Transmisiones CICLO proiektuan haize-sorgailuak eraikitzeko erabiltzen diren material konposatuak birziklatzeko eta balorizatzeko soluzio teknologikoak garatuko dira.
Gaur egun, haize-sorgailu bat osatzen duten materialen % 83 birziklatu edo berrerabil daiteke. Hala ere, palak erronka handia dira, osaera heterogeneoa dutelako eta ohiko birziklatze-prozesuetan behar bezala tratatzeko eta bereizteko zailak diren materialez eginda daudelako. Erronka horri irtenbide bat emateko, CICLO proiektua sortu zen (2025-2028). Proiektu horretan zortzi enpresak eta sei ikerketa-zentrok hartzen dute parte. Horien artean, GAIKER zentro teknologikoa Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea eta AEI partzuergoko koordinatzailea da.
Proiektuaren helburu nagusia energia berriztagarrietan ekonomia zirkularra bultzatzeko soluzio teknologiko berriak ikertzea da, zehazki, bizi-ziklo amaieran pala eolikoak eta haize-sorgailuak eraikitzeko erabiltzen diren beste osagai batzuk (nacelleak, armairu elektrikoak, etab.) birziklatzea eta balorizatzea. Gainera, gaur egungo materialen ordez, errazago birzikla daitezkeen eta matrize polimeriko birziklagarriak dituzten materialak garatzeko ikerketa ere egingo da.
Proiektu horren bidez, birziklatze termiko eta kimikoan sortzen diren zuntzen eta azpiproduktuen balorizazioa optimizatu nahi da. Birziklatutako zuntzaren % 90 gutxienez balorizatu ahal izatea lortu nahi da, eta birziklatutako azpiproduktuak berreskuratzeko eraginkortasuna % 75etik gorakoa izatea. Era berean, prozesu termikoetan sortzen diren kutsatzaile organikoen % 50 murriztu nahi da, eta epoxi, poliester eta poliuretano erretxinen entzima-degradazioa hobetu. Aurrerapen horiei esker, material konposatuen birziklapenaren jasangarritasuna eta eraginkortasuna hobetuko dira, eta % 100eko material birziklatua (birziklatutako zuntzen kantitate handia erabiliz) duten bigarren belaunaldiko egiturazko materialak sortzea bultzatuko da.
GAIKERek, konposite jasangarrietan eta birziklapen eta ekonomia zirkularrean aditua denez, proiektuaren AEI partzuergoa koordinatuko du, eta gainera palatik ateratako zuntzez sendotutako konposite-plakak birmoldatzeko, elkartzeko eta erabiltzeko teknologiak ikertuko ditu, zuntza horiek berriro erabili ahal izateko. Halaber, errefortzu-zuntzak eta matrize polimerikoak berreskuratzeko birziklapen kimiko prozesuak ikertuko ditu. Birziklatutako errefortzu-zuntzak BMC eta SMC bitarteko produktuak egiteko erabiliko dira, eta birziklatze horretan sortzen diren likidoak erretxina berriak formulatzeko erabiliko dira. Era berean, palaren osagai arinen (aparrak eta baltsa-zura) balorizazioa ikertuko du: nukleo arinen belaunaldi berri bat garatuko da eta infusio teknologiaren bidez prestazio handiko konposite birziklagarri eta jasangarri berriak sortuko dira, zuntza eta nukleo arin birziklatuak erabiliz.
CICLO proiektuak CDTIren dirulaguntza eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren dirulaguntza jasotzen du, Transmisiones 2024 Programaren barruan (PLEC2024-011215). Proiektuak bereizketa, erauzketa, birziklapena, formulazioa eta prozesatzea kontuan hartuz, material konposatuen ia % 100 balorizatu nahi du.

PLEC2024-011215 proiektua. Dirulaguntzak: MICIU/AEI/10.13039/501100011033 eta FEDER, EB.