GAIKERek koordinatutako BIWIN2 proiektuak nekazaritzako elikagaiak material biodegradagarri eta zelulosazko errefortzu bihurtzeko prozesu jasangarriei buruzko ezagutza sortuko du.
BIWIN2 "Hondakin-biomasetatik industriarako interesgarriak diren materialak (oinarri biologikoa duten poliesterrak eta errefortzuak) lortzeko bioprozesuak eta prozesu jasangarriak, eskalatzeko ahalmenarekin” proiektua, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den GAIKER zentro teknologikoak zuzentzen du, eta Euskadin jasangarritasuna lortzeko beste urrats bat izango da.
Biomasa, bereziki tokiko hondakin-biomasa, material berriak sortzeko erabiltzea funtsezko ikerketa arloa da baliabide natural berriztagarriak aprobetxatzeko eta hainbat industria sektoretan erabili ahal diren produktu jasangarriak sortzeko. Prozesu horretarako, hondakinak balio handiko lehengai bihurtzeko teknologiak garatu behar dira, balio-kateak eskualde barruan sortzen eta industria-produktuak fabrikatzen lagunduz, ingurumeneko ahalik eta eragin txikiena sortuz.
Testuinguru horretan sortu zen BIWIN2: nekazaritzako hondakinekin material biodegradagarriak (kate ertaineko polihidroxialkanoatoak) eta zelulosa-errefortzuak garatzeko prozesu jasangarriei buruzko ezagutza sortzeko helburua duen ikerketa-proiektua. Zehazki, mahastizaintza eta ardogintza industriako hondakinak hartzen ditu ardatz gisa, hondakin horiek kudeatzeko erabilgarri daudelako eta balio erantsi handia dutelako; izan ere, hondar lignozelulosikoak izateaz gain, azukre asko ere dute.
Proiektuaren ardatza bioprozesuak, zatikatze-prozesuak eta TRL 3-4 mailetara iristeko prozesu kimikoak dira, jasangarritasuna azpimarratuz. Baina azken helburua ezagutza epemuga batean Euskadiko industrian erabili ahal izatea da, balio erantsiko erabileretarako baliabide berriak lortzen laguntzeko. Horregatik, kontzeptu-probak puntako sektoreetan egitea zehaztu da, hala nola elikadura-ontzi biodegradagarri eta birziklagarri seguruen fabrikazioa, edo automobilgintzarako estaldura/margo sektorea.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, arlo estrategikoetan elkarrekin ikertzeko ELKARTEK 2025 laguntza programaren bidez, eta egungo ingurumen-beharren eta Europako politiken ondorioz sortu da, prozesu eta material jasangarriagoen erabilera sustatzen baitute. Helburua ekonomia zirkular eredua bultzatzea da, birziklapenaren ordez, edo birziklapenarekin batera beste soluzio batzuk erabiltzeko. Bioekonomia eta ekonomia zirkularra bultzatzeko politikei esker, oinarri biologikoa duten produktuen merkatua sustatzen ari da, petroliotik eratorritakoen alternatiba gisa.
BIWIN2 proiektuan, GAIKERez gain, hauek era taldeko parte dira: NEIKER, TECNALIA, CEIT, BCMATERIALS eta EHUko BIOMAT taldea. Horrela, diziplina anitzeko zentro eta unibertsitateko departamentu garatzen ari dira proiektua (dagoeneko 2022an Circular Biobased proiektuan ere batera lan egin zuten), Euskadiko biomasa ugarietan oinarritutako bioekonomia estrategiaren zabalkuntza bizkortzeko lan-ildo osagarriak garatzeko.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua


