euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links Home » Gaurkotasuna » Gure elkarrizketatua

Cristina Oyón, SPRI-ko ekimen estrategikoen arduraduna

"Eskualde berritzaile eta lehiakorren kategoria altuenean sartu nahi dugu" | otsaila 2013

  
 
 
Cristina Oyón Euskadiko SPRI sozietate publikoaren ekimen estrategikoen arduraduna da, eta, besteak beste, BIOBASQUE eta NANOBASQUE estrategien sustatzailea. Estrategia horien helburua da enpresetan biozientzien eta nanozientzien garapenari bide ematea, BIOBASQUE eta NANOBASQUE Agentzien bidez, hurrenez hurren.  
...................................................................................................................................................................................................................................
Zer kokapen du Euskadik nazioartean, sustatu nahi diren arlo estrategikoei dagokienez, eta, zehazki, Biobasque eta Nanobasque Agentzietatik sustatu nahi direnei dagokienez?
Ezagutza dibertsifikatzeko estrategia trinkoak nazioartekotzera bideratuta daude, diseinatu diren moduagatik; lantzen ditugun arloek nazioarteko merkatuan soilik dute zentzua, eta, horrenbestez, gure estrategien hiru garapen-ardatzek —enpresa, ezagutza sortzea eta sektorea dinamizatzea— Euskadi maila globalean kokatzeko lan egiten dute.
 
Biozientzien kasuan, Euskadi dagoeneko Europako Bioeskualdetzat hartzen dela esan dezakegu. Biobasque Agentzia Europako Bioeskualdeen Kontseiluko kide da, eta arlo horretan egiten dugun jarduera onartu zuen 2011n Europako Batzordeak, “Lehiakortasun ekonomikoa – ekonomia-aldaketa aurreratuz” kategorian EuroStar sariko finalista izendatuta. Enpresa-arloari dagokionez, sektorea gaztea bada ere, Basque Bioklusterrera atxikitako enpresen salmenten guztizkoaren % 16 atzerrian egiten da. Gure bioenpresek kanpora zabaltzeko nahia dute, eta hala erakusten du AEBko BIO azokako ICEX pabiloian enpresa-ordezkaritza finkoa izateak duela 7 urtetik.

Nanozientzien, mikroteknologien eta nanoteknologien kasuan, gure "nanounibertsoak” ia ehun enpresa ditu dagoeneko, hamabost industria-sektoretakoak, eta haien guztien ezaugarriak dira I+G jarduera bizia nahiz nazioartekotu nahia. Baieztapen hori berresten duen datu bat da Nanozientzien, Nanoteknologien, Materialen eta Ekoizpen Teknologia Berrien arloa dela 7. Esparru Programan parte-hartze eta itzulkin handienekoa, guztizkoari eta enpresa-arloari begira, eta Nanozientzien eta Nanoteknologiaren azpiarloak bigarren postu duina du: 14 partaide eta 14 milioi €-ko itzulkina 7. Esparru Programaren lehen fasean. Guk arlo horretan dugun sistemaren nazioarteko onarpenari dagokionez, nabarmendu nahiko nuke Europako Batzordeak bi ekimen lidertzat (datozen 10 urteetarako 1.000 milioi €-rekin hornitu ditu) aukeratu dituen proiektuetako batean, FET FLAGSHIP GRAPHENE proiektuan, Euskadiko 3 erakunde daudela 74 erakunderen artean: IC nanoGUNE, CIC energiGUNE eta Graphenea.
 
Zer onura nagusi ditu euskal gizartearentzat biozientziekin eta nanozientziekin erlazionatutako enpresa-jarduera berriei bide emateak?
Etorkizuneko erronka bat da gure enpresa-egitura ezagutzaren sektore trinkoetara dibertsifikatzea. Gure kokapenari eutsi eta gizarte aurreratutzat aurrera egin nahi badugu, balio erantsi handiko produktuak fabrikatu eta zerbitzuak emateko gaitasuna duen ekonomia-jarduera lehiakorra behar dugu ezinbestean. Euskadi, egun, oparotasun eta teknologia-sofistikazio ertaineko eskualdetzat hartzen du OCDEk. Biozientziak eta nanozientziak ezagutza eman dezaketen zientzia-diziplinak dira, eta ezagutza hori ongi transferitzea lortuz gero, gure industria-jardueraren bizitasun teknologikoa areagotu ahal izango dugu, eta abantaila lehiakor handiagoa lortu. Hala, knowledge hub bihurtu ahal izango gara, eta eskualde berritzaile eta lehiakorren kategoria altuenean sartu. Baina, hori lortzeko, beste arlo batzuetan ere garatu daiteke, eta garatu behar da, gure jardueraren sofistikazio handiagoa, gure jarduerak kohesioa behar baitu, eragin handiagoa izateko. Euskadik duela denbora batetik indar erlatibo garrantzitsua duela agertu duen arlo “tradizionalagoetan” ere lantzen da teknologia areagotzearen erronka; esaterako, energiaren eta fabrikazioaren arloetan. Energiari dagokionez, gure energia-politikaren eta gure enpresa handien indar eragilea erabiltzen saiatzen gara balio-kateak teknologiaren erabilera handiagora bideratzeko, eta, aldi berean, sortzen ari diren teknologia-arloak babesten ditugu; esaterako, itsas energia eta energia horien biltegiratzea. Biozientzien eta nanozientzien arloak babesten ditugun moduan babesten ditugu arlo hauek ere. Orain, enabling technologies deritzenak garatzeko fabrikazio-estrategia bat diseinatzen ari gara, arlo horiek guztiek balio erantsi handiko gaitasunak izan ditzaten.
 
Bi agentziak abian jarri zirenetik lotutako emaitzen artetik, zer nabarmenduko zenituzke?
Biozientzien aldeko apustuari dagokionez, nabarmendu beharrekoa da duela 10 urte estrategia formulatu genuenean zehaztutako helburua lortu dela: masa kritikoko bioklusterra izatea, ikerketan bikaintasuna duena, merkaturatzeko gaitasunarekin eta nazioarteko espazioan integratua. Guretzat, iazko irailean Bilbon Biospain 2012 ospatzea sektorearen jendaurreko aurkezpena izan zen. Eta ekitaldiak bikain jaso du Euskadiko Bioeskualdearen espiritua; ordezkaritza zabala izan zuen, arrakastatsua izan baitzen bertaratzeari dagokionez, eta erakundeen ordezkaritza, nazioartearen agerpena eta parte-hartzaileen gogobetetzea.

Nanozientziei, mikroteknologiei eta nanoteknologiei dagokienez, iruditzen zaigu gertaera garrantzitsua dela ehun enpresak txertatzea mikroteknologiak eta nanoteknologiak produktuaren garapenaren faseren batean, asko oraindik ere I+G fasean soilik dauden arren. Nabarmendu beharreko beste lorpen handi bat da, halaber, Nanobasque Agentzia pixkanaka-pixkanaka Euskadiko nanoteknologiaren elkartearen egiazko elementu nagusi gisa lortzen ari den kokapena, bai enpresa-ardatzari bai zientzia eta teknologiaren ardatzari dagokienez.
 
Zer eragin du testuinguru ekonomikoak krisiaren aurretik sortzen ari ziren biozientzien eta nanozientzien sektoreen alde egin zuten enpresengan?
Elkarrizketaren hasieran esan dugun moduan, gure enpresen ezaugarria da I+Gan inbertitzen dutela, eta nazioartekotuta daudela. Ezaugarri horiek erakutsi dute, oro har, krisi ekonomikoa hobeto gainditzen laguntzen dutela. Hala ere, eragina izan du testuinguru ekonomikoak, noski: zailagoa da saltzea, inbertsioak atzera egiten du, eta bi arloetan oraindik ere ez dago behar adina finkatuta jarduera, eta, horrenbestez, askoz ahulagoak gara.

