euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Albisteak

Case Study | Faes Farma-rekin batera lan egiten dugu antitumoral baten garapen preklinikoan

ONCOLÓGICA proiektuaren esparruan, tumoreen kontrako medikamentu berri bat aztertzeari ekin diogu genomikaren alorreko estrategien bidez, haren ekintza-mekanismoaren ezaugarriak zehazteko.

2013/05/28  
ONCOLÓGICA proiektua tamaina handiko I+G+B proiektu bat da, eta helburua da gai hauei buruz ikertzea: minbiziaren detekzioa, haren pronostikoa, medikamentu berrien garapena eta medikamentu horien erantzunaren iragarpena, biomarkatzaileetan oinarritutako estrategia berrien bidez. GAIKER Fundazioaren enpresa ugazaba den FAES FARMA SA enpresa farmazeutikoari botika berriak garatzen laguntzeko, hainbat azterketa egin ditugu ikerkuntza honen esparruan: in vitro genotoxikotasunari buruzkoak, tumoreen kontrako molekula bat aztertzeko, eta minbizi kolorrektalaren eta melanomaren zelula-lerroei buruzko genomikaren alorrekoak.
 
Hainbat ikerketatan erabili dugun antitumorala molekula liderra da
antitumoralak garatzeko FAES-FARMAren programaren barruan, eta aktibitate ona erakutsi du, hau da, eraginkorra da tumore-zelulak suntsitzeko.
 
Genotoxikotasunari buruzko ikerketen bidez —edozein medikamenturen garapenak hasierako faseetan behar duen in vitro garapen preklinikoaren zati bat da—, molekula antitumoral horrek material genetikoan kalteak eragiteko duen gaitasun erlatiboa balioztatu dugu. Ikerketa horietan, OECDren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) eskuliburuak eta Laborategiko Jardunbide Egokiak (LJE) erabili dira, molekula liderraren portaera aztertzeko. Emaitzek erakutsi dute aztertutako molekula "serie-burua" eta horren metabolitoak eta/edo ezpurutasunak ez direla genotoxikoak, hau da, ez dutela mutaziorik eragiten.

Antitumoralaren eraginkortasuna eta toxikotasuna aztertu ondoren, agentzia arautzaileek (EMA, FDA) tumoreen kontrako medikamentuaren jarduera-mekanismoei buruzko ebidentziak eskatzen dituzte. Ekintza-bide horiek argitzeko, GAIKER-IK4ko taldeak genomikaren alorreko azterketak egin ditu. Horien bidez, geneen adierazpena eta horrek tumoreen kontrako molekularen presentziaren arabera izan ditzakeen aldakuntza erlatiboen ezaugarriak zehaztu ditzakegu, genoma osoa (gene guztien multzoa) ebaluatuz. Antitumoralaren aurrean aktibitatea aldatzen duten (gene-adierazpena handitu edo txikitu egiten da) geneen kopuru diskretu bat identifikatu nahi da. Horretarako, lau zelula-lerro desberdin medikamentuaren eraginpean jarri dira: bi minbizi kolorrektalarenak eta bi melanomarenak (hau da, lerro bakoitza bat dator minbizi desberdin baten ereduarekin); izan ere, espero da antitumoralaren aurrean lerro bakoitzak desberdin erantzutea, dauzkaten mutazio desberdinen arabera.

Gene-adierazpenaren balioen analisi bioinformatikoaren aurretiazko emaitzak itxaropentsuak dira, eta patologia hauetan parte hartzen duten antitumoralaren ekintza-mekanismoen gakoak argitzen lagunduko dute.

GAIKER-IK4 erreferentziazko zentro teknologikoa da genomikaren alorrean, eta ikerkuntza-proiektu ugari garatu ditu diziplina horretan.

2009an hasi zen, CENIT proiektuaren burua PharmaMar SA konpainia da; proiektu horrek 17,44 milioi euroko aurrekontua izan du, eta diru hori erdibana jarri dute parte hartzen duten zortzi enpresa biofarmazeutikoek eta CDTIren medioz Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak. Era berean, ONCOLÓGICA proiektuan ere hogei erakunde inguruk hartu dute parte (ospitaleak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak), I+G+B jardueretan lagunduz.

info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2024 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +