euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Gure elkarrizketatua

María Luisa Lucero, Basque Bioscience Cluster-eko Presidentea

"Kanpoko merkatuetara bideratu behar dugu gure ahalegina" | urria 2011

  
Maria Luisa Lucero, Euskadiko Biozientzien Clusterreko presidentea (Basque Bioscience Cluster), Faes Farma SAko I+Gko zuzendaria ere bada. Euskadiko enpresa farmazeutiko horrek —egun 45 herrialdetan dago eta GAIKER Fundazioaren kide da— 1933.urtean sortu zenetik bokazio berritzailea du, eta I+Grako 12 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izan zuen 2010eko ekitaldian.

Maria Luisa Lucero ingeniari tekniko industriala da, eta Prozesu eta Instalazio Kimikoen Kontrola espezialitatea du (Madrilgo Ingeniaritza Tekniko Industrialeko Eskola); halaber, Farmazian lizentziaduna da (Madrilgo Unibertsitate Konplutensea). 

..........................................................................................................................................................................................

Biozientzien sektoreak urtez urte gero eta bultzada handiagoa du Euskadin, eta zu buru zaren clusterrak 25 enpresa baino gehiago biltzen ditu. Sektorea handitzeko aukerarik ikusten duzu egungo egoera kontuan hartuta? Nola ikusten duzu etorkizun hurbila?
Cluster horretan elkartuta gauden enpresen taldea askotarikoa da, baina lotune argia dute: biologia-zientzietako alorretan ezagutza kudeatzea, garapen industrialetik abiatuta, onura ekonomikoa lortzeko. Hala, merkatu askotarako sarbidea dugu, adibidez: merkatu farmazeutikoa eta terapeutikoa, gailu medikoen eta fabrikazio-ekipoen merkatua, saiakuntza medikoen eta farmakologikoen laborategiak, nekazaritzako elikagaien sektorea, sektore bioteknologikoa, biomaterialena eta bioinformatikarena.

Hurrengo 5 urteetan, orain garatzen eta merkatuan sartzen ari garen teknologia horietako asko gure eguneroko bizitzan eragina izango duten errealitate bihurtuko dira. Horregatik, eta gure aplikazioak sektore askotarako direla kontuan hartuta -eta berriak direla kontuan hartuta-, nire ustez hazkunde nahiko handia izango du taldeak bere osotasunean.

Hala ere, kontuan hartu behar dugu zenbait merkaturekin, banan-banan aztertuta, zuhurragoak izan behar dugula hurrengo urteetan hazkundea izango dela esan ahal izateko -merkatu farmazeutiko / terapeutikoan, esaterako, muga handiak daude I+G alorrean inbertitutako dirua itzultzeko, prezioen erreformagatik eta aurten ezarritako osasun-politikarengatik-. Baliteke alor horietan hazkundea lortzeko negozio-lerro berriak ireki behar izatea.

Bestalde, egun pairatzen ari garen krisi ekonomiko global honen amaiera oraingoz ikusten ez denez, uste dut datorren urteko hazkunde-erritmoa mantsotu egingo dela, nahiz eta 2013rako bizkortzea aurreikusita dagoen, barne-merkatuak finkatzearen eta batez ere kanpokoak finkatzearen ondorioz. Hain zuzen, azken horietara bideratu behar ditugu gure ahaleginak.

Zure ustez, zein dira gure enpresasareak azken urteetan izan duen zabaltze bioteknologikoaren gakoak?
Arrazoiak puntu hauetan laburbildu daitezke:
- Bioteknologia sektore estrategikoa izan da, eta oraindik ere bada, munduan, duela hamarkada bat baino gehiago.
- Euskadiko industria tradizional nagusiak beherakada eta aldaketa handia izan ditu.
- Ongi kualifikatutako giza ahalmen izugarria dugu.
- Azkenik, eta besteak bezain garrantzitsua, Eusko Jaurlaritzaren apustua izan da, 2001n Biobasque Estrategia 2010 diseinatu baitzuen. Horren laguntzari esker sortu zen biozientziekin erlazionatutako enpresasektore berria.

Gaur egun, 70 enpresak baino gehiagok osatzen dute sektorea, eta, haietatik 27 ordezkatzen ditu ni presidente naizen clusterrak. Poliki hazteko helburua finkatu dugu, sektoreko gainerako enpresak barruan sartzeko, eta, hala, enpresa-sarea bere osotasunean ordezkatzeko.

Euskadiko enpresa bioteknologikoek jardueraren % 20 inguru I+G proiektuetara bideratzen dutela jakinda, zure ustez, zergatik da sektore hori beste batzuk baino sentikorragoa berrikuntzari dagokionez?
Kontuan hartuz gero sektorearen sorreraren gakoak eta bere jarduera ekonomikoa zer merkatutan garatzen duen, erraz uler daiteke zergatik den beharrezkoa etengabe berritzeaIa egunero birsortu behar den sektorea da, ezagutza berritu behar da eta berrikuntza hori zerbitzuen edo produktuen eskaintzan aplikatu. Gure enpresen lehiakortasuna berritzeko eta proiektuak epe aproposean gauzatzeko dugun gaitasunaren mende dago.

Zure ustez, zer funtzio bete beharko lukete bioteknologiako I+G alorrean jarduten duten zentro teknologikoek, sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzeko?
Zentro teknologikoek paper bikoitza dute: ezagutza sortzea garapen teknologikoari dagokion alderdian, eta, bestetik, enpresa-sarearekin lankidetzan aritzea, enpresa horien berrikuntzabeharrei doitutako ezagutza aplikatzeko. I+G proiektuak gauzatuz edo balio erantsi handiko zerbitzu teknologikoak emanez jarduten dute
ZTek.

Enpresen eta zentro teknologikoen “agendak” ezberdinak dira (funtzioak, finantziazioa eta abar), baina lerrokatu egin behar ditugu helburu berak lortzeko. Nire ustez, ZTen kooperazioa ezin da mugatu zerbitzuen eskaintza soilera; industriak behar dituen prozesu teknologikoetan berritzeko helburua izan beharko luke, industriari balio handiagoa emateko, eta, finean, haien lehiakortasuna areagotzeko. Hori lortzeko bidean, ezinbestekoa da elkar ongi ezagutzea.

Horrez gain, kontuan hartzen badugu enpresa bioteknologikoetako asko ETEak direla, gaitasun teknologikoa handitzeko behar handiagoa dute haiek. Horregatik, ZTek biozientzien industria-sektorean paper garrantzitsua izango dutela aurreikusten dut, epe laburrean (gure enpresetako askotan egindako bideari jarraituta), epe er tainean eta epe luzean.

Nola ikusten duzu 20 urte barru hemen izango dugun enpresa-sarea? Sektore tradizionalak alde batera uzten eta egun punta-puntakoak edo berriak diren sektoreak buru izaten ikusten dituzu?
Industria tradizionalak hazteko zailtasunak ditu, eta, horregatik, etorkizunean aldatu egingo da: industriak teknifikatuagoak izango dira, eta malgutasun handiagoa ekarriko dute beren negozio-ereduak aldatu eta etengabe berritzen den eredura moldatzeko. Horren eraginez, industria tradizionalaren zati batek egun berriak diren sektoreetan jardungo du; sektore berri horiek kontratazio-gaitasun txikiagoa dute langile-talde handiei dagokienez.

Nire ustez, sektore tradizionalek aldaketamotor gisa jokatu behar dute, eta teknologia eta ekipamendu aproposak ekarri behar dituzte sektore berrien hazkunderako; beraz, segituan izango dira sektore horien parte.

Gaur egun, industriaren eta negozioen mundua laua da, egunero ikus daitekeenez: konpainia baten egoitza herrialde batean egon daiteke, bulego komertzialak beste batean, eta ekoizpena azpikontratatuta izan dezake ekoizpen hori merkeagoa den herrialdeetan (egun, Indian eta Txinan, besteak beste). Ondorioz, nazioartekotzeko gaitasuna oinarrizkoa izango da sektore honetarako, eta bere lehen helburua ere bai.
Bestalde, gaur egun berritzat jotzen diren sektoreen gaia kontuan hartu behar da. Haietan, erronka zientifiko handiak daude, eta finantziazio-arazoak badaude ere, bai enpresek bai gizarteak bere osotasunean, sektore horren beharrak ulertu behar ditu. Horretarako, nire ustez, ezinbestekoa da I+G inbertsioa, bizi-kalitate hobea izateko osasun-gaietan, elikaduran, aisialdian eta abarretan. Horri esker lortuko da hain desiragarria den ekonomia jasangarria, hala behar duten sektoreetan enpresa-sare sendoa duena, enpresa horiek “tradizionalak” edo “berriak” diren kontuan izan gabe, eta merkatu guztiak izendapen bakarrean bilduta.
 
info:  Ana Erostarbe,  erostarbe@gaiker.es

© 2017 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapaEsteka interesgarriakErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +