Integrated Pathways: Advancing Safe and Sustainable by Design Material Innovation through Collaborative Wisdom
• PAIRAMID: AI-based testing pyramid towards virtual certification of next-gen composite aerostructures

Europar Batasunak finantzatzen ditu

Azkenik, azpiegiturak eta ikerketa-tresnak erosteko, AZPITEK programaren laguntza (Ikerketa-azpiegiturak erosteko laguntza programa) eta Transferentzia Teknologikoa 2024 programaren laguntza (2. ildoa, Ikerketa-azpiegiturak, probak eta esperimentazioa ordaintzeko diru-laguntzak) jaso dugu

Azpitek 2024 programa:
• DATPOL: Modu anitzetan ezaugarritzeko plataforma, datuak sortzeko eta polimeroen transformazio-prozesuak eta materialak digitalizatzeko
• TERATEK: Terahertzio-espektroskopia, hondakinen eta material plastikoen identifikazio adimenduneko eta ezaugarritze aurreratuko teknologiak ikertzeko eta birziklapenean eta prozesuan ekonomia zirkularra aktibatzeko

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatzen ditu

Transferentzia Teknologikoa 2024 programa
• Nano eta mikropartikuletako material berriek giza babes fisiologikoetan duten bioerreaktibotasuna ezaugarritzeko eta ebaluatzeko azpiegitura
• COMPLESOLV: Material plastiko konplexuetarako ekonomia zirkularra ezartzea, solbolisi- eta disoluzio-prozesuak garatuz eta erabiliz

Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen ditu, Transferentzia Teknologikoa 2024 Programaren bidez

Europako SOILUTIONS proiektuak lau balio-kate baliozkotu eta optimizatuko ditu, gutxienez biohondakinez egindako bost lurzoru-medeapen ekoizteko.

GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kidea, Europako “Enabling underused bio-waste feedstocks into safe and effective market-ready soil improvers, SOILUTIONS” proiektuan parte hartzen duten hamabi kideetako bat da. Proiektu horren helburua lurzoruaren degradazioa itzultzea da, biohondakinez egindako medeapenak garatuz.

Europar Batasuneko lurzoruen % 70 inguru narriatuta daude kudeaketa jasanezinen eta produktu kimiko sintetikoen gehiegizko erabileraren ondorioz. Degradazio hori handituz doa eta lurraren emankortasuna eta produktibitatea arriskuan jartzen ari da.

Horregatik, arazo garrantzitsu horri aurre egiteko eta biohondakinetatik eratorritako alternatiba jasangarriak eskaintzeko, ekonomia zirkularrarekin bat etorriz, proiektu hau sortu da. Proiektua Horizon Europe ikerketa eta berrikuntza programak finantzatuko du, eta hiru urteko iraupena izango du (2023-2026).

Denbora horretan zehar, lau balio-kate baliozkotu eta optimizatuko dira, gutxienez biohondakinez egindako bost lurzoru-medeapen ekoizteko. Era berean, Flandesen, Valentzian eta Murtzian Living Labs egingo dira, interesa duten alderdiekin zuzenean ingurune errealetan lan egiteko eta, horrela, garatutako lurzoru-medeapenak merkatuaren beharrei erantzuten dietela, ingurumenean, ekonomian eta gizartean ondorio positiboak dituztela eta gizartearen nahiak eta legezko araudiak betetzen dituztela bermatzeko.

Gaur egun, SOILUTIONS proiektuan, biohondakinen karakterizazio kimikoa, biologikoa eta toxikologikoa egiten ari da, gero lurzoru-medeapen bihurtzeko. Gainera, medeapen horiek merkaturatzeko araudiak berrikusten ari dira.

GAIKER lurzoruaren medeagarriak garatzeko lehengai gisa erabiliko diren biohondakinen segurtasun azterketaren arduraduna da, eta ezarritako kalitate eta segurtasun baldintzak betetzen dituztela bermatuko du. Azterketa horretan biohondakinek eta garatuko diren lurzoru-medeapenek giza osasunerako zein ingurumenerako izan ditzaketen arrisku toxikologikoen ebaluazioa egingo da, in vitro eta ekotoxikotasun-saiakuntzen bidez. Gainera, analisi metagenomiko bat egingo da, garatutako lurzoru-medeagarrien ondorioz bakterio-komunitateen egituran gerta daitezkeen aldaketak aztertzeko. Segurtasun-azterketa honen emaitzak lurzoru-medeagarrien formulazio seguruak aukeratzeko erabiliko dira, diseinu seguru eta jasangarriaren irizpideari jarraituz (SSbD).

SOILUTIONSi buruz

SOILUTIONS proiektua Europar Batasuneko Horizon Europe ikerketa eta berrikuntza programaren funtsekin finantzatuta dago, eta 3 urteko iraupena izango du 2023ko ekainetik 2026ko maiatzera arte.

Proiektuan lan egiten duten 11 kideak honako hauek dira: S.A. Agricultores De Lavega De Valencia (Koordinatzailea - Espainia), NuReSys (Belgika), CETENMA (Espainia), GAIKER (Espainia), Draxis Environmental (Grezia), Greenovate! Europe (Belgika), Collaborating Centre On Sustainable Consumption And Production – CSCP (Alemania), Las Naves (Espainia), Entomo Consulting (Espainia), Ghent University (Belgika), Fertiberia (Espainia).

SOILUTIONS proiektua Europar Batasunak finantzatzen du.
Egilearenak dira adierazitako iritziak, eta ez dituzte nahitaez Europar Batasunaren edo Europako Ikerketa Agentzia Eragilearen (REA) iritziak islatzen. Europar Batasuna eta dirulaguntza ematen duen agintaritza ez dira horien erantzule.

Bereizketa adimendunaren eta birziklatze kimikoaren bitartez hondakin plastikoetatik lehengai zirkularrak lortzeko BIRPLAST proiektua amaitu da

Aurten BIRPLAST proiektua amaitu da; bertan, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea den GAIKERek parte hartu du, Euskadiko Zientzia Teknologiko eta Berrikuntza Sareko beste hiru eragilerekin batera. Sener ingeniaritza eta teknologia taldeak gidatutako ikerketa horri esker, hamar enpresak hondakin plastikoak bereizteko eta birziklatzeko teknologia berrien I+Ga egin dute, kalitate handiko lehengai zirkularrak ekoizteko.

BIRPLAST 2022an sortu zen, eko-industrian hainbat hondakin plastiko konplexu birziklatzeko prozesu hobetuak garatzeko ezagutzak sortzeko helburuarekin. Korronte horiek, batez ere, beste hondakin batzuk tratatzean sortzen dira, hala nola ontzi arinak, erabiltzen ez diren ibilgailuak (VFU) edo gailu elektriko eta elektronikoak (GEEH), gaur egun baliabide eta lehengai horiek ezin direlako guztiz aprobetxatu.

Banaketa aurreratuarekin lotutako emaitzak oso onak izan dira proiektuaren amaieran. Ontzi arinen hondakinen kasuan, materialak sailkatzeko etapa hobetu da, birziklagarritasun mugatua duten eta errefusatu behar diren plastikoen konposizioa egokitzeko, teknika espektroskopikoak eta ikaskuntza automatikoan ("machine learning") oinarritutako datuen analisia erabiliz. Automobilak zatikatzean sortzen diren metal-hondarretatik plastiko abarrak aprobetxatzeko ere lan egin da, bereizketa adimendun tekniken bidez.

Hondakinen birziklapen kimikoari dagokionez, pirolisi prozesu berriak garatu dira. Horietako bat plastiko nahasteak tratatzeko erabiltzen da: sortutako argizariak berriro prozesatu egiten dira, produktu arinagoak eta baliotsuagoak lortzeko, eta, aldi berean, kloro edukia murrizteko. Bestea, plastikoak biomasarekin prozesatzeko erabiltzen da, horrela, halogeno eduki txikia duten olioak lortzeko. Era berean, autoen zatiketan sortutako poliesterrak eta poliuretano-aparrak birziklatzeko solbolisi prozesu berriak ere garatu dira. Halaber, mota ezberdinetako eta hezetasun maila ezberdinetako hondakinei egokitutako gasifikazio-prozesuak ere, ohantze fluidizatuko ("fludised bed") eta ohantze lainoztatuko ("jet spouted bed") erreaktoreak erabiliz sintesi-gasa lortzeko eta arazteko. Azkenik, modu osagarrian, pirolisi- eta gasifikazio-prozesuetan sortutako urak nola tratatu zehaztu da, eta pirolisi-olioak zura babesteko nola erabili.

Gainera, emaitza bakoitzak (bereizketa adimendun prozesuak edo monomeroak, solbolisi eta pirolisi bidez lortutako produktu kimikoak edo olioak), zein ekoizpen-eraginkortasuna duen eta ekonomia zirkularrean nola laguntzen duen neurtu egin da. Eta ingurumen ebaluazioa osatzeko, gaur egun aprobetxatzen ez diren hondakin plastikoen kudeaketarekin konparatuz lehengai zirkular horiek sortzeak dakarren hobekuntza ere zehaztu da.

BIRPLAST HAZITEK 2022 programaren finantzaketa jaso duen (Esp. ZE-2022/00022) industria-ikerketarako proiektu estrategikoa da eta hasieran zehaztutako helburuak lortu ditu. HAZITEK Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren programa da, enpresetan I+G bultzatzeko.

Solbolisi- eta disoluzio-prozesuak aplikatzeak eta industrializatzeak ehunetatik, konpositeetatik eta geruza anitzeko ijezketetatik sortutako plastiko konplexuen hondakinen upcycling-a ahalbidetzen du.

GAIKER Zentro Teknologikoak, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kideak, birziklapen plastiko eta kimikoko teknologietan aditua, COMPLESOLV proiektua koordinatzen du. Bertan, birziklapen kimikoko teknologiak ikertu eta garatuz, solbolisi- eta disoluzio-prozesuetan oinarrituak, ekonomia zirkularra ehunetatik, konpositeetatik eta geruza anitzeko ijezketetatik datozen plastiko konplexuen hondakinetara zabaldu nahi da. Horretarako, hurrengo enpresen laguntza du: Koopera Servicios Ambientales, S.Coop. I.S., Mecanizados Martiartu S.L. eta Trienekens País Vasco, S.L. 

Ikerketa hori 2024an hasi zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu zuen, teknologia-transferentziako programaren 1. lerroaren barruan. Ikerketa horren bidez, irtenbide bat eman nahi zaio birziklatze mekanikoko teknologien bidez tratatu ezin diren hondakinak berreskuratzeari, oso konplexua baita hondakinen egitura, osaera edo materialen arteko lotura.

Proposatutako soluzioa solbolisi eta disoluzio bidezko birziklatze kimikoan oinarritzen da, haren aplikazioak eta industrializazioak upcycling-a ahalbidetzen baitute, hau da, material plastiko berriak edo kalitate, balio ekologiko eta balio ekonomiko handiagoko produktuak ekoiztea, eredu linealak saihestuz eta baliabideak erabiltzeko eredu zirkularren alde eginez. Ekonomia zirkularra sustatzea da helburua.

Helburu hori lortzeko, lau fasetan banatzen da COMPLESOLV proiektua:

1.   Hondakin konplexuen karakterizazioa egitea eta egokitzapen fisikoa (geruza anitzak, ehunak eta konpositeak).

2.   Birziklatzeko zailak diren hondakin konplexuei aplikatutako solbolisi eta disoluzio selektiboko prozesuen ikerketa.

3.   Solbolisi eta disoluzio selektiboko produktuen purifikazio aurreratua eta kalitate-kontrola ikertzea.

4.   Baliozkotze eta ebaluazio tekniko-ekonomikoa eta ingurumenekoa

Proiektu honen bidez, egungo eskariei erantzuna eman nahi zaie material birjinaren pareko kalitatezko produktuak, sintesi edo elikadura maila duten birziklatze kimikotik eratorritako produktu plastikoak eta ezpurutasun maila oso baxuko produktu birziklatuak mugarik gabe birziklahal izateko, bigarren mailako lehengaien merkatuek eskatutako zehaztapenak beteaz. Gainera, Euskadiko zabortegietan utzitako trazagarritasun zaileko plastikoak dituzten hondakin konplexuak kudeatzeko modu hobea aurkitzen lagundu nahi da, eta baita baliabideen (disolbatzaile naturalak), energiaren (tenperatura baxuko erreakzioak) eta zero hondakinen (oro har aprobetxatutako produktuak eta azpiproduktuak) erabileran inpaktu txikiagoa duten prozesuetatik merkatuetara iristen diren produktu birziklatuak hobeto kudeatzeko modua aurkitzen ere.

GAIKERek koordinatutako BIWIN2 proiektuak nekazaritzako elikagaiak material biodegradagarri eta zelulosazko errefortzu bihurtzeko prozesu jasangarriei buruzko ezagutza sortuko du.

BIWIN2 "Hondakin-biomasetatik industriarako interesgarriak diren materialak (oinarri biologikoa duten poliesterrak eta errefortzuak) lortzeko bioprozesuak eta prozesu jasangarriak, eskalatzeko ahalmenarekin” proiektua, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den GAIKER zentro teknologikoak zuzentzen du, eta Euskadin jasangarritasuna lortzeko beste urrats bat izango da.

Biomasa, bereziki tokiko hondakin-biomasa, material berriak sortzeko erabiltzea funtsezko ikerketa arloa da baliabide natural berriztagarriak aprobetxatzeko eta hainbat industria sektoretan erabili ahal diren produktu jasangarriak sortzeko. Prozesu horretarako, hondakinak balio handiko lehengai bihurtzeko teknologiak garatu behar dira, balio-kateak eskualde barruan sortzen eta industria-produktuak fabrikatzen lagunduz, ingurumeneko ahalik eta eragin txikiena sortuz.

Testuinguru horretan sortu zen BIWIN2: nekazaritzako hondakinekin material biodegradagarriak (kate ertaineko polihidroxialkanoatoak) eta zelulosa-errefortzuak garatzeko prozesu jasangarriei buruzko ezagutza sortzeko helburua duen ikerketa-proiektua. Zehazki, mahastizaintza eta ardogintza industriako hondakinak hartzen ditu ardatz gisa, hondakin horiek kudeatzeko erabilgarri daudelako eta balio erantsi handia dutelako; izan ere, hondar lignozelulosikoak izateaz gain, azukre asko ere dute.

Proiektuaren ardatza bioprozesuak, zatikatze-prozesuak eta TRL 3-4 mailetara iristeko prozesu kimikoak dira, jasangarritasuna azpimarratuz. Baina azken helburua ezagutza epemuga batean Euskadiko industrian erabili ahal izatea da, balio erantsiko erabileretarako baliabide berriak lortzen laguntzeko. Horregatik, kontzeptu-probak puntako sektoreetan egitea zehaztu da, hala nola elikadura-ontzi biodegradagarri eta birziklagarri seguruen fabrikazioa, edo automobilgintzarako estaldura/margo sektorea.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, arlo estrategikoetan elkarrekin ikertzeko ELKARTEK 2025 laguntza programaren bidez, eta egungo ingurumen-beharren eta Europako politiken ondorioz sortu da, prozesu eta material jasangarriagoen erabilera sustatzen baitute. Helburua ekonomia zirkular eredua bultzatzea da, birziklapenaren ordez, edo birziklapenarekin batera beste soluzio batzuk erabiltzeko. Bioekonomia eta ekonomia zirkularra bultzatzeko politikei esker, oinarri biologikoa duten produktuen merkatua sustatzen ari da, petroliotik eratorritakoen alternatiba gisa.

BIWIN2 proiektuan, GAIKERez gain, hauek era taldeko parte dira: NEIKER, TECNALIA, CEIT, BCMATERIALS eta EHUko BIOMAT taldea. Horrela, diziplina anitzeko zentro eta unibertsitateko departamentu garatzen ari dira proiektua (dagoeneko 2022an Circular Biobased proiektuan ere batera lan egin zuten), Euskadiko biomasa ugarietan oinarritutako bioekonomia estrategiaren zabalkuntza bizkortzeko lan-ildo osagarriak garatzeko.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua

• GAIKER Zentro Teknologikoak, Euskadiko ingurumen-industrien klusterrak (Aclima), Plastikoaren Institutu Teknologikoak (AIMPLAS), Plastiko Birziklatzaileen Elkarte Nazionalak (ANARPLA), Garraioa eta Energia Ikertzeko eta Garatzeko Fundazioak (CIDAUT) eta VALORIZA Ingurumen Zerbitzuak bultzatzen dute proiektua.
• Automobilgintza, aeronautika, energia berriztagarriak eta elektriko-elektronikoa bezalako sektore industrialentzako konponbideak emango ditu.
• Helburua da gaur egun zabortegira doazen material konposatuak berreskuratzea, balorizatzea eta ekoizpen-zikloan berriro sartzea.
• Material konposatuen hondakinak kudeatzeko eta balorizatzeko erraztasunak emango dizkie enpresei, baita berreskuratutako lehengaiak eskuratzeko ere.

GAIKER Zentro Teknologikoak (proiektuaren buru), Euskadiko ingurumen-industrien klusterrak (Aclima), Plastikoaren Institutu Teknologikoak (AIMPLAS), Plastiko Birziklatzaileen Elkarte Nazionalak (ANARPLA), Garraio eta Energia Ikertzeko eta Garatzeko Fundazioak (CIDAUT) eta VALORIZA Ingurumen Zerbitzuek CÍCLiCOM Berrikuntza Ekosistema jarri dute martxan. Ekosistema horrek zentro teknologikoak, enpresak eta elkarteak biltzen ditu material konposatuen eta, zehazki, "plastiko konplexuen" ekonomia zirkular eraginkorra elkarrekin sustatzeko.

Proiektua CDTIren Berrikuntza Ekosistemak programak finantzatu du. Programa horren helburua “Cervera” Bikaintasuneko Zentro eta Institutu Teknologikoek garatutako gaitasun teknologikoak inguru ekonomiko eta sozialera iristea da, haien balioa nabarmenduz eta ekosistema berritzaileak sortzera bultzatuz. Deialdia Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionalean (PRTR) aurreikusitako jarduketen barruan dago, eta Europar Batasuneko “Next Generation EU” erakundeak finantzatzen du, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.

Material konposatuei “konposite” deitu ohi zaie. Izaera ezberdineko material bi edo gehiago elkartzean sortzen dira, elementu guztiek euren kabuz dituzten propietateak baino propietate hobeagoak lortzeko, hala nola erresistentzia, tenperatura altuko errendimendua, pisua, gogortasuna, eroankortasuna eta abar. PP polipropilenoa, PA poliamidak, PC polikarbonatoak, UP poliester asegabea, PU poliuretanoak eta SI silikonak material horietako batzuk dira.

Material konposatu horien berezitasuna jatorrizko materialek beren identitatea mantentzen dutela da. Hala ere, konposatuen ezaugarriengatik, bizitza erabilgarria amaitu ondoren, zabortegietara doaz maiz, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren berreskuratzeko aukerarik ez dagoelako. CÍCLiCOM proiektuaren helburua, hain zuzen ere, material konposatu horiek berreskuratzea eta balorizatzea ahalbidetuko duten soluzio teknologikoak bultzatzea da, eta, ondoren, material horiek berriro ekoizpen-zikloan sartzea.

Hala, enpresei material konposatuen hondakinak kudeatzeko teknologiak ezartzen lagunduko zaie, material horiek berreskuratu, balorizatu eta ekoizpen-zikloan berriro sartu ahal izateko. Gainera, azken produktuen portaera-ereduak garatuko dira, ekoizpen-prozesuetan berriro erabiltzea errazteko, eta horrekin batera, berreskuratutako lehengaiak eskuratzeko.

Material konposatuak asko erabiltzen dira ekoizpen-sektore gehienetan, sektore estrategikoetan barne: aeronautika, automobilgintza, sektore elektriko-elektronikoa eta energia berriztagarriak. Izan ere, elementu estrategikoak osatzen dituzte, hala nola, pala eolikoak, zirkuitu inprimatuen plakak edo hegazkinen egitura.

Espainian bakarrik, horrelako materialen merkatua 2.000 milioi eurokoa dela kalkulatzen da (2022ko datuen arabera), eta merkatuaren joerak material birziklatuen eskaera gero eta handiagoa dela adierazten du. Izan ere, hainbat ikerketen arabera, gaur egun Europa osoan % 20ko defizita dago berreskuratutako plastikoen eskaintzaren eta eskariaren artean, eta joera hori hazi egingo da datozen urteetan.

Berreskuratutako material konposatuak berreskuratzeak, balorizatzeak eta ekoizpen-zikloan berriro sartzeak, ingurumenerako onuragarria izateaz gain, onura ekonomiko handiak ekarriko dizkie enpresei, birziklatutako produktuak erabiliz kostuak murriztuko baitute. Hainbat ikerketaren arabera, horrelako lanari esker, baliabideen produktibitatea % 3 handituko da Europan 2030a baino lehen, eta horrek urtean 600.000 milioi euro aurreztea ekarriko du.

Gainera, material mota horien ekonomia zirkularra jarduera ekonomiko bat izango da berez, eta horrek enplegua sortuko du.

Proiektua, gainera, enpresen arteko lankidetzan oinarrituko da, bai estatu barruan, bai kanpoan, eta enpresentzako “roadmap teknologiko” zehatzak garatuko ditu, hondakin plastiko konplexuen balorizazioaren arloko joera teknologiko garrantzitsuen eta garapen aukeren ikuspegi argia eta egituratua emateko.

Horrez gain, hondakin plastikoen balorizazioaren industrian diharduten profesionalak prestatzeko eta gaitzeko lan egingo da; ezagutza eta trebetasun praktiko garrantzitsuak eskainiko dira, enpresen lehiakortasuna eta nazioartekotzea hobetzeko, eta hondakinen kudeaketaren arloan berrikuntza, ezagutza-trukea eta konponbide jasangarrien garapena bultzatzeko.

Horren guztiaren ondorioz, CICLiCOMek, ekonomia zirkularra sustatuz, hainbat produkzio-sektoretako enpresen lehiakortasuna eta nazioartekotzea bultzatuko du, berrikuntza sustatuko du, enpresen arteko lankidetza erraztuko du eta balio-kateak indartuko ditu. Enpresen lehiakortasuna ere sustatuko du, teknologia aurreratuak ezartzera bultzatzen dituzten zerbitzuen bidez eta etengabeko lankidetza eta gaikuntza sustatzen dituzten jardueren bidez.

GAIKERen zeregina

GAIKER ekosistema horren buru da, eta bere konponbideak emango ditu aurreinpregnatu ez-onduak, karbono-konpositeak, material hibridoak eta geruza anitzeko materialak birziklatzeko eta errefortzuko TP zintak garatzeko. Hori guztia materialak birziklatzeko eta birprozesatzeko instalazio pilotuei esker egin ahal izango da. Era berean, Zentroak erabiltzaileei eskaintzeko zerbitzu berriak definitzen lagunduko du, ikuspuntu teknologikotik dituen esperientzietan oinarrituta, benchmarking-a eta roadmap teknologikoen garapena bezalako jardueretarako. Gainera, ekosistemako enpresei laguntza teknologikoa emango die zirkulartasunerako egiten dituzten aurrerapen berrietan.

GAIKERek, halaber, materialen eta produktuen ezaugarritzeak egiteko gaitasuna du, bai eta margoak eta estaldurak aplikatuz akabera- eta funtzionalizazio-tratamenduak aplikatzeko gaitasuna ere; horiek guztiak proiektu honen eskura jartzen ditu.

GAIKER kosmetikoen segurtasuna eta eraginkortasuna egiaztatzeko in vitro saiakuntzak egiten da aditua, eta aurten ere Cosmetorium bederatzigarren edizioan egongo da urriaren 22tik 23ra, Farga de L'Hospitalet de Llobregaten (Bartzelona).

Zentro teknologikoak berriro ere Dr. Goya Análisis eta Anmar Clinical Services-ekin partekatuko du standa, eta bertan, dermokosmetika arloan eskaintzen dituen I+G+B zerbitzuak aurkeztuko ditu.

Cosmetorium erreferentziazko azoka da Espainiako sektore kosmetikoan. Kosmetikarako Kimikoen Espainiako Elkarteak (SEQC) eta Step Exhibitions erakundeak antolatu dute, eta norberaren zaintzarako produktuak eta kosmetikoak garatzeko eta fabrikatzeko erabiltzen diren lehengaiak, osagaiak, saiakuntzak, teknologiak eta formulazio-zerbitzuak ditu ardatz.

¿QUIERES HABLAR CON UN EXPERTO AHORA?

Bioteknologia

Dr. Miguel Romano

Merkatuko arduraduna

Birziklapena eta Ekonomia zirkularra

Rafael Miguel

Merkatuko arduraduna

Konposite jasangarriak eta polimero funtzional eta jasangarriak

Juan Ramón Alonso

Merkatuko arduraduna