euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Odol-analisi baten bidez koloneko eta ondesteko minbizia detektatzeko diagnostiko-kit bat patentatu dute

Odolean dauden zenbait markatzaile genetikoren emaitzetan oinarrituta koloneko eta ondesteko minbizia detektatzeko aukera ematen duen diagnostiko-kit bat garatu dute.

2012/05/07  Odolean dauden zenbait markatzaile genetikoren emaitzetan oinarrituta koloneko eta ondesteko minbizia detektatzeko aukera ematen duen diagnostiko-kit bat garatu dute. Nazioartean patentatzeko bidean dagoen diagnostikorako metodo berri hori Gaiker-IK4 zentro teknologikoak UPV/EHUko Informatika Fakultateko Sistema Adimendunen Taldearekin, Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko Onkologia sailarekin eta BIOEF erakundearekin elkarlanean garatzen diharduen ikerketa baten emaitza da.

Koloneko eta ondesteko minbizia minbizirik erasokorrenetako bat da, batik bat gaixoak ez duelako sintomarik nabaritzen haren hasierako faseetan. Azken urteotan, gorozkietan dagoen odola hautematen duen FOBT (Faecal Occult Blood Test) izeneko testa egiten zaie oro har arrisku-taldean dauden pertsonei (50 urte baino gehiagoko pertsonak, familia-aurrekariak dituzten pertsonak...), gaixotasun horren detekzio goiztiarra errazteko. Dena den, test horrek errefusa sortzen du. Gainera, emaitzak direla eta kolonoskopia egitera nolabait bideratzen dituzten pertsonen % 65 positibo faltsuak dira. Metodo berriak % 2ra murriztuko luke ehuneko hori, bai bederen, ikerketaren aurretiazko emaitzak baieztatuz gero.

Proiektuko arduradunen aurreikuspenen arabera, markatzaile genetikoetan oinarritutako test horrek, merkaturatzean, gutxi gorabehera 150 euroko prezioa izan lezake. Horrenbestez, Osasun Publikoko arduradunek egungo FOBT testa baino garestiagoa baina diagnostikorako fidagarritasun handiagoa izango duen metodo bat izango dute eskura. Horrek ondoren aurrezki nabarmena suposatuko du. Izan ere, positibo faltsuen ondorioz egiten diren hainbat kolonoskopia saihestuko dira.

Kolonoskopiak 500 euro inguru balio ditu, eta, gainera, ez du onarpen handirik. Izan ere, oso desatsegina da eta prebentzio-kanpainen eraginkortasuna % 60koa baino txikiagoa da arrisku-taldeetan. Horrenbestez, ezin da masiboki erabili gaixotasunaren detekzio goiztiarra hobetzeko.

Detekzio goiztiarra ezinbestekoa da
Patentatze bidean dagoen test berria odol-analisi arrunt batean datza. Horrenbestez, gaixotasuna hasierako faseetan detektatzen eta koloneko eta ondesteko minbiziak eragiten dituen heriotza-tasak gutxitzen lagunduko du.

Proiektu horren hurrengo helburua da 200 pertsonako taldean orain arteko datuak egiaztatzea (% 50 osasuntsuak eta % 50 koloneko eta ondesteko minbizia dutenak). Emaitza horiek onak balira, testa 7.000 pertsonatan erabiltzeko egokituko litzateke, eta ondoren, enpresetara bideratu, betiere emaitzak gizartera helduko direla bermatuz.

Osasun Publikoaren ardura duten erakundeei dagokienez, metodo berri horren gastu/eraginkortasun erlazioa baieztatu ostean, metodo hori FOBT testaren osagarri izan liteke. Modu horretan, kolonoskopia-kopurua gutxituko litzateke eta koloneko eta ondesteko minbiziaren diagnostiko goiztiarra egiteko programen gastua % 60 merkatuko litzateke.
 

Irudi galeria

info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2024 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +