Bilboko Udalak GAIKER-IK4 Zentro Teknologikoarekin eta Euskal Herriko Fluytec SA ingeniaritzarekin aritu da lankidetzan kutxatilak estaltzeko saretak composite material berri batekin garatzeko. Proiektu honen helburua da materiala dela-eta lapurretak egiteko erakargarriak ez diren saretak jartzea eta, era berean, mota horretako elementuek behar dituzten segurtasun, irisgarritasun eta mantentze-lanetako baldintzak edukitzea.
Erakunde biek (Gaiker-IK4 eta Fluytec SA) spin-off bat jarri dute abian G&F Special Composites Design, SL izenarekin, GAIKER-IK4 zentroak garatutako material berri honekin saretak egiteko. Bilboko Udala, bere aldetik, erakunde biekin elkarlanean aritu da prototipoak bete behar dituen zehaztasun teknikoak definitzen laguntzeko, besteak beste Udalak irisgarritasunaren arloan daukan araudia betetzeko.
Kutxatilak biltegi txikiak dira eta lurrazpiko kanalizazioak edo hodiak jasotzeko, lotzeko eta banatzeko erabiltzen dira; postontzi-itxurakoak –espaloian ahokatuta daudenean-, edo lur azalekoak – lur azpian doazenean- izan daitezke. Horrelakoetan, kutxatilek estalkia eduki behar dute gainean, batez ere istripuak saihesteko, eta ezaugarri tekniko jakinak bete behar dituzte, kutxatilaren kokalekuaren arabera(espaloia, errepidea, aeroportua...). Gaur egun lur azaleko kutxatilen estalkiak itsuak edota sareta-itxurakoak izan daitezke –konplexuagoak erresistentziari dagokionez, baina ateratzeko errazagoak, eta ura bideratzeko egokiak, euria eginez gero- eta gehienetan burdinurtuarekin edo hormigoiarekin egindakoak dira eta, ondorioz, arazo ugari izaten dituzte:
• Pisu handia dute eta, hortaz, nekeza da langileentzat estalkia kentzea, saneamendu-sareetara sartu beharra dutenean.
• Bandalismoak eragindako arazoak. Estalki berriak jartzearen kostuaz gain, estalkien lapurretek istripuak edo bestelako kalteak eragin ditzakete: trafikoa eten beharra, estalki berriak jartzeari lotutako gastuak: langileen orduak, udaltzainenak...
• Zarata; izan ere, estalkien piezak, denboraren joanarekin, ez dira ondo finkatuta geratzen lurzoruan eta ibilgailuek zarata egiten dute gainetik pasatzen direnean.
Bada, arazo horiei aurre egin nahian, Bilboko Udalak interesa agertu du berrikuntza baliatuz estalki berriak egiteko eta hortik sortu da Fluytec, S.A. eta GAIKER-IK4 enpresek garatutako I+D+i proiektu hau –aldez aurretik spin-off berria sortuta-. Hain zuzen ere, egiaztatu nahi dute bideragarria ote den composite materialez egindako kutxatila-estalkiak egitea, indarreko arautegia beteko dutenak eta oso garestiak izango ez direnak.
G&F, Special Composites Design, S.L. enpresak diseinu bereziko pieza eskaini du, aurre-inpregnatutako material termoegonkorrez egina eta beira-zuntzez indartua. Pieza horrek EN 124 (D400 mota) Europa mailako arauak eskatzen dituen prestazioak gainditzen ditu. Izan ere, composite horrekin egindako piezek Kantabriako Unibertsitateko Materialen Zientzien eta Teknologiaren Laborategiaren homologazioa lortu dute. Pieza horiek 40 tonara arteko pisua jasan dezateke eta ondorioz, egokiak dira edozein motatako bideetan erabiltzeko, zirkulazio arruntarekin eta handiarekin, hiribarruko eta hirien arteko bideetan, bazterbide egonkorretan eta era guztietako ibilgailuak aparkatzeko guneetan.
G&F, Special Composites Design, S.L. enpresak kutxatila-estalkiak datozen hileetan egiten hasteko asmoa dauka. Produktua arrakastatsua izango den ustea dute arduradunek, lehiakorra baita administrazioentzat.
Ildo horretan, estalki berri horiek probatzeko konpromisoa hartu du Udalak, euren eraginkortasuna lehenengoz Bilbon egiaztatzeko.