Hala ere, oso datu positiboak jaso ditu Bioenpresen Espainiako Elkartearen ASEBIO 2011 txostenak, bioteknologiaren sektorea arlo guztietan hazten ari dela adierazi baitu: fakturazioan, lanpostuetan, I+Gan egiten diren inbertsioetan eta nazioartekotzean. 2008an, sektorearen negozioak BPGaren % 2,98 ziren; 2010ean, berriz, % 5,72.

Nanozientzien arloan, kosta egiten da enpresak mikroteknologiak eta nanoteknologiak txertatzeko fase aurreratuagoetan sartzea, baina gero eta gehiago dira I+Grako ditugun laguntza-programetan. Halaber, industria-sektore “tradizionalek” arlo horietara dibertsifikatzeko interes handiagoa dutela ikusten dugu. Aukeratzat lantzen dugu egoera hori.
 
SPRIren ustez, zer bilakaera izango du sektore horietako enpresa-garapenak etorkizunean, eta zer politika zehaztea aurreikusten da, garapen horri laguntzeko?
Biozientziei dagokienez, sektorea finkatzea da orain helburua, sistema egonkortzea. Sortutako enpresen kasuan, tentsioa mantendu behar dugu I+Gan, baina beste arlo batzuetara ere bideratu behar dugu babesa; esaterako, teknologia baliozkotzera eta merkaturatzera, eta, horrek, esan dugun moduan, nazioartea izan behar du jomuga. Sektorea hazteko ere lan egiten dugu, ekintzailetza babestuz. Zerbitzu-katalogo baten bidez antolatu, sistematizatu eta profesionalizatu nahi dugu ekintzailetza, inkubazio-espazioaren eskaintzatik askoz harago eginez.

Nanozientzien kasuan, I+G jardueran mikroteknologia eta nanoteknologien interesetik industria-eskalara jauzi egiten lagundu nahi diegu enpresei. Gaiker, Tekniker eta Tecnaliarekin batera definitzen ari garen Osasun, Segurtasun eta Ingurumeneko Lehiakortasun Zentroa funtsezkoa dugu produkzio-prozesuetan nanoteknologia modu seguruan txertatzeko lanean gure enpresei laguntzeko.

Bi kasuetan, inbertsio publikoaren eta pribatuaren artean oreka handiagoa lortzeko lan egiten dugu, eta helburua bi erronken jasangarritasuna da.
 
Zer funtzio dute zentro teknologikoek ekimen estrategiko horiek zabaltzean?
Zentro teknologikoek funtsezko funtzioa dute bi estrategia horiek zabaltzeko hiru ardatzetan:
- Ezagutza sortzeko ardatzean, elementu giltzarriak dira, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko gainerako eragileekin batera, gaitasun zientifiko-teknologikoz hornitzeko sistema, eta ezagutzaren oinarri finko bat sortzeko. Zentro teknologikoak dira arlo horien artean beharrezkoa den bat-etortze teknologikoa lortzeko eragile egokienak.
- Enpresa-garapenaren ardatzari dagokionez, ezagutza-transferentziarekin erlazionatutako zenbait funtzio betetzen dituzte zentro teknologikoek: hasi ekimenen ekintzailetza sustatzetik eta enpresei I+G jardueran ez ezik, teknologia frogatzeko eta baliozkotzeko eta industria-eskalaren faseetan ere laguntzeraino
- Dinamizazioaren ardatzari dagokionez, zuekin kontatzen dugu bi agentzien zeregina osatzeko alderdi batzuetan; esaterako, sistemako eragileen koordinazioan, jardueraren monitorizazio eta segimenduan, eta komunikazio- eta marketin-jardueretan.
 
info:  Ana Erostarbe,  erostarbe@gaiker.es

© 2017 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapaEsteka interesgarriakErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +