|
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko (HUIS) Sailburu den Tontxu Camposek, hainbat urtetan zehar, lotura estua izan du GAIKER-IK4 teknologia zentroarekin. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Eraberriketako diputatu gisa, 6 urtetan zehar gure patronatuko kide izan den Tontxu Camposek 1991. urtean hasi zuen ibilbide politikoa Barakaldoko Udalean, bere jaioterrian. 1995. urtetik 1999an Ekonomia Sustapeneko diputatu aukeratu zuten arte, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Saila zuzendu zuen.
Deustuko unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktoretza lortu zuelarik, Tontxu Camposek esperientzia akademiko zabala ere badauka 1990. urtetik Deustuko unibertsitatean irakaslea baita.
|
......................................................................................................................................................................................
Nola ikusten duzu Zientzia politikaren eta Teknologia eta Berrikuntzaren teknologiaren arteko lotura?
Ezagutzaren gizartea deituriko horren berezitasunik garrantzitsuena da Zientzia, Teknologia eta Merkatuaren arteko harreman zuzena gero eta estuagoa dela. Biozientziak edo nanozientziak bezalako ezagutza arloetan, Zientzia, Teknologia eta Merkatuak bereizi ezin den norabide aniztun sistema irudikatzen dute, politika eta tresna erdibanatuak albo batera uzteko ikuspuntu sistemikoa behar duena. Bestela, zientzia eta teknologia politikaren ikuspegitik, zail izango da hazten ari den berrikuntzatik -orain arte arreta jarri dugun berrikuntzatik- erabateko berrikuntzara igarotzea. Gaur egun, erabateko berrikuntza horrek zuzendu beharko du zientzia eta teknologiaren garapena, bikaintasunaren gailurrean jartze aldera.
Zein mekanismo artikulatzen eta zer ekarpen egiten dio HUISen politikak Zientzia eta Teknologia Politikaren Sistemari?
HUISek ikerketa zientifikoa bultzatzearen alde egiten du, eta haren politika ikerketa bultzatzeari modu irmoan ekitea da, dela eskudun erakunde eta instituzioen ikuspegitik, dela ikerketa ibilbidearen ikuspegitik, lehen mailako aukera profesional gisa.
Adierazitako norabidean aurrera egiteko, zientzia azpisistemak hiru oinarri gako ditu. Alde batetik, Euskal Unibertsitate Sistema. Sistema horrek 2010erako I I. Unibertsitate Plana izango du eremu gisa Goi Mailako Irakaskuntzako Europako Esparrura egokitzeko, Europako Ikerketa Esparruan erabat integratzeko, eta Ezagutzaren Gizartean parte hartzeko. HIUSen uste dugu euskal unibertsitate sistemak oro har, eta UPV-EHUk bereziki, laguntza eman behar dutela berrikuntza sistemak bikaintasunerako bidean aurrera egin dezan, ezagutza sortzeari dagokionez erreferentzia gune bihurtuz, eta ikertzaile sendoentzat erakargarritasun nodo erabakigarria bilakatuz. Ondasunak sortzean duen partehartze aktiboa ere areagotu behar du, sortutako ezagutza aplikatzearen bitartez. Unibertsitateak pertsonen prestakuntzan izan badu ere funtzio nagusia, erreferentziazko ikerketan dago erronka berria.
Zientzia politikaren bigarren eta hirugarren oinarriak Kooperatiba Ikerketarako Zentroak (CIC-ak) eta Basic and Excellence Research Centers (BERC-ak) zentroak dira, hurrenez hurren. Zentro horiek bikaintasun irizpideekin sortu dira, eta aktibo bat dakarte, neurri egokian baloratu behar dena, eta ezagutza arlo jakin batzuen ikerketan elitea eratuko duten zentroen sare selektiboaren hasiera ekar dezakeena. Horrek Euskadira aurrekaririk gabeko apustua ekarriko luke, eta hori gauzatzeak Europako ikerketa zientifikoaren mapan geure tokia izatea ekar lezake. Apustu honen garrantzia dela eta, sailen eta erakundeen arteko lankidetza beharrezko izango litzateke. Bereziki, HUISen eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren arteko lankidetza estua beharko litzateke, haien ahaleginak bateratu ditzaten aipatutako zentroetarako ikerketa bikainak garatu ahal izateko finantziazio sistema egonkor eta iraunkorra lortzeko.
HUIS eta teknologia zentroak elkarlotuta daude Babes Dekretutik hona. Dekretu hori Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin batera sinatu zen, eta orain 25 urte bete ditu. Zein balorazio egiten duzu lotura horren bilakaerari buruz?
Duela 25 urte, Eusko Jaurlaritzak apustu egin zuen Fraunhofer institutuetako alemaniar ereduaren erara teknologia transferentziarako egitura bat eratzearen alde. Apustu horrek zeregin gakoa izan du sektore produktibo klasikoen sendotzean eta industria ehunaren dibertsifikatzean.
25 urte hauetan HUISen eta teknologia zentroen arteko loturak izan duen bilakaeraren balorazioari dagokionez, eboluzioa ona izan dela uste dut, teknologia zentroek, Babes Dekretuko 4. artikuluan xedatutako baldintzak betez, ahalegin handia egin baitute beren jarduerak Eusko Jaurlaritzako zientzia politikako gidalerroekin koordinatzeko. Horrez gain, ikertzaileei prestakuntza emateko programetarako geroz eta laguntza gehiago eman dute.
Zein egiteko izango du IKERBASQUE fundazioak Euskadin ikerketa eta talentuak ekartzeari dagokionez, eta nola izan ahalko dira onuradun Berrikuntzarako Euskal Sistemako kideak?
Eusko Jaurlaritzak Ikerbasque fundazioa eratu du, zientziako euskal azpi-sistema dinamizatu eta sendotzeko. Ikerbasquefundazioak laguntza ematen du ikerketa eta ezagutza zientifikoa, humanistikoa eta teknologikoa bultzatu, sustatu eta garatzeko, gizartearen, unibertsitateen, ikerketa zentroen eta, oro har, komunitate zientifikoaren mesedetan. Era berean, Euskal Herrian errotuta dauden ikerketa taldeak pixkanaka sendotzea errazten du. Ildo horretan, Ikerbasque fundazioak lan espezifikoa gauzatuko du, beste lurralde batzuetatik datozen ikertzaile bikainak kontratatzea azkartzea eta dinamizatzea ahalbidetuko duena, zientziako euskal sistemako hainbat eragiletan sartzearen bitartez, unibertsitate sistemako ikerketa taldeak bereziki nabarmenduz.