euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links

Iosu Zabala, Mondragon Unibertsitateko Errektorea

“Gure unibertsitate-ereduak enpresekiko eta zentro teknologikoekiko harreman estua eta konfiantzazkoa du euskarri" | iraila 2012

2012/09/27  
Iosu Zabala Mondragon Unibertsitatetako (MU) errektorearen ibilbide profesionala beti egon da lotuta kooperatibekin. Ingeniaria eta Elektronikan, Elektroteknian eta Automatikan Doktorea da Iosu Zabala. Garai batean, zenbait kargu izan zituen IKERLAN Zentro Teknologikoan, eta, gero, Fagor Etxetresnak Taldean jarraitu zuen, gerente karguan, gipuzkoar multinazional horretako bi negozio-eremutan.

2006. urtetik da Mondragon Unibertsitateko buru, eta, tarte horretan, MU-rentzat proiektu estrategikoak martxan jartzen jardun du, buru-belarri. Mondragon Unibertsitatea ekimen sozialeko eta irabazi asmorik gabeko unibertsitate pribatua da, Mondragon korporazioko kidea. Azken urteotan, haren hezkuntza-eskaintza eta ikasle-kopurua asko handitu da.

..................................................................................................................................................................................................................................
Zure lan-eskarmentutik begiratuta,  zer deritzozu unibertsitatea-zentro teknologikoak-enpresak triangeluari? Aldatzen ari al dira gauzak?
Oso argia da gure jarrera. Gizartearekin, enpresekin eta erakundeekin lotura estua du gure unibertsitateak, eta ikerketaren emaitzak transferitzen bikainak izateko asmoa dugu. Unibertsitatearen, enpresen eta zentro teknologikoen arteko lotura hori guretzat hain da garrantzitsua, ezen gure campus-kontzeptua geuk zuzenean sustatuko Berrikuntza Poloen kontzeptuari estuki lotuta baitago.Horren erakusle dira, besteak beste, Arrasateko GARAIA Berrikuntza Poloa, Oñatikoa, Goierrikoa, Bidasoakoa, Galarretakoa –Oronak sustatua– edo Donostiako Miramoneko Basque Culinary Center-a. Horiek denak garapen- eta umotze-prozesuan daude, bete-betean. “Campus-Poloak” plataformatan eratuta daude, non, gune fisiko berean, elkarrekin bizi diren unibertsitatea, zentro teknologikoak eta enpresetako I+Gko unitateak, eragile guztien arteko interakzio estua errazteko. Ikuspegi horri esker, batetik, oinarrizko ikerketaren helburuak askoz hobeki zehaztu eta findu daitezke, eta, bestetik, enpresen eta organizazioen epe motz, ertain eta luzeko beharrei erantzun eraginkorrago eta efektiboagoa eman dakieke. Eremu estrategiko horiek zehazteko, beharrezkoa dugu etorkizun hurbilagoko edo urrunagoko enpresa-sareak eta erakundeek beharko dituzten ikerketa-ildo horiek identifikatu, aurreikusi, erabaki eta horien alde egitea. Mondragon Unibertsitatean, Lankidetza I+T deitzen diogu ikerketari eta transferentziari buruzko ikuspegi horri. Produktuetara nahiz zerbitzuetara aplika daitekeen eredu bat da, Mondragon Unibertsitatearekin beren proiektuak eta estrategiak partekatzeko prest dauden enpresa eta erakundeetarako irekia eta eskuragarria, eta gure unibertsitatearen, enpresen eta zentro teknologikoen arteko harreman estuan eta konfiantzazkoan oinarritua.

Zure ustez, unibertsitate-eremuan, zer iritziz dago Zentro Teknologikoei buruz? Lankidetzat hartzen al zaituztete? Lehiakidetzat? Bai bata bai bestea, agian?
Aipatu berri dudanarengatik, Mondragon Unibertsitateak lankidetzat jotzen ditu zentro teknologikoak; are gehiago, lankide estrategikotzat. Izan ere, bikaintasunaren campustzat jotzeko bidean, gure unibertsitateak elkarren arteko proiektu bat aurkeztu zuen Ikerketa Zientifikoetarako Kontseilu Nagusiarekin (CSIC) eta IK4 Ikerketa Aliantzarekin batera, enpresa-sarera bideratutako ikerketa oinarrizkoaren transferentzian oinarritua.  Egungo egoera globalean lehiakorra izateko enpresek planteatzen dituzten egungo eta geroko beharrei erantzuna emateko balio-katean oinarritzen da eredua, eta, testuinguru horretan, uste dugu eredu hori izan daitekeela hoberena.

