euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Mikrobio-jatorriko detergente berriak sortu dituzte Gaiker-IK4, A&B Laboratorios eta Guserbiot-ek

Osagai aktibo korrosiboak eta ingurumenerako kaltegarriak (polialkoholak, amonioak…) erabili izan ditu beti garbigarrien industriak

2014/07/09  Osagai aktibo korrosiboak eta ingurumenerako kaltegarriak (polialkoholak, amonioak…) erabili izan ditu beti garbigarrien industriak. Hori dela eta, gero eta gehiago murrizten da haien erabilera; industriak, berriz, gehiago zaindu behar du ingurumena, eta osagai horien ordezkoak bilatu. Sintesi kimikoaren bidez egiten diren produktuak bezain eraginkorrak izatea biologikoak, baina haien desabantailarik gabe,hori da helburua.

Testuinguru horretan, bada, egin du GAIKER-IK4 zentro teknologikoak I+G proiektu bat A&B Laboratorios de Biotecnología eta Guserbiot euskal enpresekin. Garbiketa-produktu industrialak eta osagai biologikoak egiten dituzte, hurrenez hurren, bi enpresa horiek, ingurumena zaintzeko estandar zorrotzekin biek ere. A&B Laboratoriosek Europako Ingurumen Saria jaso zuen ekainaren 5ean, "Garapen jasangarriaren aldeko kudeaketa" deritzon atalean. Europar Batasuneko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ematen du sari hori, jasangarritasun-politika aurreratuenak dituzten enpresen jarduera aintzatesteko.

Bi urte iraun du ikerketak, eta hau izan du helburu: detergente industrial berriak ekoizteko biosurfaktante mikrobiano berriak sortzea, surfaktante kimiko arriskutsuen alternatiba ekoeraginkor izan daitezen. Garapen bioteknologikoa eta ingurumen-alderdiak elkarrekin uztartu ditu proiektuak, bai produktu berrien diseinuan, bai biosurfaktanteen ekoizpen-prozesuan. Jasangarritasunaren araberako irizpideekin diseinatu da biosurfaktantearen ekoizpena; horretarako, elikagaien industriako azpiproduktuak erabili dira gehienbat (esne-gazura, melazak, sakarosa, zuntza...). Hazkuntza-ingurune merkeak dira guztiak ere, eta erraz ezabatzen dira, naturako florak naturalki degradatzen baititu.

Koipeak eta beste konposatu hidrofobo batzuk ezabatzeko produktu detergenteek ezinbestekoak dituzte agente surfaktanteak. Prozesu kimikoen bidez sintetizatu izan dira, orain arte, agente horiek. GAIKER-IK4ren I+Gko proiektu horren arduradunen asmoa zera da: mikroorganismo batzuek, elikagaiak eskuratzeko, surfaktanteak naturalki sintetizatzen dituztela aprobetxatzea eta produktu detergenteak egiteko baliatzea mikroorganismo horiek.

Zer mikroorganismo diren kultibatzeko egokienak zehaztea, horra ikerketaren lehen helburuetako bat. Lehenbizi, laginak hartu ziren zenbait ingurunetan (lekadunen sustraietatik, adibidez, edo makina-erreminten fabrikazio-prozesuan erabiltzen diren taladrinetatik, besteak beste); ondoren, proiekturako egokiak izan litezkeen 27 mikroorganismo-mota identifikatu ziren, eta, azkenik, koipeekin (oliba-olioa, olio minerala, gurina eta parafina) ondoen erreakzionatzen zuten biak hautatu ziren. Emaitza bikainak izan dituzte hautatutako bi mikroorganismoek biosurfaktanteen produkzioan, eta ekoizpen betean ari ziren hazkuntzari ekin eta handik 24 ordura.

Egun, enpresetako hazkuntza-bildumetan daude mikroorganismo horiek, eta A&B Laboratorios de Biotecnología enpresako zenbait produktu biologikotan erabiltzen dira bai mikroorganismoak, bai ekoizten dituzten biosurfaktanteak.
 

Irudi galeria

info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2024 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +