Aurrera jarraitzen dugu material plastiko konplexuen zikloa ixteko birziklapen kimikoko teknologiak garatuz

NEOPLAST 2 proiektuak birziklapen kimikoko teknologiak erabiliz plastiko konplexuen hondakinetatik kalitatezko produktuak lortzeko prozedurak zehazten ditu.

Joan den martxoan GAIKER Zentro Teknologikoak zuzendutako NEOPLAST 2 proiektua amaitu zen. GAIKER Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kide da.

NEOPLAST 2 proiektua 2023an hasi zen eta bere helburua hainbat hondakin plastiko kalitate handiko baliabide bihurtzen lagunduko zuten birziklatze kimikoko prozesuak garatzeko, hobetzeko eta egokitzeko ikertzea zen, baliabide horiek bigarren mailako lehengai zorrotzenen merkatuek eskatzen dituzten zehaztapenak bete zitzaten. Kontua zen ezagutza sortzea, industria sareak plastikozko materialen erabilera hobea, jasangarriagoa eta zirkularragoa egiteko ezagutza eta teknologia izan zitzan.

Amaierara iritsita, proiektuak proposatutako helburua lortu du. Gaur egun zabortegira bidaltzen diren plastiko konplexuen hondakin-korronteetatik abiatuta, birziklapen kimikoaren bidez, plastiko, kimika eta fintze industrietako ekoizpen-zikloetan berriro sartzeko behar den kalitatea duten produktuak garatzeko prozedurak arrakastaz definitu ditu.

Lortutako emaitzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

• Solbolisi eta produktuen garbiketa prozesuak batera erabiltzea, poliester eta poliuretano berriak fabrikatzeko momeroak eta aitzindariak lortzeko.
• Pirolisi eta bereizketa prozesuak erabiltzea, poliolefina berriak eta material adsorbatzaileak fabrikatzeko hidrokarburo frakzioak lortzeko.
• Bi etapatako gasifikazio prozesuak garatzea, hondakin plastikoetatik hidrogeno gasa sortzeko
• Prozesatzeko bide berriak irekitzea, hala nola mikroorganismoak edo entzimak erabiltzen dituen biobirziklapena.
• Prozesu berriak gaur egun ia birziklatzen ez diren hondakin plastikoekin erabiltzen hastea, esaterako konposite termoegonkorrekin.

Bestalde, bizi-zikloaren analisiaren bidez, garatutako birziklapen kimiko prozesu berriek ingurumenera ekartzen duten hobekuntza egiaztatu ahal izan da. Gaur egun plastiko konplexuen hondakinak botatzeak pertsonengan eta ingurune naturalean dituen eragin kaltegarriak murriztu direla baieztatu da.

NEOPLAST 2 proiektua Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, Elkarlanean egindako ikerketarako ELKARTEK laguntza-programarekin (KK-2023/00060 espedientea). GAIKER zentro teknologikoa koordinatzailea izan da, eta beste lau euskal eragile teknologikok parte hartu dute proiektuan: EHUko Ingeniaritza Kimiko departamentua, EHUko Ingeniaritza Kimiko eta Ingurumen departamentua, Tecnalia eta Polymat. Horiei guztiei esker, arrakasta lortu izan da eta EAEko ehun industrialak hondakinak tratatzeko eta baliozko produktuak sortzeko birziklapen kimikoko teknologiak erabiliz material plastikoen zikloak itxi ahal izango ditu.

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua

Hemen partekatu:

Lotutako post-ak