euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

GAIKER-IK4k garraio- eta itsasontzi-sektoreko material konpositeak birziklatzeko bide berri bati heldu dio

Material konpositeak (oso ohikoak garraio- eta itsasontzi-sektoreetan) gero eta gehiago erabiltzen dira Europan. Hori dela eta, Europar Batzordeak Eurecomp proiektua jarri du martxan, material horiek hondakindegietan pilatu ez daitezen, eta haien balio ekonomikoaren zati bat berreskura dadin.

2012/10/19  Zuntzarekin indartutako plastiko konpositeen merkatua urtean % 4,5 hazten da Europan. Izan ere, material hori —erresistentzia mekaniko handikoa eta oso arina—- gero eta gehiago erabiltzen dugu, eta, beraz, gero eta ugariagoa da gure hondakinen artean. Alde batetik, bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi diren ibilgailu, yate eta antzekoen hondakin konpositeak ditugu, eta, bestetik, Europako industriak urtero sortzen duen material kantitatea dugu, 1.000-1.200 kt bitarte; horietatik 40-45 kt/urte errefusari dagozkio. Hondakin horiek balio handiko lehengaiak dituzten arren, hondakindegietan geratzen dira normalean, birziklatzeko zailak baitira.

Bada, egoera horri aurre egiteko sortu zen EURECOMP proiektua, oraintxe amaitu berria. Proiektu horretan, GAIKER-IK4k, beste 13 entitaterekin batera, material horiek plastiko indartuen solbolisi-erreakzioaren bidez birziklatzeko prozesu bat landu du. Helburu hori lortzeak plastikoen industriari lagunduko lioke ez bakarrik europar araudiek jarritako birziklatze-helburuak betetzen baizik eta birziklatutako produktuen azken balioa handitzen ere.
 
Material termoplastikoek ez bezala, konposite termoegonkorrek egitura erretikulatua dute, eta ezin dira urtu produktu berriak egiteko. Horregatik dira hain zailak birziklatzen. Gaur egun, batez ere bi bide erabiltzen dira material horiek birzkiklatzeko: batetik, birziklatze mekanikoa eta, bestetik, erraustea. Lehenengoan oinarriko materialaren propietate gehienak galtzen dira, eta bigarrenean, energia bakarrik berreskuratzen da. Horregatik, badirudi solbolisia aukera interesgarria izan daitekeela.

Berrerabiltzeko aukera
Ikerketa honek (PlasticOmnium Auto Exterieur frantsesak gidatua) proposatutako birziklatze-prozesuaren oinarrian, ura disolbatzaile gisa erabiltzen duen despolimerizazio termokimikoko erreakzio bat dago. Prozesu hori bideratzeko, berariazko erreaktore bat diseinatu eta egin da; horren bidez, erretxina termoegonkorraren loturak hautsi daitezke, eta, hala, erretxina eta hura indartzeko gehitutako zuntzak bereiz daitezke.

Prozesuan eragina duten parametro nagusiak aztertuta (tenperatura, tratamendu-denbora eta hondakin-masaren eta uraren arteko erlazioa), ikusi da erretxina termoegonkorraren % 95eko despolimerizazioa lor daitekeela; horrek erakusten du prozesua eraginkorra dela, eta aukera ematen du birziklatutako produktuak berrerabiltzeko. Birziklatze-prozesuari esker, jatorrizko zuntzaren propietate mekanikoen % 65 dituen beira-zuntza berreskura daiteke batetik, eta, bestetik, balioa izan dezaketen produktu kimikoak erauz daitezke: azido bentzoikoa, bentzaldehidoa eta bentzeno azetaldehidoa, besteak beste.

Europako Batzordearen VII. Esparru Programak finantzatutako eta 2009an hasitako ikerketa honen ondorioek erakutsi dute solbolisi bidezko birziklatzea lagungarri izango zaiola plastiko konpositeen industriari ingurumen-eragina txikitzeko egiten duen ahaleginean, eta, gainera, birziklatze-mota horrek balio ekonomiko handiagoa emango diela produktu birziklatuei, lehiakorragoak eginez.
 
info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2024 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +