INTESCOP proiektuak hondakin plastikoak bereizteko prozesuak hobetuko ditu, kalitatezko frakzioak berreskuratzeko eta bizi amaieran plastikoen zirkulartasuna bultzatzeko.
GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea, hondakin plastiko konplexuen ekonomia zirkularrari buruzko proiektua egiten ari da, analisi espektroskopiko teknika berritzaile bidezko identifikazio adimendunean oinarritua (INTESCOP).
Ikerketa industrial honen helburua denbora errealeko identifikazio-teknologia berriak garatzea da, plastikozko hondakinak euren izaera polimerikoaren arabera modu eraginkorragoan bereizteko. Ikerketak hondakin plastikoak bereizteko ekoindustrian dauden erronka teknologikoei erantzuna emango die.
INTESCOP proiektuan, bi urtez (2025-2027), hondakin plastiko konplexuak automatikoki sailkatzeko sistema berriak diseinatzeko eta garatzeko ezagutza teknologikoa sortuko da. Horretarako, adimen artifiziala eta analisi espektroskopiko teknika aurreratuak erabiliko dira: ikusmen hiperespektrala eta terahertzo espektroskopia.
GAIKER aditua da birziklatze-teknologietan eta hondakinak egokitzeko eta berreskuratzeko prozesuak garatzen eta ebaluatzen, ondoren bigarren mailako lehengai gisa erabiltzeko. Hortaz, ikerketa honetan, ontzi arinen hondakin korronteko geruza anitzeko plastikoak eta plastiko biodegradagarriak, eta tresna elektriko eta elektronikoen hondakin korronteko plastiko teknikoak bereiztu eta sailkatuko dira, euren aztarna espektralak aztertuz. GAIKERek adimen artifizialean oinarritutako ereduak laborategi mailan garatu eta ebaluatuko ditu.
INTESCOP proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du, 2025eko Transferentzia Teknologikorako Programa barruan, eta horren bidez, Bizkaiko ekoindustriak hondakin plastikoak bereizteko erabiltzen dituen prozesuak hobetuko dira. Ondorioz, kalitate handiagoko frakzioak berreskuratuko dira eta ziklo ekonomikoan bigarren mailako lehengai gisa sartzen diren kontsumo osteko plastikoen bolumena handituko da.

Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du proiektu hau, 2025eko Teknologia Transferentzia Programaren barruan / Este proyecto ha sido financiado por la Diputación Foral de Bizkaia dentro del Programa Transferencia Tecnológica 2025


