euskara | castellano | english
Foto de cabecera Home
Skip Navigation Links

Christa Sedlatschek, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziako Zuzendaria

"Lan-baldintza onak ezinbestekoak dira arrakasta ekonomikorako" | uztaila 2013

2013/07/24  
2011tik, Christa Sedlatschek EU-OSHA Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziako zuzendaria da; agentziak Bilbon du egoitza. Vienako Unibertsitateko Medikuntzan doktorea da, eta lan-osasunean espezialista. Austriako Lan eta Gizarte Gaien Ministerioan lan egina da aurretik, eta  Alemaniako Lan Segurtasun eta Higieneko Institutuko (BAuA) ikerketa-programen buru izan zen.
...................................................................................................................................................................................................................................
1. Nola baloratzen duzu enpresen bilakaera lan-arriskuen prebentzioaren arloari dagokionez? Arlo horretan, nabarmenak  dira Europako herrialdeen arteko aldeak?
Estatu kideen artean badira aldeak, jakina, baina, nire ustez, batez ere arazo komunak daude, Europa osoan errepikatzen direnak, eta Agentzia saiatzen ari da irtenbide eta erreminta komunak eskaintzen eta jardunbide onak trukatzen, herrialde guztietarako erabilgarriak izan daitezkeenak.

Gaur egun Europar Batasuneko herrialdeen artean dauden aldeetako batzuen arrazoien artean, badira kultura desberdinak eta lan-arriskuei aurre egiteko tradizio desberdinak ere. Baina gure proiektuak, hala nola Lan Osasungarrien kanpaina bera, behin eta berriro frogatzen digute herrialde guztiek behar dutela laguntzaren bat eta guztiek ikasten dutela guztietatik.

Oro har, esango nuke alde gehiago dagoela enpresen artean herrialdeen artean baino. Europan osoan, badira adibide onak eta ez hain onak. Ondo ari diren enpresek, berdin dio iparraldeko, hegoaldeko, ekialdeko edo mendebaldeko herrialde batekoak diren, beren negozioen kudeaketa orokorrean sartzen dute beren lan-arriskuen kudeaketa, eta beren langileei eta haien ordezkariei parte harrarazten diete arriskuen ebaluazioarekin hasi eta prebentzio-planetaraino.

2. Merkatuan material berriak etengabe agertzen ari dira, eta, azkenean, produktu berrien fabrikazioan sartzen dira. Zer dakar horrek, zehazki, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziarentzat?
Produktu berriek, hala nola nanomaterialak, aukera berriak eta liluragarriak sortzen dituzte arlo askotan; adibidez, gutxi batzuk aipatzearren, ingeniaritzan, informazioaren eta komunikazioaren teknologian, medikuntzan eta botikagintzan. Hala ere, propietate bereizgarriak ematen dizkieten ezaugarri horiek berek eragin negatiboa izan dezakete giza osasunean eta ingurumenean. Beharrezkoa da arriskuen azterketa egitea eta, arriskurik balego, esposiziopean dauden langileei behar bezala jakinaraztea.

Gerta daiteke langileek nanomaterialekin kontaktua izatea produkzio-fasean. Hala ere, askoz langile gehiago gerta daitezke esposiziopean hornitze-katearen urratsetan, eta gerta liteke, gainera, ez jakitea nanomaterialekin kontaktuan daudenik. Ondorioz, oso litekeena da esposizioa saihesteko neurri nahikorik ez hartzea. Horregatik, oso garrantzitsua da enpresentzako eta langileentzako informazioa hobetzea, behar bezalako  babes-neurriak har ditzaten eta uler dezaten zalantza dagoenean "zuhurtziaren printzipioa" aplikatu behar dela.

3. Merkatuan nanoteknologiak eta nanomaterialak sartzeari dagokionez, nola baloratzen duzu haien erabilera segurua sakontzeari begirako ahaleginak, hala nola EHS Advance ekimena?
Irmoki babesten dugu ekimen horri, nanomaterialek izan ditzaketen arriskuei modu integralean heltzen dielako, ingurumen-, segurtasun- eta osasun-alderdiei ekiten baitie eta arlo horretako politikak, arauak eta ikerketa enpresentzako informazio praktiko eta laguntza bihurtuta itzultzen baititu. Gure ustez, horrelako ekimenak oso garrantzitsuak dira enpresei beharrezko informazio, laguntza eta erremintak emateko, nanoteknologiak modu seguruan gara eta txerta ditzaten beren prozesu eta produktuetan.