Zergatik lagundu zaie Basque Culinary Center-i edo Diseinu Berrikuntza Zentro berriari? Sektore batzuetan beste batzuetan baino handiagoa al da berrikuntza-premia?
“Beti eman behar da beste pauso bat. Bizkortasunaren adierazlea ez da irautea, berpiztea eta egokitzea baizik”. Jose Maria Arizmendiarreta Mondragon Korporazioaren sortzailearen hitz horiek gaur-gaurkoak dira, eta uste dut galdera horri erantzuten diotela, sektore guztietan aplika baitateke berrikuntza. Gu unibertsitate berritzailea gara, baina gure asmoa ez da ikaskuntza-metodologietan bakarrik egitea berrikuntzak. Jakintza-alor berrietan ere, berrikuntzak egiten ari gara, erabat berritzaileak diren gradu-titulu berriak sortzen eta abian jartzen ari gara, hala nola LEINN gradua (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) edo Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako gradua. Hori eta beste proiektu batzuk bat datoz, erabat, Mondragon Unibertsitatearen filosofiarekin: gure enpresen eta gure gizartearen beharrei erantzutea, baita haien aurretik joatea ere. Halaxe sortu zen Basque Culinary Center proiektua, Gastronomia Zientzietako Espainiako lehen Fakultatean martxan jartzeko. Gainera, I+G-ko zentro bati lotuta dago. Euskadiko eta Espainiako estatuko  erakundeen eta Euskadiko sukaldari ospetsuenen babesarekin sortu da hori, eta gastronomia-zientzietan nazioarteko erreferentzia bihurtzeko asmoa dugu. Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako gradua ere halaxe jarri genuen martxan. Ekintzaileak prestatzeko Espainiako gradu bakarra da. Diseinu Berrikuntzako Zentroa, bestalde, orain dela gutxi inauguratu da, eta, guretzat, mugarri oso garrantzitsua izan da, diseinuarekin 30 urtez lotuta egon eta gero. Gure diseinu industrialaren aldeko apustua erakusten du, gure enpresen berrikuntzarako eta lehiakortasunerako eragile funtsezkotza baita. 

Ekintzailetzarako bultzada da Mondragon Unibertsitatearen filosofiaren beste giltzarrietako bat. Enpresa-proiektu berriak abiarazteko prest ateratzen al dira gazteak unibertsitatetik?
Oro har, ez, eta horren erakusgarri da Espainian dagoen ekintzaile-opuru txikia, ozta-ozta iristen baita % 5era. Hausnarketa hori erabakigarria izan zen gure arreta Finlandian jartzeko, hango ekintzailetza-mailan, eta estatu guztian berritzailea den Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzako gradua (LEINN) abiarazteko (orain dela hiru urte). Gradu horretan, Finlandiako eredua hartu eta egokitu egin dugu. Gradu horrekin, gure gazteen ekintzailetza-prestakuntza sendotu egin nahi dugu, enpresa-proiektua martxan jartzen duten bitartean eta hezkuntza-prozesu guztian zehar haien ondoan egonez. Titulu berri horrek ekintzailetza berez hartzen du prestakuntzaren ardaztzat, beste titulazio batzuen espezializazio osagarritzat hartzen duen betiko joerak ez bezala. Ekainean aterako da merkatura lehen promozioa, eta, balantzea egiteko unea hura izango bada ere, aurrera dezagun oso pozik gaudela esperientziarekin. Gradu horretan, gainera, ikasleek lehen mailatik sortzen dituzte enpresak, egiazko diruarekin, baita egiazko porrotekin ere.

Gizarte-sareek, gure gizartean, komunikazio-ohiturak aldarazi egin dituzte, maila guztietan. Unibertsitatea nola egokitu da horretara, eta nola eragin dio komunikazio-bide berri horiek iritsi izanak, barne- zein kanpo-komunikazioari dagokienez?Mondragon Unibertsitatean barneratua dugu testuinguru teknologiko eta belaunaldikoan murgilduta gaudela, eta horrek egoera berri bat dakarkigula, oraingo pedagogia-ereduak berriz ere astinduko dituena. Onartu behar dugu gaur egungo ikasleak, edozein unibertsitatetakoak, "natibo digital puruak" direla. Hizkuntza digitalarekin jaioak dira denak: ordenagailuko jokoen hizkuntza, bideoena, Internetena, eta abarrena menderatzen dituzte.

“Natibo digitalak”, gaur egungo gazteak, ohituta daude informazioa oso azkar jasotzen; prozesuak eta lan paraleloak gustatzen zaizkie; grafikoak nahiago dituzte testua baino; zorizko sarreraknahiago dituzte; hobeki lan egiten dute sarean ari badira, berehalako satisfazioak behar dituzte, eta sariak, sarri. Azken batean, 2.0 kultura deritzona menderatzen dute, eta harekin bizi dira.

Datozen bost urteetako gure eredu berriak hori hartu behar du aintzat, bere nortasun-ikurretako bat hezkuntza-berrikuntza duen unibertsitate bat izaten jarraitu nahi badugu, beren ikaskuntza-prozesuetan azken pedagogia-berrikuntzak gehitzeko gai den unibertsitatea, gizartean zabalduta dagoen ikaskuntza-komunitate gisa eratzen dena, gela eta ingurune fisikoa gainditzen duena, era irekian, sarean eta ikasleen arteko eta ikasleen eta tutoreen arteko lankidetzaren bidez jakinduria ikasteko eta sortzeko gauza dena. Mendeberri 2.0 deitu diogu horri.
 
info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2024 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +