GlyTECH proiektuak itsasoko makroalgetatik datozen glikanoak aztertzen ditu eta horiek nola prozesatu, biomedikuntzan erabiltzeko biomolekulak sortzeko eta etorkizunean diagnostikoak egiteko tresnak, printzipio aktiboak eta tratamenduak garatzeko.
GAIKERek, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, GlyTECH – Giza osasunean erabiltzeko itsas glikobioteknologia proiektuan parte hartzen du. Proiektua elkarrekin egiten ari den ikerketa da, AZTI itsas eta elikagai ikerketa zentroak koordinatzen du eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, ELKARTEK 2025 programaren bidez. Itsas glikanoak aztertzea du helburu, horien egitura, prozesamendua eta jarduera biologikoa ikertzeko, eta giza osasunaren arloko erabilera bioteknologiko berriak aurkitzeko.
Glikanoak funtsezko biomolekulak dira prozesu zelular askotan, komunikatzeko, seinaleztatzeko eta ezagutzeko mekanismoetan. Prozesu fisiologiko eta patologiko askotan parte hartzen dutenez, glikobiologiak gero eta interes handiagoa du biomarkatzaileak aurkitzeko eta tratamendu berriak garatzeko, batez ere minbizia, gaixotasun immunologikoak, infekzioak edo patologia neurodegeneratiboak tratatzeko.
Zehazki, makroalga arreetan dauden polisakaridoak (fukoidan, laminarina edo alginatoak) oso interesgarriak dira, horiek dituzten egitura ezberdinengatik eta eginkizun biologikoengatik; besteak beste, antioxidatzaileak, immunomodulatzaileak, antitumoralak, antikoagulatzaileak edo antitrombotikoak. Propietate horiek asko alda daitezke polisakaridoen ezaugarrien arabera, hala nola konposizioa, egitura, pisu molekularra edo glikanoen sulfatazio maila.
Hain zuzen ere, biomolekula horien egituraren eta funtzio biologikoaren arteko lotura ikertu nahi dute GlyTECH proiektuan. Horretarako, itsas glikanoak tresna entzimatikoen bidez prozesatzen ari dira, egitura zehatzagoa duten oligosakaridoak lortzeko eta eraldaketa horiek haien propietateak eta jarduera biologikoa nola aldatzen dituzten aztertzeko. Proiektuak bi erronka teknologiko nagusi ditu. Alde batetik, tresna entzimatikoak eta ingeniaritza genetikoko estrategiak garatu nahi dituzte, itsasoko glikanoak modu selektiboan prozesatu eta egitura-ezaugarri zehatzak dituzten molekulak sortzeko. Bestetik, glikanoen eta horiek prozesatzean lortutako oligosakaridoen eta sistema biologikoen arteko elkarrekintza ikertu nahi dute, haien ekintza-mekanismoak hobeto ulertzeko eta biomedikuntzarako interes handien duten egiturak ezagutzeko.
Ikerketa lau arlotan banatu dute: biomedikuntzan erabil daitezkeen itsas glikanoen funtzionalizazioa eta ezaugarritzea, horiek prozesatzeko funtzio anitzeko entzimak garatzea, itsas jatorriko entzima sistemak aztertzea eta biomolekula horien eraldaketa ulertzeko eta optimizatzeko ingeniaritza genetikoko tresnak erabiltzea.
GAIKERek jarduera horietako hirutan parte hartzen du, eta glikano bioaktiboak prozesatzeko ingeniaritza genetikoko tresnak erabiltzeko lana zuzentzen du EHUrekin batera. Arlo horretan, Zentro Teknologikoak aktibatu gabeko gene zehatzak (knock-outs) dituzten itsas bakterioen anduiak sortuko ditu, itsas glikanoen degradazioan eta eraldaketan parte hartzen duten entzimen funtzioa egiaztatzeko. Lan horri esker, hidrolisi-prozesu jakin batzuetan zer entzimek parte hartzen duten zehaztu ahal izango dute, eta hobeto ulertu ahal izango dute egitura-ezaugarri ezberdinak dituzten oligosakaridoak nola sortzen diren.
Gainera, GAIKER glikanoen eta horien prozesamendu entzimatikoaren bidez lortutako oligosakaridoen ezaugarri biologikoak zehazten lan egiten ari da ere. Horretarako, giza zelula-ereduak erabiliko dituzte, horien segurtasuna ebaluatzeko eta osasunerako interesgarriak diren jarduera biologikoak aztertzeko.
Jarduera horien artean, haien immunomodulazio ahalmenaren azterketa nabarmentzen da; itsas glikanoen eta haien deribatuen eta immunitate sistemako zelulen arteko elkarrekintza aztertzen ari dira eta biomolekula horiekiko erantzunean parte hartzen duten mekanismo zelularrak ebaluatzen ari dira. Oro har, lan horrek lortutako oligosakaridoen egituraren, horien prozesamenduaren eta jarduera biologikoaren arteko erlazioak ezartzen lagunduko du, etorkizunean biomedikuntzan erabiltzeko hautagai onenak zehazteko.
GlyTECH proiektua AZTIk zuzentzen du eta bertan Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak, UPV/EHUk eta GAIKERek parte hartzen dute. Horrela, itsas bioteknologia, biokimika, genetika, zelula-biologia eta nanoteknologia arloetako gaitasunak biltzen ditu. Lankidetza horri esker, itsas glikanoen eta horien ekintza-mekanismoen ezagutza handituko da, eta biomedikuntzan erabiltzeko aukera berriak aztertuko dira. Gainera, Euskadiren gaitasun zientifiko eta bioteknologikoak indartuko dira.

Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektua


