BIRPLAST proiektuak plastikoaren balio-kateko zirkulartasuna bultzatzen du

Bereizketa adimendunaren eta birziklatze kimikoaren bitartez hondakin plastikoetatik lehengai zirkularrak lortzeko BIRPLAST proiektua amaitu da

Aurten BIRPLAST proiektua amaitu da; bertan, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea den GAIKERek parte hartu du, Euskadiko Zientzia Teknologiko eta Berrikuntza Sareko beste hiru eragilerekin batera. Sener ingeniaritza eta teknologia taldeak gidatutako ikerketa horri esker, hamar enpresak hondakin plastikoak bereizteko eta birziklatzeko teknologia berrien I+Ga egin dute, kalitate handiko lehengai zirkularrak ekoizteko.

BIRPLAST 2022an sortu zen, eko-industrian hainbat hondakin plastiko konplexu birziklatzeko prozesu hobetuak garatzeko ezagutzak sortzeko helburuarekin. Korronte horiek, batez ere, beste hondakin batzuk tratatzean sortzen dira, hala nola ontzi arinak, erabiltzen ez diren ibilgailuak (VFU) edo gailu elektriko eta elektronikoak (GEEH), gaur egun baliabide eta lehengai horiek ezin direlako guztiz aprobetxatu.

Banaketa aurreratuarekin lotutako emaitzak oso onak izan dira proiektuaren amaieran. Ontzi arinen hondakinen kasuan, materialak sailkatzeko etapa hobetu da, birziklagarritasun mugatua duten eta errefusatu behar diren plastikoen konposizioa egokitzeko, teknika espektroskopikoak eta ikaskuntza automatikoan ("machine learning") oinarritutako datuen analisia erabiliz. Automobilak zatikatzean sortzen diren metal-hondarretatik plastiko abarrak aprobetxatzeko ere lan egin da, bereizketa adimendun tekniken bidez.

Hondakinen birziklapen kimikoari dagokionez, pirolisi prozesu berriak garatu dira. Horietako bat plastiko nahasteak tratatzeko erabiltzen da: sortutako argizariak berriro prozesatu egiten dira, produktu arinagoak eta baliotsuagoak lortzeko, eta, aldi berean, kloro edukia murrizteko. Bestea, plastikoak biomasarekin prozesatzeko erabiltzen da, horrela, halogeno eduki txikia duten olioak lortzeko. Era berean, autoen zatiketan sortutako poliesterrak eta poliuretano-aparrak birziklatzeko solbolisi prozesu berriak ere garatu dira. Halaber, mota ezberdinetako eta hezetasun maila ezberdinetako hondakinei egokitutako gasifikazio-prozesuak ere, ohantze fluidizatuko ("fludised bed") eta ohantze lainoztatuko ("jet spouted bed") erreaktoreak erabiliz sintesi-gasa lortzeko eta arazteko. Azkenik, modu osagarrian, pirolisi- eta gasifikazio-prozesuetan sortutako urak nola tratatu zehaztu da, eta pirolisi-olioak zura babesteko nola erabili.

Gainera, emaitza bakoitzak (bereizketa adimendun prozesuak edo monomeroak, solbolisi eta pirolisi bidez lortutako produktu kimikoak edo olioak), zein ekoizpen-eraginkortasuna duen eta ekonomia zirkularrean nola laguntzen duen neurtu egin da. Eta ingurumen ebaluazioa osatzeko, gaur egun aprobetxatzen ez diren hondakin plastikoen kudeaketarekin konparatuz lehengai zirkular horiek sortzeak dakarren hobekuntza ere zehaztu da.

BIRPLAST HAZITEK 2022 programaren finantzaketa jaso duen (Esp. ZE-2022/00022) industria-ikerketarako proiektu estrategikoa da eta hasieran zehaztutako helburuak lortu ditu. HAZITEK Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren programa da, enpresetan I+G bultzatzeko.

Hemen partekatu:

Lotutako post-ak

Parametro biologikoak kontrolpean

Parametro biologikoen analisian eta kontrolean zehaztasuna, fidagarritasuna eta eraginkortasuna bermatzen duten tresna aurreratuak garatu eta erabiltzen ditugu.