4. ¿Nola eragiten dio globalizazioak zuk zuzentzen duzun Agentziaren lanari? Eta krisiak?
Egia esateko, Agentziaren lana globalizazioaren kontzeptuari oso lotua egon da beti. Agentzia sortu zen Europar Batasunaren lan-munduan estatuen mugak lausotzen direlako eta estatu kideen eta enpresen artean gauza asko partekatu behar direlako: esperientziak, egiteko moduak, arauak, protokoloak, metodoak, ikerketa... eta horretantxe eman dezake gure Agentziak balio erantsi bat. Eta lankidetzan dihardugu Europaz kanpoko beste herrialde batzuekin eta nazioarteko erakundeekin, hala nola Lanaren Nazioarteko Erakundearekin (LANE), hain zuzen ere ezagutza eta jardunbide onak trukatzeko, lan-baldintzak maila globalean hobetzeko aukera izatearren.   

Bestalde, krisi ekonomikoaren efektuak jasaten ari gara orain. Enpresak, Europan, presio handia jasaten ari dira, diru publikoen murrizketak eragiten die, eta bizirik irauteko borrokatu behar dute.

Enpresa adimentsuek, hala ere, badakite garai zailetan ere garrantzitsua dela laneko segurtasuna eta osasuna sustatzen jarraitzea. Lehenago edo beranduago, egoera ekonomikoak hobera egingo du, eta enpresek langile kalifikatuak eta osasuntsuak beharko dituzte. Lan-baldintza onak ezinbestekoak dira arrakasta ekonomikorako. Beraz, enpresei bidaltzen diegun mezua zera da: ez pentsatu epe laburrean, baizik eta inbertitu pertsonetan eta pentsatu lehiakortasunean epe ertain eta luzean.

Konbentzituta nago laneko segurtasuna eta osasuna faktore giltzarria dela berreskuratze ekonomikorako, ez bakarrik herrialde honetan, baizik eta Europar Batasun osoan. Krisi-garai hauetan, eta batzuek kontrakoa badiote ere, lan-arriskuen prebentzioan inbertitzea erantzunik onena da, inoiz baino gehiago, Europako enpresen lehiakortasuna, produktibitatea, jasangarritasuna eta hazkunde ekonomikoa hobetzeko.
 
5. Zure ustez, zer erronkari egin beharko dio aurre Agentziak hurrengo urteetan?
Agentziaren txosten berri batek oinarrizko lau esparrutan identifikatu ditu hurrengo urteetarako segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa-lehentasunak: aldaketa demografikoa; globalizazioa eta lan-munduaren bilakaera; teknologia seguru berriak; eta esposizio berria edo hazkorra agente kimiko eta biologikoekiko. Nabarmentzen du, halaber, garrantzitsua dela arriskuen komunikazioa eta ikerketaren emaitza lanpostuetarako konponbide praktikoetara transferitzea.

Bestalde, 2012, Agentziak adineko langileen laneko segurtasun eta osasunari buruzko proiektu pilotu baten prestalanei ekin zien. Proiektuaren helburua da Europa eta estatu mailako politikak eta estrategiak formulatzen laguntzea eta jardunbide onen adibideak ematea, adineko langileei laguntzeko beren lan-bizitzan kondizio osasungarritan jardun dezaten. Aurreikusita dago proiektua 2015 arte indarrean egotea.

EBko herrialde askok pentsioen erreformak egin dituzte azken urteotan. Hala ere, erretiro-adina atzeratzeak erretiro-aurreratzeak eta baliaezintasun-pentsioen eskaerak haztea saihesteko, neurriak hartu behar dira, batez ere lanpostuan, langileek aurreikusitako erretiro-adina izan arte osasun-egoera ahalik eta onenean lanean jarrai dezaten laguntzeko.

Agentziak 2012an egindako azterketa batek erakusten du EBko herritar gehien-gehienek uste dutela osasun onak eta segurtasun-neurriek eragin garrantzitsua dutela pertsonek lanean denbora luzeagoan jarraitu ahal izateko. Lanpostuan adina eraginkorki kudeatzea da giltza, lan-bizitzaren hasieratik, lan-segurtasuna eta -osasuna integratuz. Gaurko gazteak biharko adineko langileak dira.
 
Elkarrizketa honetan aipatutako proiektuei buruzko eta EU-OSHAren beste jarduera askori buruzko informazio gehiago, hemen: http://osha.europa.eu/es 
info:  Clara Bilbao,  bilbaoc@gaiker.es

© 2024 GAIKER Zentro Teknologikoa

Teknologia Parkea, Ed. 202. 48.170 Zamudio (Bizkaia)

T.: +34 94 6002323, F.: +34 94 6002324

Web-mapa ErabilerraztasunaPribatutasun politikaLege oharraCookien Politika

XHTML válido CSS válido Rss
Web honek cookie-ak erabiltzen ditu. Hona hemen eus/politica_cookie.aspx" style="color:#7FBA00">gure cookien politika. Nabigatzen jarraituz gero hauen erabilpena onartzen ari zara.
Cookien Politika +